Bardoaren lorratzetan

Kantuz, kontuz eta doinuz betetako Gartxot Eguna ospatuko dute gaur eta bihar Itzaltzun. Elkorretako mendi ibilaldia egingo dute bihar

Gartxoten kobazulotik igarotzen den ibilaldia egiten dute urtero Gartxot Egunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gartxot bardoaren kondairako abestiek oihartzuna dute oraindik Itzaltzun (Nafarroa). Horren lekuko izango da herria gaur-biharretan, Gartxot Eguna ospatuko baitute haren jaioterrian. Gaur, festa giroa izango da nagusi, musikak, bertsoek eta jan-edanak girotuta. Bihar, ostera, Elkorreta mendiko ibilaldia egingo dute.

«Gartxot Egunak hiru helburu ditu: bardoaren kondaira zabaltzea, eta euskara eta auzolana bultzatzea», azaldu du Maite Aranburu Gartxot Ekimena elkarteko kideak. Elkarteak antolatzen ditu bardoaren omenezko urtarrileko ekitaldiak. Hain zuzen, neguan egiteak ere badu esanahi berezia: «Jendeari erakutsi nahi diogu zein gogorra den negua Itzaltzun; kondairaren eta bertan bizitzearen gogortasun hori islatzen du neguan egiteak».

Ibarreko herri batean ekingo diote itzaltzuarrek Gartxot Egunari, Ezkarozen: Josu Martinez zuzendariak Jainkoak ez dit barkatzen (2018) filma aurkeztuko du, gaur, 12:00etan. Hura izango da bardoaren herritik kanpo egingo duten jarduera bakarra. Ezkarozen nola, Itzaltzun ere izango da aurkezpenetarako tartea: Asisko Urmenetak AztiHitza liburu ilustratua aurkeztuko du, Anduña Ibaia elkartean, 13:45ean.

Herriak zabaldutako bidea

Aurkezpenez gain, jai giroa izango da nagusi Itzaltzun: otorduz, bertsoz eta musikaz beteta egongo da gaur herrian jarritako karpa. Goizaldeko ordu txikiak arte izango dute bertaratutakoek giroaz gozatzeko aukera. Toki askotako jendearen topagune bihurtuko da Itzaltzu, Aranburuk aurreratu duenez: «Oso modu xumean hasi ginen antolatzen, baina azken lauzpabost urteetan ikusi dugu Itzaltzuko eta ibarreko jendeaz gain Euskal Herri osoko jendea etortzen dela».

Bihar, berriz, ibilaldia egingo dute Elkorreta mendira. Besteak beste, Gartxoten kobazuloa bisitatuko dute bidean. Elkartearen ekimenez sortu zuten ibilbidea: «Elkarteak bazuen har bat: Elkorretarainoko bide hori prestatzea, edonork egiteko moduan jartzea: txukundu, markatu... Pare bat urte pasatu genituen horretan». Zailtasunak zailtasun, fruitua eman du ibilbideak: elkarteko kideak azaldu du Nafarroako Gobernuak ibilbide politenen zerrendan sartu duela, eta bisitari ugari izaten dituela.

Porrotx pailazoaren emanaldiarekin eta bazkari autogestionatuarekin amaituko dute bihar hamaikagarren Gartxot Eguna. Aranburuk antolatzaileen lana eskertu du: «Azken urteotan oso jende gutxiren gain egon dira ardura garrantzitsu asko, eta jendea parte hartzera deitu genuen. Herritarrek erantzun dute, eta hemezortzi laguneko taldea osatu dugu». Haien lanari esker, kondaira, euskara eta auzolana hauspotuko du egunotan Gartxot Ekimena elkarteak.

Gartxot Eguna

Gaur eta bihar, egun osoz, Itzaltzun (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.