Lapurtarren deiadarra

Hiru urteko geldialdiaren ondotik, lapurtar gazteek Lapurtarren Biltzarra «berpiztuko» dute bihar, herri bazkaria eta karroen desfile mitikoa barne

2015eko Lapurtarren Biltzarreko karro bat. Hilabeteetako prestaketek ikusmin handia sortzen dute. BOB EDME.
Ainize Madariaga
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hiru urteko isiltasuna hautsiko du biharko Lapurtarren Biltzarrak, Uztaritzen (Lapurdi).

Bertrand Lapurdikoa ehortzi bazuten ere, Atharesa Lapurdikoak hartu du lekukoa, antolakuntza berriztua pertsonifikatuz. Umorez «berpiztu» dute hiru hamarkada baino gehiagoz ospatu izan den biltzarra. «Azken aldietan Bertrand Lapurdikoa baliatzen zuten; beraz, begi kliska bat egin nahi genien errateko gurea haien segida zela. Horregatik sortu dugu Terese Lapurdikoa, haren emaztea. Existitu zen, baina arramoldatu dugu jendeak uler dezan», zehaztu du Xabi Etxegarai antolatzaileak.

Helburu bikoitzak akuilatu du aurtengo aldia. Alde batetik, osagarri koiunturak kulturari ekarri ondorioei aitzi egiteko nahi izan dituzte musika taldeak ekarrarazi, «kultura berrabiatzeko». Bigarrenik, «lapurtarren identitatea berpiztea» dute xede. Izan ere, Etxegaraik ez baitu gehiago halakorik ikusten: «Bada kostaldekoa, barnealdekoa... baina ez egiazko lapurtar identitaterik; ez da existitzen. Beraz, elkartu eta harro bagara besta hortaz, erraiten ahalko dugu lapurtarrak garela eta hori maite dugula». Herria eta hizkuntza eman ditu aitzinerat, euskaldun guziei gomita eginez.

Berez, Lapurdiko biltzarrak hiriburu historikoan egiten ziren, Uztaritzen. Probintzia guziko herrietako ordezkariak biltzen ziren, herritarren mezuen garraiolari. Frantses iraultzak herritarren bozak isilarazi zituen arte. Historiari leial, antolatzaile gazteek zentzua berrezarri nahi izan diote besta egunari, herriengana joanez eta parte hartzea berriz ere zabalduz: «Ohartu ginen azken urteetan Lapurtarren Biltzarra ahultzen ari zela eta uztariztarren biltzarra bilakatu zela; ez gehiago lapurtarrena. Antolakuntzan saiatu gara Lapurdi osotik biltzen jendea. Uste dut ongi lortu dugula», azpimarratu du Etxegaraik. Alabaina, bertzeak bertze Angelu, Beskoitze, Kanbo, Uztaritze, Hiriburu eta Arrangoitzeko gaztez osatua da hogeiko talde antolatzailea.

Aniztasun horren isla izanen da karroen desfile mitikoa: bortz eta zortzi artean izanen dira. Horretarako, Lapurdiko herriak multzokatu dituzte, eta arduradun bat paratu bakoitzeko. 11:00etan abiatuko du eguna karro desfileak, gaitero, zigante eta bertsolariek lagundurik.

Segidan, 12:30ean mutxikoak dantzatzeko parada izanen da Lotako frontoian, Erdizka taldeak animaturik.

13:00etatik goiti, Xalbador kolegioaren aldeko kuskus bazkariaz gozatzen ahalko da, Kuxkuxtu taldeak alaiturik. Alta, aitzinetik erreserbatu behar da: (0033) 786-78 31 71 zenbakira deituz.

Bazkaldu ondotik, 17:00etan herri musikak abiatuko dira, eta 18:00etan Andoni Ollokiegi ariko da. Egunari bukaera emanen dio Astobaba taldeak, 20:00etan.

Lapurtarren biltzarra

Bihar, 11:00etatik aitzina, Uztaritzen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.