Asteburuko proposamenak

Ohitura zaharrak berri

San Martin azokak abeltzaintzaren eta nekazaritzaren erakusleiho izango dira asteburuan. Euskal Herriko zenbait herritan egingo dituzte

Zegamako (Gipuzkoa) artisau eta nekazari azokan joan den urtean jarritako salmenta postu bat. AIMAR MAIZ/GOIERRIKO HITZA.
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Udazkenaren erdialdean ospatzen da San Martin eguna Euskal Herriko hainbat herritan, eta lotura estua dauka txerriarekin. Egun horretan egiten zen, hain zuzen, txerri boda. Animalia hiltzen zuten azaroan, negurako janari erreserbak edukitzeko. «Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna», esaten zuten Euskal Herriko hainbat lekutan.

Egun, jai giroa izaten da nagusi San Martin egunean, eta azokek herriko plazak betetzen dituzte nekazariek landutako produktuekin. Abereak erakusteko ere erabiltzen dituzte azokak abeltzainek. Nonahi topa daitezke txorizo nahiz saiheskiak.

Besteak beste, toki hauetan egingo dute azoka: Bizkaian, Ermuan, Foruan eta Bermeon; Gipuzkoan, Zegaman; Nafarroan,Urrotzen; eta Araban, Kanpezun. Batzuetan, azokaz gain, jaiak ere ospatzen dituzte. Horrela gertatzen da Foruan. Atzotik astelehenera bitarte, hainbat jarduera egingo dituzte herritarrek: idi probak eta nekazari azoka antolatu dituzte, eta txerri baten zozketa egingo dute azken egunean.

Zegamako azoka

Zegaman, berriz, astebeteko egitaraua antolatu dute. Gaur izango da egun handia. 09:00etan hasi, eta arratsaldera arte luzatuko da. Aizkorri-Aratz parke naturaleko XXI. Gazta Lehiaketa ere egingo dute hogei bat gaztagilek, eta eskualdeko abere erakusketa eta lehiaketa antolatu dituzte herritarrek. «Abeltzainek urtean egindako lana erakusten dute; beren ganaduari merezitako prestigioa emateko modu bat da. Gainera, gazta lehiaketaren maila altua da, bailaratik kanpo ospea duena», azaldu du Edurne Albizu udaleko antolatzaileak. «Umeek disfrutatzen dute gehien, animalia asko egoten baita».

Zegaman bezala, beste azoketan ere abereak gertutik ikusteko aukera egongo da. Esaera zaharrari men eginez, txerririk ez da faltako San Martin egunean. Tokian tokiko janari dastatzeak ere egingo dituzte hainbat herritan. Adibidez, Foruan, kazolan egindako barraskiloak, eta Zegaman, berriz, Eusko Labela duten Tolosako babarrunak dastatuko dituzte.

Kanpezun ere San Martin eguna berezia izango da. Gaur goizeko egitaraua antolatu dute, 10:00etan hasita. Kalean, azoka, abere erakusketa eta musika egongo dira. Halere, jarduerarik garrantzitsuenak gastronomiarekin zerikusia izango du: Arabako mendialdeko produktuekin Dastamen Laborategia egingo dute, Slow Food Arabaren eskutik. Egitasmo horrek elikagaien prestakuntzan sakontzea du helburu; eta horrez gain, prestatzen diren produktuen jatorria ere kontuan hartzen dute.

San Martin azoka



Gaur, Zegaman (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizkaia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.