Gauaren defendatzaileak

Iruñeko Planetarioak 25 urte beteko ditu astronomia eta zientzia ezagutzak zabaltzen eta argi kutsaduraren aurka borrokatzen. Urteurrenarekin batera lortu dute tresneria digitalizatzea, eta erronka berriei heltzeko gogotsu daude.

Fernando Jauregi, Nieves Gordon eta Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko langileak, kupulan, izar proiektorea atzean dutela. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gaua egin da, eta jendea gora begira dago. Izarrak, planetak, asteroideak... Ederki ikusten dira denak han. Iruñean Planetarioa da izarrak ikusteko tokirik egokiena, hiriko argi kutsadurak aspaldi estali baitzuen gaueko zerua. Kupularen aretoan gaua egiten denean, ikusleak hunkitu egiten dira. Uaaa efektua da. Hala deitzen diote Planetarioko kideek. Harriturik, hori da ikusleei ateratzen zaiena: «Uaaaa».

Astelehenean 25 urte beteko dira Iruñeko Planetarioak ateak ireki zituenetik. 1988-1989 urteetan sortu zen proiektua, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmen baten bidez. Kultura ekitaldiak egiteko gune bat nahi zuten, baina Planetario bat izanen zen. 1991. urtean hasi ziren eraikina egiteko lanak, eta 1993an ireki zuten, aurreikusi baino beranduago. Orduz geroztik, milaka lagun igaro dira handik. Asko izarrak ikusteko asmoz, baina Iruñeko Planetarioa ez da soilik planetario bat. Dantza, musika, hitzaldiak, opera, denetariko erakusketak... Zientzia eta kultura gune bat da.

Hasierako lantaldea ia osorik mantendu da urte hauetan. Javier Armentia astrofisikaria 1990ean sartu zen; Nieves Gordon kazetaria, 1991n, eta Fernando Jauregi astrofisikaria, 1992an. Armentiak zuzentzen du Planetarioa, Gordonek darama komunikazio alorra, eta Jauregi arduratzen da, batik bat, ikus-entzunezko edukiez. Atzera begira jarri dira hirurak, 25 urte hauek aztertzeko.

«Dena egiteko zegoen». Jauregik azaldu duenez, inguruan ez zen horrelakorik. Europako eta Ameriketako planetarioei begiratzen zieten, baina hutsetik sortu behar izan zuten. «Interesgarria da, Nafarroan ez baitzegoen tradizio astronomikorik, ez ikasketa zehatzik, ez behatokirik edo elkarterik», gogoratu du Armentiak. Hala, Planetarioaren proiektuarekin batera, paraleloan, astronomia elkartea sortu zuten Iruñean. Gordonek dioenez, behin eta berriz probatuz eta huts eginez egin zuten aurrera: «Argi genuen zer egin nahi genuen, baziren beste adibide batzuk, baina zaila zen hori martxan jartzea eskura genituen baliabideekin».

Besteak eredu izan arren, Iruñekoak bazituen ezaugarri bereziak. Alde batetik, eskola kanpaina: «Gurea berezia da, guk asmatua, eta ezberdina besteekin alderaturik. Eskoletatik, ikasgeletatik eta curriculumetik oso hurbil dago, eta oso eskaintza zabala dugu», esan du Jauregik. Horrez gainera, ekoizpen propioa izan dute beti. Esne bidea izan zen lehenbiziko ekoizpena, Coruñako (Galizia) eta Madrilgo planetarioekin elkarlanean. «Oso berezia izan zen. Ekoizpen handinahia izan zen, eta abiada bizian egin behar genuen», esan du Armentiak. Garai hartan, egunak behar izaten ziren irudi bakar bat sortzeko. «Jo eta ke lanean, Fernandok ekoizpen erritmoa hamar aldiz bizkortu eta aurreratu zuen, inauguraziorako ailegatu behar genuelako». Egin zuten. Eta ondoren etorri ziren beste hamaika ekoizpen ere.

Lehenbiziko hori urte hartan Nafarroan gehien ikusi zen filma izan zen: 50.000 lagun inguru pasatu ziren urte osoan Planetariotik Esne bidea ikusteko. «Oscarra irabazi zuen Belle Époque filmari gailendu gintzaizkion. Baina guk ez dugu zenbakietan lehiatzen», kontatu du Armentiak. Ez dute baztertu 25. urteurrenaren harira proiekzio hura berreskuratzea.

Teknologiaren atzetik

Iruñean egiten zituzten filmak ez ziren planetarioan gelditzen. «Munduko toki askotara bidali ditugu», azaldu du Gordonek. Haien ekoizpenekin, bazuten arantzatxo bat, dena den: «Etsigarria zen beste planetario batzuetara joan, eta gure ekoizpenak hemen baino hobeki ikustea». Orain, egoera hori aldatu da, teknologia berritzeko aukera izan baitute. «Gure ekoizpen propioak duela hamar urtetik sortu ditugun kalitatean ikusteko aukera eman digu horrek, besteak beste», azaldu du Jauregik.

Teknologiarena da 25 urtean gehien aldatu den aferetako bat. Analogikoan hasi ziren, diapositibekin, eta digitalerako saltoa egin behar izan dute. Garai analogikoan gauza «harrigarriak» egiten zituztela onartu du Jauregik. «Gogoan dut, hasi ginenean, orain dugunarekin amesten genuela». Digitalera igarotzea ez da lan erraza izan planetarioentzat, aretoen ezaugarriengatik. Oso-oso ilunak dira, eta iluntasuna mantentzea ahalbidetzen duten proiektoreek baizik ez dute balio. «Horrek denbora gehigarria eskatu zuen», gogoratu du Jauregik. «Beste borroka bereizmenarena izan da», gehitu du Armentiak. Pantaila oso hurbil du ikusleak planetarioetan, zinema aretoekin alderaturik. «Hemen oso ongi ikusten da perfektua ez den edozer. Lanak oso fina izan behar du, eta horretan asko hobetu da teknologia digitalei esker».

Digitalizazioarekin hasi bezain pronto heldu zioten estandarizazioari. Lantaldeko kideek gogorarazi dute hor ere Iruñeko Planetarioak bere ekarpena egin zuela, eta «rol garrantzitsua» jokatu zutela. Planetario gehienek sistemak aldatu zituzten arren, Iruñean zaharrekin jarraitu behar izan zuten, egoera ekonomikoak baldintzaturik. Hala ere, baliabide eskasei ahalik eta zuku gehien ateratzen zieten.

Bada, dena den, erabat aldatuko ez den afera bat: izar proiektorea. «Gure harribitxia da», esan dute bertako langileek. «Hasieran oso harrigarria zen, eta oraindik ere bada. Gure izar proiektorea erabat ezberdina da gainerako tokietan ikusten direnekin alderaturik; beraz, jendeak selfie bat egin nahi izaten du harekin», esan du Jauregik. Azaldu duenez, horrelako proiektoreek 30 eta 40 urte inguru iraun dezakete, ongi zainduz gero. Digitalerako saltoari esker, proiektore hori gutxiago erabiliko dute, eta beste 25 urtez irautea espero dute. «Jendea ez dadila kezkatu: hemen egonen da etortzen diren hurrengoan ere», ohartarazi du Gordonek.

Bada Iruñeko Planetarioa berezi egiten duen beste afera bat: Iruñekoa ez da soilik planetario bat. «Totum revolutum bihurtu zen, denetarik egiten genuen», gogoratu du Gordonek. Tartean, baita Prado museoko erakusketa bat ere, besteak beste. Iruñean, duela 25 urte, ez zegoen kultura zentro askorik; beraz, Planetarioak ateak ireki zizkion jarduera askori. «Zientziari buruz hitz egiteko, gauza askoz hitz egiten ahal delako uste osoa izan dugu. Beraz, urte haietako lana oso zirraragarria izan zen, egunero zerbait berria egiten ari baikinen. Orain ere, ia egunero heltzen diogu lan berriren bati», azaldu du Armentiak. Iruñeko Planetarioan denetarik izan da, baita ezkontza bat ere.

Esan liteke Iruñearen zati dela Planetarioa. Armentiak gogora ekarri du behin Twitterren iruindar petoa izateko egin beharrekoak txiokatzen aritu zirela. Tartean, hau: «Iruñekoa zarela esan dezakezu Planetariotik hiru aldiz pasatu zarelarik». Harro dago, belaunaldi batzuk zenbaitetan izan baitira han; eskolari esker, besteak beste. Ez hori bakarrik, lehen, astronomiari buruzko albisteak handik ateratzen ziren. «Gaur egun, sare sozialen bidez zabaltzen dira, baina, lehen, ez zegoen halakorik, eta berehala bihurtu ginen zientzia kulturaren foku. Zientziaren munduan zerbait gertatzen zenean, guregana jotzen zuten».

Baina, seguruenik, ekarpenik garrantzitsuenetako bat argi kutsaduraren kontrako borroka izan da. «Mundu guziak astronomia oso gauza polita zela ikusten zuen bitartean, udalek farolez josten zituzten kaleak, gaua ezkutatuz», salatu du Armentiak. Horren aurrean, haiek gaua defendatzen dute. Jauregik gogoan izan du Nafarroako Parlamentuan esan ziotena: haitzuloetara itzuli nahi zutela. «Ez dugu haitzuloetara itzuli nahi; kontrara, haitzulotik atera nahi dugu. Hiriak ongi argiztatzea ez baita zerua argiztatzea». Bide luzea dute ibiltzeko, baina ez dute etsiko: «Argi kutsaduraren kontrako borrokan hasieratik aritu gara, eta horretan jarraituko dugu hemen gauden bitartean, gure soldataren eta DNAren parte baita».

Erabat egonkortu nahian

25 urtean bizipen anitz bildu dituzte proiektuan aritu direnek. 1999an, Espainiako telebista publikoak eguzki eklipse batekin ireki zuen albistegia, Iruñeko irudiekin, Jauregik gogoratu duenez: «Garai hartan, Iruñean gertatzen ziren beste afera batzuek irekitzen zituzten Espainiako albistegiak, eta, behingoagatik, beste albiste bat zen, positiboa eta zientziari lotua». Armentiak Rosetta zundaren seinalearen esperoan egon zirenekoa du gogoan: «Ehunka milioi kilometrora pasatzen ari zen zerbait ikusteko bildu ginen. Hunkigarria izan zen». Noski, istorio gehiago izan dituzte ahotan.

Atzera begiratzeko balio dute urteurrenek, baina aurrera ere begiratu beharra dago. Oraindik badira arazoak, proiektua erabat errotzea galarazten dutenak. «Krisiek ederki jo gaituzte, finantzaketa publikoaren zati bat galdu baitugu; bestelako baliabideak bilatu behar izan ditugu», azaldu du Armentiak. «Hori dela eta, Planetarioa ia egunero berrasmatzen ibili gara».

Haren ustez, proiektua ez litzateke urtero justifikatu beharko; luzerako apustua behar lukeela izan, alegia. «Ongi goaz, baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den». Gordonen ustez, proiektuaren errentagarritasuna ezin da eurotan neurtu. Erronka bikoitza dute, beraz: gaua defendatu eta proiektua erabat egonkortu. Jauregi: «Tinko sendoturik gaude gure betiko hari ahulean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.