Asteburuko proposamenak

Barazkiak, neguko izar

Neguko barazkiak izango dira nagusi Tuterako Inverdura egitasmoan, abenduaren 8ra arte. Tailerrak, bisitak eta hitzaldiak egongo dira

Neguko barazkiekin egin dute Inverdura egitasmoaren aurkezpena aste honetan. INVERDURA.
Nagore Arin.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Abenduaren 8ra bitartean, neguko barazkiz beteko dira Tuterako (Nafarroa) kale, txoko eta, batez ere, sukaldeko suak. Inverdura egitasmoa egingo dute, hots: neguko barazki gisa sailkatutako elikagaiak ezagutzera eramatea helburu duena. Hala, Erriberako hiriburuko jatetxeen menuen eta errezeten izarrak bihurtuko dira elikagai horiek, besteak beste: brokolia, kukulua, azalorea, zerba, kardua, orburua, txikoria, aza, potxa eta borraja.

Egitasmoaren zortzigarren aldia izango da, eta aurten ere eskaintza zabala antolatu dute: besteak beste, sukaldaritzari buruzko tailerrak, hitzaldiak, bisita gidatuak hirian barna, erraldoien konpartsekin irteerak, eta omenaldiak. Helduentzat soilik ezik, haurrei bideratuta ere prestatu dituzte hainbat jarduera.

Egitasmoaren xedea da neguko barazkiak ezagutaraztea, herritarrak ere produktu izar horien garrantziaz jabetzeko. Horretarako, gastronomiak, turismoak eta jaiak bat egingo dute egitasmoak irauten duen hiru asteetan. Tuterako 15 jatetxek parte hartuko dute: sasoiko barazkiz osaturiko menu eta errezetak emango dituzte. Gainera, Erriberako hiriburuko elkarte gastronomikoek ere parte hartuko dute: barazkiz eginiko pintxoak eskainiko dituzte.

Gastronomia eta musika

Atzo hasi zen, eta hiru aste iraungo du, baina gaur ere askotariko eskaintza izango da herrian. 11:30ean hasiko da eguna, herrian barna egingo duten ibilaldi historiko batekin. Hiru jauregi bisitatuko dituzte ibilbide horretan: prezioa hiru eurokoa izango da. Arratsean ere egingo dute bisita: 17:00etan. Iluntzean amaituko da eguna, 20:30ean: Intxaur-hauskailua antzerki obra egingo dute, Gaztanbide aretoan.

Bihar ere izango da zer egin: 10:00etatik 14:00etara Amimet lasterketa egingo dute. Izena momentuan bertan eman ahal izango dute lasterkariek: 4 urtetik gora izatea da parte hartu ahal izateko baldintza bakarra. Bost euroko kostua izango du izena emateak. Goizean, 11:30ean, larunbatean eginiko bisita egingo dute berriz ere.

Horrela, egunez egun egongo da zer egin Tuteran, abenduaren 8ra bitartean. Lehenengo astean, gainera, Erriberako pintxoaren lehen jardunaldiak ere antolatu dituzte: atzo hasi zen, eta hilaren 24ra arte iraungo du. Lehiaketa bat da, eta hamar tabernak parte hartuko dute.

Aurtengo berezitasuna gastronomia eta musika uztartuko dituen ekintza bat izango da: pintxoak jateko aukera izango dute hara biltzen direnek, baita zuzeneko musikaz gozatzeko parada ere. Pintxo horiek guztiak barazkiz eginik egongo dira, eta zazpi jatetxe eta tabernak egingo dituzte. Ekintza hori Abastos merkatuan izango da

Inverdura egitasmoa



Abenduaren 8ra bitartean,

Tuteran (Nafarroan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.