Loti ederra noiz iratzarriko zain

Neguko hilabeteetan eguzki argi gutxi izaten da zirkulu polar artikoaren gainetik dauden latitudeetan. Alaskako Utqiagvik herriak, esaterako, 50 egun baino gehiago daramatza iluntasunean. Ipar hemisferioko herritarrak ohituak daude beren errutina berezi eta hotzetara.
Gau polarrak zeruan bestelako fenomenoak ikusteko aukera ematen du: aurorak, kasurako.
Gau polarrak zeruan bestelako fenomenoak ikusteko aukera ematen du: aurorak, kasurako. BERRIA

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko urtarrilak 15
Iratzargailuak goizero jo arren, eguna ez da egunero esnatzen Lur planetako puntu guztietan. Eguzkiari ezkutaketan ibiltzea gustatzen zaio sarri, eta lurraren ardatza eguzkiarekiko perpendikularra ez izateak eragin nabarmena du horretan, adituek diotenez. Herri eta hiriburuetako kaleek, baina, beren tokian jarraitzen dute, jendearen bizitzak aurrera egiten du, eta argi faltak ez ditu herritarren errutinak gelditzen.

Alaskako Utqiagvik herrian, datorren asteazkenean, urtarrilaren 23an espero da lehen aldiz eguzki argia ikusi ahal izatea 65 egunen buruan. Joan den azaroaren 18an ikusi zuten azkenekoz eguzkia hango herritarrek; ordubete eta lau minutu eskas iraun zuen egun hartan eguzki argiak, hain zuzen, eta ostertzaren azpian ezkutatu zen gero; ordutik ez dute berriz ikusi izarra. Gau polarra fenomenoaren adibidea da Ameriketako Estatu Batuetako iparraldeko punturik garaienetako batean dagoen herri horretan urtero gertatzen dena. Herriak lau mila biztanle ditu, eta zirkulu polar artikoaren lerrotik 515 kilometrora dago; aurrez Barrow izenez deitzen zitzaion.

Gau polarra lurraren zirkulu polarretatik gertuen dauden puntuetan gertatzen den fenomeno bat da. Jose Antonio Aranda Euskalmet meteorologia agentziako arduradunak azaldu duenez, eguzkia 24 orduz jarraian zerumuga azpian egoten denean gertatzen da gau polarra. Fenomeno horrek zenbait egun irauten du, eta Lurraren ardatzaren inklinazioarengatik gertatzen da. Zehazki, zirkulu polarreko inguruetan eta goiko latitudeetan gertatzen da. «Lurra inklinatuta dago, eta inklinazio hori aldatuz joan da mendeetan eta milurtekoetan. Egun, 23 gradu inguruan dago», azaldu du Arandak. Lurraren biratze norabidearen arabera, sabela erakusten dio Eguzkiari. Hori horrela, neguan eguzki ordu gehienak hego hemisferioan izaten dituzte. «Lurra poloetatik igarotzen den irudizko ardatz baten inguruan biraka dabilenez, tripa erakutsi, eta Lurraren burua edo ipar poloa ezkutatuta gelditzen da, eta ez du eguzki izpirik jasotzen». Ondorioz, toki horietan une oro, edo denbora luzez behintzat, gauez bizi dira. «Neguko hilabete hauetan etengabeko itzalean daude, zirkulu polar artikoaren gainetik bizi direlako, eta eguzkia ez da atera ere egiten». Udako solstizioan, aldiz, zirkulu polar artikoaren gainetik dauden eremuek egun osoz izaten dute eguzkia: 24 orduz.

Depresioaren eragile

Utqiagvik herrian gertatzen dena muturreko adibidea da. Gau polarra izaten den herri askotan ez dira aste eta egun osoak itzaletan igarotzen, eguzki izpirik jaso gabe. Europa iparraldeko herrialde askotan gertatzen da fenomenoa. Neguko hilabeteetan, urrian hasi eta martxora bitarte, eguzki argi askoz gozatzeko aukerarik ez dute izaten hango herritarrek. Angelika Sverdrup Norvegiako Alesund hirian bizi den psikologoak adierazi duenez, eguzki argiak eragin nabarmena du pertsonen aldartean. «Bizi naizen herrian, lanera sartzen garenean gaua izaten da, eta ateratzean ere bai, arratsaldeko laurak aldean; hortaz, argi artifiziala bakarrik gelditzen zaigu». Halaber, Sverdrupek ohartarazi du argi hori ez dela nahikoa garunerako. Horrez gain, aitortu du eguzki argi gutxi izateagatik sortutako depresioengatik artatu izan dituela pazienteak.

Tenperaturari dagokionez, ipar hemisferioko eguraldirik hotzenak otsail aldean izaten dira, Arandak azaldu duenez. «Hilabete hauetan, baina, ipar poloa ikaragarri hozten da, irradiaziorik ez duelako», gaineratu du. Normalean ere ez da toki beroa izaten, nahiz eta eguzkiak egun osoz jo. «Eguzkia oso inklinatuta dago, eta, ondorioz, izpiak zeharka iristen dira, energia gutxirekin. Energia hori, gainera, lurrazal zabalean banatzen da», esplikatu du Arandak.

Iluntasunari aurre

Alaskan eta Europa Iparraldean gau polarrari aurre egiteko konponbidea kaleko argia ahalik eta gehien aprobetxatzea dela adierazi du Sverdrupek. Hain zuzen ere, horrek harritu zuen Naima El Bani bilbotarra. Duela urtebete joan zen Norvegiako Tromso hirira, Artikoan itsasoen iraganeko zirkulazioak ikertzera, eta han bizi izan da urtebetez, doktorego tesia egin bitartean. «Eguraldi ona egiten duen egunetan eta argia irabazten hasten denean, urteko lehen hilabeteetan, oso zaila da laborategian edo bulegoetan jendea aurkitzea», azaldu du. «Administraziora joan behar baduzu, adibidez, ezinezkoa da arratsaldeko hirurak baino beranduago». Gaineratu du norvegiarrek beren ordutegiak eguzkia eta argitasuna pixka bat gehiago disfrutatzeko pentsatuta egiten dituztela.«Nolabait justifikatuta dago, ez baitituzte urtean halako egun asko izaten, eta ordu horiek beste egun batzuetan errekuperatzen dituzte». Han jaioak ez diren langileentzat, baina, batzuetan «frustragarria» ere izan daitekeela aitortu du. El Banik azaldu du Europa iparraldera iristean aldaketa nabarmenena jatorduen ordutegietan nabaritu zuela, bazkaldu eta afaltzean.

Eguzkitik jasotzen ez duten energia, D bitamina, pilula bidez hartu ohi dute Europa Iparraldeko herrialde askotan. El Banik azaldu duenez, Tromsonera joan aurretik Euskal Herriko medikuak esan bazion ere ez zuela hartu beharrik izango, «bertan nengoela odol analisiak egin nituenean energia falta nabari nuen; halaber, nire lankide guztiek hartzen zituzten», azaldu du. Errutinara ohitzea kosta egin zitzaion, eta arrain gibelaren olioz osatutako pilulak hartzen hasi zen, gabezia horri aurre egin eta energia gehiago izaten laguntzeko.

Bestelako energia iturriak

Sverdrupek, bestalde, eguzki argiaren espektro berdina duten lanparak erabiltzen ditu energia hori lortzeko. «Egunero erabiltzea gomendatzen da, ahal dela goizez eta ordu berean; argiak erritmo zirkadianoak aktibatzen ditu, eta hobeto sentiarazten zaitu; energia gehiagorekin igarotzen dituzu egunak», adierazi du psikologo norvegiarrak. El Banik ere probatu izan du noizbait. «Behin, ezagun bat lanpara horren azpian egon zen ordubetez, eta energia pila bat nabaritu nion ondoren, baina nik ez nuen ezer berezirik igarri». Norbere burua engainatzeko tresnak direla iruditzen zaio. El Banik gau polarrera egokitzeko bestelako tresnak erabili izan ditu Tromson bizi izan den urteetan: Waking up iratzargailua, esaterako. Iratzargailua pizten den momentuan, gutxika argitasuna ematen hasten da, eta buruak, nahigabe, kaleko argia dela pentsatzen du. «Nik Norvegian deskubritu nuen, baina orain ikusi dut Ingalaterran ere badagoela».

Pablo Cueva Bizkaiko Psikologoen elkargoko kidearen esanetan, gizakiengan hainbat gauzak eragiten dute; faktore batzuk ingurumenekoak dira, eta horien artean dago argia. Eguzki argi gutxi izateak serotonina eta melatonina asaldatzen ditu, eta horiek lotura estua dute loarekin eta gaubeilarekin. «Erabiltzen den denbora kontuan hartuta, lanpara berezi horiek, aldartearekin baino gehiago, D bitaminarekin dute zerikusia». Halaber, zenbait ikerketak erakutsi dute argi artifizialak intentsitate desberdinetan erabilita eragin zuzena duela lan erritmoan eta langileen animoan. «Eguzki argiak ez ezik, argi ez-naturalaren intentsitateak ere ondorioak ditu gizakien aktibazioan eta umorean».

El Baniren hitzetan, eguzki argi gabe bizitzea gogorra bada ere, dena ez da txarra. «Lanetik ateratzean aurora borealak ikusi ahal izatea ikaragarria da». Arandak azaldu du bi fenomenoek ez dutela zerikusirik elkarrekin, baina, zenbat eta argitasun gutxiago egon, orduan eta aukera handiagoa dago aurorak ikusteko. Aurorez gain, paisaiak egun batetik bestera nola aldatzen diren nabarmendu du El Banik. «Egun batean dena gris egon daiteke, eta hurrengoan, zuri». Halaber, elurrak argitasuna islatzen laguntzen du, eta, ikertzailearen arabera, gau polarraren ondorioz, argitasun berezi bat egoten da zeruan. «Kolore urdinekoa bezalakoa izaten da, ez da guztiz iluna».

Sverdrupek, bestalde, bizi osoa darama gau polarraren inguru horietan bizitzen, eta, harentzat, urteko egunik onenak beroa eta eguzkia egiten duen tokiren batera oporretan joatean igarotzen dituenak dira. «Norvegiarren artean Kanariar Uharteak [Espainia] oso leku ohikoa dira neguko oporrak igarotzera joateko; urte guztirako bateriak kargatzen ditugu han».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna