Jolasa ez da broma

Hazten jarraitzeko asmoarekin, Barakaldoko BECen egingo dute aurten Fun & Serious bideo-joko jaialdia. Europako topagunerik handiena da

Bideo jokoen munduan murgilduko dira milaka lagun Barakaldoko BECen. LUIS TEJIDO / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bideo jokoetan jolasteko ekitaldiek jende ugari erakarri ohi dute; baina, jolasteko aukera bakarrik eman beharrean, industria osoa ezagutzeko aukera ematen du Barakaldoko (Bizkaia) Fun & Serious jaialdi erraldoiak. Zortzigarren aldia du aurtengoa, eta Europako bideo jokoen jaialdirik handiena da egun. 25.000 parte hartzaile izan zituen iaz, eta, azpiegituran eta babesleetan emandako saltoarekin, ekitaldi eta bisitari gehiago jasotzea da aurtengo helburua.

Hazten ari da jaialdia, eta pauso nabarmena eman du aurten bide horretan: BEC Bilbao Exhibition Centren egingo dute. BBK babesle bilakatu da, eta horrek eman die hainbeste hazteko aukera. Gazte asko aritzen dira bideo jokoetan jolasean, eta haiengan «errespetua, tolerantzia eta laguntasuna» sustatzea da jaialdiaren asmoetako bat.

Agenda zabala dauka jaialdiak, eta aukera izango da formakuntzarako, elkartzeko, sorkuntzarako eta ekintzailetzarako. Industriaren alorrik profesionalenak ere landuko dituzte jaialdian, esperientzia handiko adituen hitzaldi eta topaketekin.

Gonbidatu berezia, Polonia

Interes handia pizten dute bideo jokoen jaialdiko VIT Talks eta Games Industry Forum (GIF) jarduerek ere. Parte hartzaileak industriaz ariko dira, bakoitza bere esparrutik: sorkuntzaz, soziologiaz eta negozioaz hitz egingo dute. Aurten ohorezko saria jasoko duten hiru profesionalek, esaterako, hitzaldi bana emango dute. Hauek dira: Fumito Ueda, besteak beste, ICO, Shadow of the Colossus eta The Last Guardian-en sortzailea; Brenda Romero, Rodero Gamesen sortzaileetako bat; eta Jade Raymond, Electronic Artseko presidenteorde ohia eta Assassin's Creed jokoaren ekoizlea.

Hitzaldiez gain, egongo da jolaserako aukera ere. BBK eSports gunean kirol jokoetarako gune handi bat egongo da: futbola, saskibaloia, 1 Formula eta Rocket League egongo dira. Egun modan dagoen Fortnite jokoak ere izango du lekua: harekin sekula egin den jolas gunerik handiena egingo dute, 100 posturekin. Manga gunea ere jarriko dute, Japoniako kulturako bitxikeria, cosplay, youtuber eta ikuskizun guztiekin. Errealitate birtualak eta teknologiak ere izango dute tokia.

Bideo jokoen azokaren antolatzaileek herrialdeak gonbidatzen dituzte jaialdira, eta Poloniatik jasoko dute aurtengo bisita. Bideo jokoaren industriarentzat hangoa da Europako merkatu garrantzitsuenetan zazpigarrena; kontsumoari dagokionez, potentzien atzetik dagoen arren, sekulako ekoizpena dauka Poloniak. CD Projekt, Techland eta 11 Bit Studios-en gisako estudioak daude herrialdean. Gainera, Polonia erreferentea da eSports ekitaldiak antolatzen, eta munduko Intel Extreme Masters garrantzitsuenetako bat egiten dute han.

Fun & Serious

Gaur eta bihar, egun osoan, Barakaldoko BECen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.