Ukeleleaz, irudimenez

'Euskelelea' ikuskizuna egingo dute etzi, Bilboko Arriaga antzokian. Ipuin kontaketa, musika, dantza eta irudiak uztartuko dituzte

Irrimarrako ilustratzaileek egin dituzte ikuskizunerako irudiak. IRRIMARRA.
Ane Insausti Barandiaran - Amaia Jimenez Larrea
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Lau sokako instrumentua da ukelelea, baina hamaika izen izan ditu tokiaren arabera: bizkaitarrek guitarrico izenarekin eraman omen zuten Bragako (Portugal) katedrala eraikitzera joan zirenean, eta, ondoren, beste hainbat tokitara zabaldu zen. Portugalen cavaquinho deitzen diote; Kanaria uharteetan, timple; Indonesian, kerengong; Brasilen, cavaquinho de Brasil... Hawaiin hartu zuen gaur egun gehien ezagutzen den izena.

Musika tresnaren istorioak «liluratu» egin zuen Enrike Solinis musikaria, eta, sorlekura itzultzean, Euskelelea izeneko ikuskizuna jarri zuen martxan, instrumentuak egindako bidaia jendeari ezagutarazteko helburuz. Etzi egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian.

Juan Kruz Igerabide idazleak sortu du ikuskizunaren ardatza izango den «kutsu magikodun»ipuina: «Behin batean ari omen ziren laminak pala batzuekin jolasean, Euskal Herriko baso magiko batean. Marik pala horietako bat hartu, barrutik hustu, eta lau soka josi omen zizkion: soka bat lurrarentzat, marroia; beste bat urarentzat, urdina; beste bat haizearentzat, gardena, eta beste bat suarentzat, gorria». Horrela sortu omen zen Euskelelea, urte batzuk geroago munduan zehar zabalduko zena, tokian tokiko izenekin.

Ipuin kontaketa musikatua izango da Euskelelea, eta musika Euskal Barrokensemble taldearen esku egongo da, Enrike Solinisen gidaritzapean. Taldeko hamar pertsona inguru igoko dira oholtzara. Horietaz gain, Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolako ikasleen Urraitz eta Lask abesbatzak ere arituko dira.

Dena den, beste hainbat diziplina ere baliatuko dituzte, ikuskizuna borobiltzeko: Onditz Esnaola eta Jurgi Errandonea dantzan arituko dira, eta Irrimarrako Karmele Gorroño eta Irene Gutierrezek prestatu dituzte koloretako ilustrazioak.

Azken batean, «material ekologikoz eta ekosistemaren errespetuz eraikitako pala itxurako ukelele modukoa» da Euskelelea, eta 3 urtetik gorako edonori zuzenduta dago, haur zein helduentzat baita egokia, antolatzaileen arabera. «Euskeleleak gure irudimena piztuko du, ikusleengan kantatzeko gogoa eta gozamena eraginez», adierazi dute ikuskizunaren egileek, ohar bidez.

Sarrerak

Sarrerak 15 euroan daude salgai, baina taldeek, gazteek, 65 urtetik gorakoek, langabeek, familia ugariek eta %33tik gorako desgaitasuna dutenek deskontuarekin erosi ahal izango dituzte. Horiek eskuratzeko, Arriagako leihatilara joan beharko dute, aurretiazko salmenta ordutegian. Bestela, antzokiaren webgunean erosi daitezke: www.teatroarriaga.eus-en.

'Euskelelea'



Etzi, 19:30ean, Bilboko Arriaga antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.