Asteburuko proposamenak

Nor garaile musean

Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatuko da gaur Baigorrin, eta zazpi lurraldeetako 128 bikote arituko dira jokoan, goizetik iluntzera arte.

Euskal Herriko Mus Txapelketa, Heletan (Nafarroa Beherea), 2014an. JULEN PASCUAL / IPARLA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatuko da gaur Baigorrin (Nafarroa Beherea). Hamahirugarren aldia izango da, eta goizeko bederatzietan egingo diete ongietorria lurraldeetako irabazleei, ordu erdi lehenago joateko deia egin badute ere antolatzaileek. 10:00etan hasiko dira mus jokoan, bazkalordura arte, 14:00ak arte, eta, arratsaldeko lauretan ekingo diote bigarren faseari. Partida guztiak amaitzean, 21:00etan izango da sari banaketa, eta orduan jakingo da nor den Euskal Herriko garailea.

Raul Gartzia da txapelketaren antolatzaileetako bat, eta adierazi du, orotara, 128 bikotek parte hartuko dutela finalean; beraz, 256 herritar arituko dira jokoan aldi berean. Hala ere, ez dute finalekoa izango lehen partida, aurrez kanporaketak jokatu dituztelako. «Lehenengo, auzoetakoak eta herrietakoak egiten dira, eta, parte hartzaile kopuruaren arabera, bikoteen zenbateko bat sailkatzen da herrialdeetako finalerako». Lurraldeetatik txapelketa nagusirako prozesua ere berberada: jokoan ari direnen arabera, hainbeste pasatzen dira, minimo batzuen pean. Hain justu, Gartziak zehaztu du lurralde bakoitzetik zortzi bikotek joan behar dutela gutxienez, Zuberoatik izan ezik: hor seikoa da minimoa, «oso txikia» delako. Bada, aurten, Nafarroatik eta Gipuzkoatik 32 bikotek parte hartuko dute—hori da gehiengoa, gainera—; Arabatik, Lapurditik eta Nafarroatik hamasei arituko dira; Bizkaitik, hamar; eta, Zuberoatik, sei.

Dena den, kezka apur batere badute antolatzaileek. Azkenekoz, eta izurritearengatik, 2020an egin zuten txapelketa hori, orduko finala 2022ko apirilaren 2an egin bada ere Leitzan (Nafarroa), baina nabaritu dute ordutik pixka bat jaitsi egin dela parte hartzea, beherakada handiagoa espero bazuten ere: 2.500 pertsona ingurutik bi milara jaitsi dira. «Halere, egia da ez dela horrenbeste ere».

Parte hartzaileei dagokienez, gehiengoa gizonezkoa eta adinekoa dela nabarmendu du Gartziak, «salbuespen» batzuk badauden arren, hala nola mutil gazteak eta emakumeak. «Jolasten dute, baina gabezia gehien andreengan dago; gizonezkoekin alderatuta, nabaria da».

Helburua ez da lehia

Gartziaren hitzetan, txapelketaren asmoa, lehia baino gehiago, bestelakoa da: «Zazpi herrialdeen arteko lotura dugu helburu, denok bat izatea, oso gutxitan sortzen baita aukera zazpietako jendea biltzeko eta jolasteko». Haren arabera, partidetan ohartzen dira hizkuntza ez ezik, ohiturak ere ezberdinak direla Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, baina uste du horrelako egitasmoek bide eman dezaketela bateratzeko. Are, gaineratu du, lehen ez bezala, Iparraldean gero eta indar handiagoa duela txapelketak.

Euskal Herriko Mus Txapelketa



Gaur, 09:00etatik aurrera, Baigorrin (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.