Asteburuko proposamenak

Trukeak ardatz nagusi

Olentzero Baionara iritsiko da gaur goizean. Olentzero eta Mari Domingi kalean ibiliko dira musikariekin, baina ez dituzte argiak piztuko

Olentzero Baionara iristen, menditik jaitsi eta traineruan erreka zeharkartu ostean, artxiboko irudi batean. BOB EDME.
Olaia L. Garaialde.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Euriak gelditzen ez badu, Olentzero Baionara iritsiko da bihar. Menditik jaitsi, eta Errobi errekatik jaisten da normalean, baina, euritearen ondorioz, Espainiako atetik agertuko da aurten. Beraz, Ibaialdeko traineruak ez dira haren bila joanen aurten, Guillaume Irigoien antolakuntzako kideak azaldu duenez. Eguraldiak uzten badu, Olentzeroren eguna ospatuko dute bihar Baionan, 10:00etatik aurrera. 

Olentzero eta Mari Domingi kalean gora eta behera ibiliko dira soinularien laguntzaz. Eguraldiaren arabera, musikari batzuk edo beste egonen dira: «Ikastolako txaranga daukagu, txalapartariak, Baionako dultzaineroak eta, agian, joaldunak eta danbor jotzaileak ere bai».

Olentzerori harrera eginda, Eguberriko argiak piztekoa zen Mari Domingirekin batera, baina uholdeen ondorioz, bertan behera utzi dute. Irigoienek azpimarratu du eguneko momenturik «indartsuena», «azkarrena» eta «garrantzitsuena» izan ohi dela, normalean: «Horrek Olentzeroren mezua islatzen du; hau da, gaua luzatzen dela, eta gauak egunari gain hartzen diola». Horrez gain, Olentzero handik pasatu den seinale ere izan ohi da urtero.

COVID-19aren ondorioz, gauza batzuk bertan behera utzi behar izan dituzte: «Haurrek ez dute aukerarik izanen Olentzerori harrera egiteko eta harekin biltzeko, eta ez dira egongo kaleetatik kantatzen ibiltzen diren abesbatzak».

Euskara, herriarentzat

1974tik ospatzen dute Olentzeroren eguna Baionan. Haurrek eta Libe Goñik eraman zuten Olentzero hirira. «Geroztik modu batean edo bestean, beti egon da Olentzero», esan du Irigoienek. Haur asko egon arren, gaurko eguna haurrentzat izateaz gain, nagusientzat ere badela aldarrikatu dute: «Gure ustez, Olentzero adin guztietako jendearentzat da». Goiz ailegatzen da Baionara Olentzero, beste tokietan ez bezala. Bada arrazoirik: «Haur asko lehenago joaten ziren Baionatik, eta besta galtzen zuten».

Olentzerok Euskal Herriko kulturaren eta tradizioaren ardatz asko zeharkatzen dituela azpimarratu du Irigoienek: «Olentzero euskara da, eta Ipar Euskal Herriko gizartea euskalduntzeko modu izugarria». Horrez gain, bertako haur elebidunentzat «oso lagungarria» dela dio.

Euskal tradizioaren parte izateaz gain, «antikomertziala» ere badela nabarmendu du: «Asko zabaldu da Olentzerok opariak banatzen dituela, baina guk ez diogu horri heltzen. Olentzerok goxokiak ematen ditu marrazkien truke». Gainera, «naturarekin konektatzeko bidea» dela ere azpimarratu du: «Naturari oso lotuta dagoen pertsonaia da».

Olentzero



Bihar, 10:00etan, Baionako Espainiako atean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.