Txokolatezko karrikak

Baionak Bere Txokolatea Ospatzen Du jaia egiten ari dira asteburuan. Ekitaldi historikoak, ludikoak eta pedagogikoak antolatu dituzte

Baionako txokolategile baten postua, artxiboko irudi batean. BOB EDME.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Badira lau mende Baionak eta txokolateak harremana dutela. Zenbaitek urre beltza ere izendatzen du hirian, duten lotura hertsiarengatik. Herriko etxeak eta Txokolatearen Akademiak elkarlanean sortu zuten Baionak Bere Txokolatea Ospatzen Du jaialdia, 2018an. Aurten ere, atzo hasi eta igandera bitarte, egitarau zabala antolatu dute: historia kontatzea du xede, hiri guztia biltzen duten ibilbideak eta dastaketak proposatuz.

Hiru egunez Baionako gertakari historiko nagusiak eta Baionako txokolategintzaren bilakaera zein izan den ezagutzeko parada egongo da. Baionako portuaren garrantzia azalduko dute ibilbidepedagogikoan: txokolatearen eta hiriaren arteko lotura bertan hasi baitzen. Espainiako inkisizioa juduak jazartzen ari zen XVI. mendean, eta, beraz, haizatuak izan ziren. Haietako askok Baionan atzeman zuten aterpe, Aturriren eskuin bazterrean, San Izpiritun. Garai hartan Baionatik kanpo zen. Hor hasi ziren lehendabiziko errezetak prestatzen eta lehen kakao bihia lantzen.

Elitearen jakia izaten hasi zena herri xehera igaro zen duela bi mende. Txokolatearen fama zabaldu zen, eta esportaziorako jaki bihurtu zen.

Aleak, esportatu aurretik, landu egin behar dira. Badu txokolate fabrika bat Baionak. Bertaratzeko ibilbide posible bat izan daiteke hurrengoa. Herriko etxeari bizkarra eman eta bi zubi zeharkatu behar dira: Mayou lehenbizi, eta Baiona Ttipian sartu aurretik, ezkerretara eginda, San Izpiritukoa gero. Behin Aturriren beste aldean, Alsazia-Lorrena bulebarra hartu besterik ez da egin behar, eskumatara eginez. Zuzen joanda, trenbidea gainetik igarotzen duen zubia begiztatzen da urrutira. Hori igaro, eta eraikinek industrialde tankera hartzen dute. Seinaleei adituz gero, galdu gabe, 500 metroko bidea dago atelierrera.

Bada txokolategile gehiago. Cazenave etxea, Daranatz, Chocolat Pascal eta Monsieur Txokolat, esaterako. Ibilbide historikotik at, probatu litezke txokolatea lantzeko etxe bakoitzak dituen manera ezberdinak.

Paseo ludiko, gastronomiko eta pedagogikoak eskaintzen ditu jaialdiaren programak. Baita tailerrak ere, haurrentzat batez ere. Txokolatezko eskulturak ere ikusi ahalko dira. Baionako Herriko Etxearen webgunean dago egitaraua. Sarrera batzuk libreak dira, eta ordainpeko batzuk ere badaude. Horietan aldez aurretik izena eman beharra dago. Horretarako bide azkarrena Txokolate Akademiaren webgunean sartzea da. Hor xehe-xehe azalduta dago eskaintza osoa.

Beste aukera bat ere badago: hiriko karrikak aurretiazko planifikaziorik gabe zeharkatzea. Animazio, erakustaldi eta postuak egongo baitira Baionako kaleetan zehar. Horiek sorpresaz topatzea izan liteke txokolatea dastatu eta ezagutzeko modua ere.

Baionako Txokolate Festa

Gaur eta bihar, egun osoan,

Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.