Asteburuko proposamenak

Sagarra, jaki baliotsua

Sagarraren ibilbidean bisita gidatu bat egingo dute Errezil Sagarraren Egunean, bihar. Sagarrez eginiko produktu ugari egongo dira azokan

Errezil sagarraren azoka, artxiboko irudi batean. UROLA KOSTAKO HITZA.
Nagore Arin.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Abenduko lehen igandean festa bat izan ohi dute errezildarrek (Gipuzkoa):Errezil Sagarraren Eguna izaten da, eta errezil sagarrari balioa emanez, azoka berezia antolatzen dute. Bihar ospatuko dute, sagar astearen egitarauaren barnean. Lau hilabete pasatu dituzte guztia prestatzen, eta lan horiek egiten aritu da Jone Irulegi herritarra. Sagar elkarteko eta sagar azokako kidea da Irulegi, eta nabarmendu duenez, «izugarria da Errezilek sagarrarekin duen lotura».

Jarduera andana antolatu dute biharko: «10:00etan hasiko da azoka, eta sagarrez eta sagastiz osaturiko postuak egongo dira». 14:00etara artean, errezil sagarra izango da osagai nagusia. Irulegiren arabera, errezil sagarra egongo da salgai, baita errezil sagarrekin eginiko gozoak ere: «Marmelada, irasagarra, sagar errea eta abar». Sagarraz gain, baina, egongo da bestelakorik: baserriko elikagai ugari, babarrunak, intxaurrak, porruak, gaztain erreak eta abar. «Sagar muztioa ere egingo da, herritarrek egin dituzten artisau produktuak jarriko ditugu, eta sagar dultze lehiaketa eta ardi gazta lehiaketa herrikoia ere egingo dira», azaldu du Irulegik.

Sagarraren ibilbidea

Jateaz eta erosteaz batera, izango da sagarraren historia ezagutzeko aukerarik. 11:00etan, sagarraren ibilbidea egingo dute, bisita baten formatuan. «Errezilen sagasti asko daude, bai zaharrak baitaberriak ere; sagasti asko dauden bailara bat da. Pentsatu genuen polita izan zitekeela sagastiak bertatik bertara ikusteko ibilbide bat egitea». Ordubete pasatxo iraungo du bisita gidatuak, eta ibilbidean panel informatiboak egongo dira: «Errezilgo historia eta sagarraren historia azaltzen da panel horietan, baita herriko kondaira batzuk ere. Gainera,eguraldiak apur bat laguntzen badu, Hernioko bista ikusgarriak ikusteko aukera ere izango da».

Errezil sagarra ezagutzera ematea eta produktuarekin egin litezkeen gauza ugariak jendeari erakustea da astearen helburua. «Urteak daramatzagu azoka hau antolatzen, hogei urte baino gehiago. Guretzat inportantea da. Hemengo jendea azoka askotan ibiltzen da sagarrak saltzen, baina jendeak badu ohitura Errezileraetorri eta errezil sagarra bertan erosteko. Polita izaten da», esan du antolatzaileak.

Herriaren izen berbera du sagar mota horrek, baina Irulegik esan duenez, errezildarrek beste modu batean deitzen diote: «Herrian ibarbi sagarra izenez deitzen zaio. Herritik kanpo, bestalde, errezil sagarra izenarekin ezagutzen dute». Errezilgo bailara baten izena da Ibarbi, eta hortik dator izendapena. Sagasti asko dituen bailara izanik, modu «berezian» bizi dute herritarrek sagarraren astea: «Guretzat pozgarria izaten da 10:00etan azoka ireki eta 10:30ean jendea biltzen ikustea:saskia eskuetan dutela, erosteko prest».

Errezil Sagarraren Eguna



Bihar, 10:00etatik 14:00etara,Errezilen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.