Manga baino gehiago

Gaur eta bihar, Mangamore jaialdia egingo da Zornotzan. Japoniako kulturan oinarritutako hitzaldiak, tailerrak eta txapelketak egingo dituzte

Kamisetak eta bestelako produktuak salgai Zornotzako Mangamore jaialdiaren aurreko aldi batean. MANGAMORE.
amaia igartua aristondo
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Edozein adineko publikoarentzat, are mangaren eta animearen zaleak ez direnentzat ere, mozorrotuta zein kaleko arroparekin bertaratu nahi dutenentzat: Zornotzako (Bizkaia) Mangamore Japoniako kulturaren inguruko jaialdia errotuta dago jada. Gaur eta bihar egingo da hamaseigarren aldiz, udalerriko hainbat tokitan, eta egitarau oparoa ondu dute: hitzaldiak, pelikulak eta ikastaroak eskainiko dituzte, youtuber sonatuak ikusteko aukera izango da, baita erosketak egitekoa ere, ekoizle asko batuko baitira. Haurrentzako ekintzak ere badaude: puzgarriak eta txu-txu trena, esaterako.

Bost eremutan banatuko dituzte jarduerak. Gune gorria japoniar areto bat izango da, Amorebieta IV frontoian kokatutakoa. Esaterako, gaur, 11:00etan, Garuna Effect zientzia ikuskizuna eskainiko dute, El Quinto Emperador eta Megamax youtuberrak ariko dira ondoren, eta kontzertuak egongo dira arratsaldean: Murasaki Taiko, Ruki Chan eta Behotsik orkestrarenak, hurrenez hurren. Bihar, 11:00etatik hasita, arte martzialen erakustaldi bat egongo da, eta arratsaldean, karaoke eta Asiako dantzen txapelketak.

Zelaieta zentroa gune berdea izango da: hitzaldiak emango dituzte bidaiatzeaz, ekialdeko zinemaz eta Japoniako protokoloaz, eta ikastaroak manga marrazketaz eta origamiaz. Horrez gain, egunero familientzako eskulan jarduerak antolatu dituzte Zelaieta zentroan, puzgarriak jarriko dituzte, eta txu-txu trena abiatuko da Gudari kaleko geltokitik. Sarreran, manga eta anime ginkana bat egongo da 11:00etan, eta softcombat txapelketa 12:00etan. Eta, bihar arte, Edu Herbosaren erakusketa bat ikusi ahalko da, arte digitalaz. Era berean, jaialdiko maskota, Ureshi, Zelaieta zentroan egongo da goizez eta arratsaldez, bisitariekin argazkiak ateratzeko.

Herriko plazan ipiniko dute gune horia, eta han bideojoko txapelketak, antzezlanak eta filmak ikusiko dira. Bihar, 17:00etatik aurrera, Totoro (1988) pelikula arrakastatsua proiektatuko dute euskaraz.

Erosteko tartea ere bai

Jarduera andana horien artean, erakusmahaiak ere kokatuko dituzte, hala begiratzeko nola erosteko. Gune morean eta urdinean izango dira ikusgai. Gaztetxokoan muntatuko dute gune morea. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da irekita bi egunetan, eta erakusmahai ez-komertzialak izango dira han. Elkarteak, artistak eta bestelako eragileak bilduko dira, eta haien sorkuntzak ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Zelaietako karpan egongo da, berriz, gune komertziala (urdina). Mangak, komikiak, eskulanak, bideojokoak eta bestelako produktuak eskuratu ahal izango dira, baita sushia eta hanburgesak ere.

Mangamore jaialdia

Gaur eta bihar, goizez eta arratsaldez, Zornotzan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.