Babarrunak dantzan

Euskal jaiarekin batera ospatuko dute gaur Tolosan, jai giroan, Babarrunaren Festa. Hainbat lehiaketa antolatu dituzte

Bi pertsona jendeari babarrunak zerbitzatzen, Tolosako Babarrunaren festa batean. JON MIRANDA / TOLOSALDEKO ATARIA.
ane insausti barandiaran
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Lapikoak borborka eta babarrunak dantzan jarriko dituzte gaur Tolosan (Gipuzkoa), babarrunzaleen zorionerako. Izan ere, gaur ospatuko dute herriaren ikurretako bat bihurtu den Babarrunaren Festa. Azken urteetan bezala, Euskal Jaia ere egingo dute, gastronomia eta festa uztartuz.

Babarrun ekoizleen lanari balioa ematea da festaren helburua. Hain zuzen ere, «ezinbestekoak diren ekoizleak, elikadura kateko ardatz garrantzitsu diren azokagileak eta tokiko produktuak gizarteratzen dituzten sukaldariak» nabarmendu nahi dituzte antolatzaileek.

Ohi bezala, hainbat lehiaketa antolatu dituzte. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 27. Lehiaketa izango da martxan jarriko duten lehena. Trianguloan hasiko dira sukaldariak babarrunak kozinatzen, 06:30ean. Gainera, 09:00etatik 14:00etara, babarrunaren azoka berezia ipiniko dute leku berean.

Ekoizleen lehiaketaz gain,lehiaketa gastronomikoa ere egingo dute, Gure Kaiola elkarteak antolatuta, 34. aldiz. Alondegian egingo dute babarrun platerik onena aukeratzeko lehia. Aurreko urteetan, igandean egin ohi zuten, festaren hurrengo egunean, baina aurten egun berean egingo dute, gainerako eragileekin bat egiteko.

Guztira, 22 bikote arituko dira norgehiagokan, eta 08:00etan hasiko dira babarrun platerak prestatzen. Parte hartzaileek ekoizle beraren babarrunak kozinatuko dituzte: Sebas Gartziarena ekoizleen lehiaketako azken irabazlearenak, hain justu ere. 12:45ean egingo dituzte sari banaketak: lehenik, ekoizleen lehiaketako irabazleen berri emango dute, eta, ondoren, lehiaketa gastronomikokoen berri.

Elkartasunak ere izango du lekurik Babarrunaren Festan, Gure Kaiola elkarteak pintxo solidarioak salduko baititu, Alondegian. Senegalgo KelleSensa Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dute irabazitako dirua.

Horrez gain, babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, Babarrunaren Kofradiak dozenaka pintxo banatuko baititu Trianguloan. Eta, nola ez, herritarrek elkarte eta tabernetan babarrun jateak egingo dituzte, festan bete-betean murgiltzeko.

Lehiatik festara

Babarrunak alde batera utzita, musikak eta dantzak ere izango dute lekua Tolosan. Euskal jaia ere ospatuko dutenez, kalera baserritar jantziekin ateratzera dei egin dute antolatzaileek. Goizean, dantza ikuskizunek, kalejirek eta trikitilariek, eta erraldoi eta buruhandien konpartsek hartuko dituzte kaleak. Arratsaldean, berriz, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek eta txarangak girotuko dute herria. Eguna amaitzeko, Gozategi taldeak kontzertua emango du, 23:00etan, Plaza Berrian.

Tolosako Babarrunaren Festa

Gaur, 06:30etik aurrera, Tolosan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.