Zientzia

Gerriko minaren gerra

Lunbalgia erronka globala bihurtu da: azken 25 urteotan, %55 areagotu da arazo horren intzidentzia mundu osoan. Une oro, 540 milioi gizaki daude planetan gerriko minez. Zientziak ez du oraindik erantzun zuzenik, kausa ere ez dagoelako argi.

Angel Bidaurrazaga, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko anatomia irakaslea.
Angel Bidaurrazaga, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko anatomia irakaslea. ARITZ LOIOLA / @FOKU

Edu Lartzanguren -

2018ko urriak 19

Angel Bidaurrazagak bizkarezurraren plastikozko modelo bat du esku artean, EHUko Medikuntza Fakultatearen aurrean, Leioan (Bizkaia). «Osasun estatistiken arabera, bizkarreko mina da gaitzik arruntena lana uzteko orduan», azaldu du anatomia irakasleak.

The Lancet medikuntza aldizkariak txosten luze berezi bat eskaini dio gaiari aurten. Arazoak munduan sortzen duen kalteaz ohartarazi dute adituek horretan. Gerriko mina «erronka global handia» dela ondorioztatu dute. Handitzen ari den arazoa da, gainera. Gerriko min kasuak %55 areagotu ziren 1990etik 2015era munduan, eta, besteak beste, ekonomian kalte handia egiten ari da. Izan ere, batez ere lan egiteko adinean direnak kolpatzen ditu, eta asko areagotzen ari da garatzen ari diren herrialdeetan. 2015. urtean 540 milioi pertsona zeuden munduan gerriko minez, une oro, aldiberean. Europan, goiz harturiko erretiroen arrazoi nagusia da. Etorkizunean arazoa larriagotuko dela iragarri dute ikertzaileek.

«Ohikoena da esfortzu batengatik edo jarrera batengatik gertatzea bizkarreko min arin bat, analgesiko batekin beherala joango dena. Baina hiru egun baino gehiago irauten badu, profesional batengana joan behar duzu», esan du Bidaurrazagak. «Gure bizimoduaren fruitu normala da: ordu asko pasatzen ditugu eserita, jarrera txarrean, gidatzen... Horiek guztiek errazten dute min hori sortzea. Baina batez besteko adina igotzen joatea ere beste arrazoi bat da».



Halako kaltea eragiten duen gaitza izanda, nolatan ez du zientziak erantzun bat gerriko eta bizkarreko minarentzat? Mina kentzeko botikak etengabe garatzen ari direla erantzun du irakasleak, eta dagoeneko ari dira lanean exoeskeletoekin, pisuak jasotzea errazteko. Bitartean, ohiko aholkuak besterik ez ditu medikuntzak: «Jarrera onak edukitzea, fisikoki aktibo izatea, mugitzea, pisu gehiegi ez edukitzea...»

Ezin asmatu zergatik

Ana Lersundi traumatologoa da, hamalau urte daramatza bizkarrezurreko gaitzak tratatzen, eta horiekin loturiko ebakuntzak egiten, Donostia Ospitalean. Lersundik ikusten dituen kasuetatik %80 «inespezifikoak» dira, hau da, ez dagoela jakiterik zerk sortzen duen mina eta nondik datorren. «Beraz ez daukagu tratamendu zehatz bat jartzeko modurik». Nahiz eta ikerketa asko egin munduan, etiologia —jatorria— gehienetan ez dago argi.

Lersundik sumatzen du askotan, gerriko edo bizkarreko minez datozkion pertsonen kasuetan, «arazo psikosozial» asko egoten dela atzean. «Bideratzen zaila izaten da. Gure lana, min hori kroniko ez bihurtzea izaten da». AEBetako Zientzia Akademiako Pnas aldizkari ofizialak argitaraturiko ikerketa baten arabera, sei hilabete baino gehiago irauten duen lunbalgia baten kasuan, gaixoen %25 ez dira inoiz lehenera itzultzen. «Hori arazo mediko, sozial eta ekonomiko handia da».

Baina zergatik bihurtzen zaie kronikoa gerriko mina pertsona batzuei? Zaila da jakitea, Lersundiren aburuz. Hainbat ikerketen arabera, min kronikoek eta depresioak zerikusi handia dute garunaren barruko guneen estimulazioarekin. «Kronifikaturiko mina gaixoen bizitzako gauzarik garrantzitsuena bihurtzen da». Osasun positiboa kontzeptua garrantzitsua dela uste du Lersundik, gaixoak tratatzeko orduan. Aldaketa sozial, fisiko eta emozionalen aurrean moldatzeko eta norbere burua gobernatzeko trebezia gisa definitu du osasun positiboa Machteld Huber sendagile herbeheretarrak.



«Baldintza psikosozialetan lan handia egin behar da. Badirudi kronifikazio hori txikiagotzeko daukagun modu ona dela arazo horiek aztertzea, eta konpontzea». Osakidetzak 2009an argitaratu zuen Lunbalgiaren Gida-ren arabera, gaixoak «parte hartze handia» izan behar du tratamenduan. Izan ere, «ariketa fisikoa da gaur, tratamendurik onena, nahiz eta hori frogatzeko ebidentzia txikia izan», Lersundiren arabera. «Oso kasu gutxitan eskaintzen dugu ebakuntza, kirurgiak gutxitan laguntzen baitu».

Lunbalgia kronikoaren prebalentzia % 7,4koa da emakumeetan eta % 7,9koa gizonezkoetan. Osakidetzak bost urtetik behin egiten duen Euskal Osasun Inkestetaren arabera, urtean, biztanleriaren %10 sendagilearengana joaten da horrengatik. Euskal Herrian ere, lan gaixoaldien kausarik arruntena da, eta batez beste 17,6 egun irauten du.

Lehen lerroan

Garikoitz Aristegi gerriko minaren gerraren lehen lerroan dabil. Fisioterapeuta da, eta doktorea medikuntza prebentiboan. Eskoliosia zer den azaltzeko komiki bat egin du euskaraz, eta laster argitaratuko du.

Minaren gurpil zoroa aipatu du fisioterapeutak: «Minari zenbat eta garrantzi handiagoa eman, orduan eta kezka handiagoa, eta puskatzerik ez dagoen espiral batean sartzen gara». Arlo pedagogikoa sartzen da hor: pazienteari mina zer den, nola kudeatu eta horrekin zelan bizi irakatsi behar zaiola uste du Aristegik.

Kritika ere badu hainbat lankiderentzat. «Osasunaren profesional batzuek gaixoak sortzen dituzte, pazienteak tratatu beharrean», esan du. «Niri ezinezkoa zait jakitea pazientea nola egongo den hurrengo egunean, baina batzuek 40 saio egin behar dituztela esaten diete lehen egunean: kristalezko bola bat al daukate?».

Osasungintza publikoarekin ere kritikoa da Aristegi. Norbait lunbalgiarekin sendagilearengana joaten denean, lehen egunean pilula bat ematen diote, eta horrekin «hiru aste irabazten dituzte, normalean lunbalgia bat berez desagertzen delako epe horretan». Minarekin jarraitzen badu, erradiografia bat edo erresonantzia batekin jarraituko dute, eta pare bat hilabete irabaziko dituzte. «Horrekin pertsona kronikotasun egoera batean sartzen dugu. Osasungintza publikoak zer eskaintzen dio? Farmakologia edo kirurgia. Ez dago besterik».

Salatu duenez, errehabilitazio zerbitzuak saturatuta daude, eta berandu ematen dituzte. Saioak ez dira egiten pazientearen egoeraren arabera, baizik eta administratiboki ezarritako egutegi finko bati jarraiki. «Fisoterapia asko garatu da pribatuan, publikoan ezer gutxi egiten delako».

Bidaurrazagak XXI. mendeko izurrite honen kostua du gogoan: «Luxu bat da 40-50 urteko pertsona bat gaixo agiriarekin egotea horregatik, ikusita bizi itxaropena 90 urtera doala». Gerrian dauka gizakiak grabitate zentroa, azaldu duenez. «Gure egitura fisikoa denbora guztian mugitzen ibiltzeko prestatuta dago. Baina 50 urtetik hona, jende gehienak ez du behar adina ariketarik egiten», esan du. «Gerriko mina da ordaintzen dugun zigorra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna