Garagardo aparretan

Garagardo azoka izanen da asteburuan Bilboko Euskalduna jauregian. Tokiko eta Europa osoko 70 garagardogilek hartuko dute parte

Langile bat garagardoa zerbitzatzen, artxiboko irudi batean. LA SALVE.
Iker Tubia.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bihar arte egongo da zabalik Bilbao Bizkaia Beer garagardo azoka. Bilbo garagardoaren hiriburu bihurtu nahi du azokak, eta tokiko zein Europa eta Amerikako 70 garagardogile bilduko ditu. La Salve garagardo enpresa eta Bartzelonako Beer Festival azoka dira antolatzaileak, eta zazpi euro balio du egun guzietarako erabili daitekeen sarrerak. Euskalduna jauregiko Hall Barria aretoan daude.

Garagardogintzari lotutako jardunaldiak egin zituzten atzo, baina azokak jarraituko du bihar iluntzera arte. Garagardo ekoizleen artean, Euskal Garagardoaren Elkarteari lotutako zenbait enpresaren produktuak izanen dira bertan. Bilkura, garagardogintzako profesionalei ez ezik, garagardoaren zaleei bideratua ere izanen da, beraz.

Bilboko garagardo azokak Europan sektoreak dituen joera berriak aztertu, ikertu eta zabaltzeko plataforma izan nahi du. Urteroko topaketa izanen dela azaldu dute antolatzaileek. Pandemiak eragina izan du azokan ere, eta ezin izanen da nahi beste jende sartu; 4.000 lagun hartzeko asmoa dute antolatzaileek. Horregatik, sarrerak leihatilan baizik ezin dira erosi. Sarrerarekin batera poltsa «berezi» bat jasoko du bisitariak, kopa batekin eta opari batekin. Gainera, azokako bi garagardo dastatzeko aukera izanen du sarreraren erosleak.

Tokiko garagardoa

La Salve garagardogileak dira azokaren antolatzaileetako bat, eta, beraz, han izanen dira haien garagardoak ere. Haiekin batera, Euskal Herriko zenbait garagardogilek izanen dute lekua Euskalduna jauregian: Boga, Baias, Gar&Gar, Olañeta, Pagoa, Maiken Brewery, Txorierri Garagardoak, Laugar, Etxeandia, Bidassoa, Byra, Mala Gissona, Baga Biga, Drunken Bros., Basabe, Basquery, Baobeer, Tito Blas eta Garagart.

Garagardo motak ere askotarikoak izanen dira: 50 estiloko edariak eskainiko dituzte. «Originaltasunagatik» hauek azpimarratu dituzte: american IPA, barrel-aged belgian dark strong, blonde ale, chocolate bock, english IPA, fruit saison, golden ale, imperial IPA, alkoholik gabeko IPA, irish red ale, maple pancake breakfast stout, spicy smoked, vanilla milk stout eta winter ale.

Eduardo Saiz La Salve garagardogileen zuzendariak azaldu ditu azoka antolatzeko dituzten arrazoiak: «Kongresu hau Bilbora ekarrita, hiria dagokion tokian jarri nahi dugu». Haren produktuaren alde egin du: «Duela sei urte, La Salve garagardoa merkatura itzuli zen. Gure asmoa ez zen soilik Bilboko garagardoa merkatura ekartzea; bertako garagardogintza berreskuratu nahi genuen, 1970eko urteetan galdu baitzen, hemengo garagardogile guziek itxi edo enpresa saldu zutenean». Azoka antolatuta, garagardogintzaren aparrean nahi dute Bilbo.

Bilbao Bizkaia Beer

Gaur eta bihar, egun osoz, Bilboko Euskalduna jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.