Ondare galaraziaren gibelean

Foie grasa saltzea debekatu dute Kalifornian (AEB), ahateek tratu txarrak jasaten dituztela argudiatuta. Frantzian, aldiz, kultur eta gastronomia ondarea da; Euskal Herrian ere hainbat plater preziatutako osagaia da ahate gibela. Iritzi kontrajarriak sortzen ditu gaiak.
<b>Foie grasa. </b>Ospakizunetako ohiko platera da zenbait herrialdetan, Baita Euskal Herrian ere.
Foie grasa. Ospakizunetako ohiko platera da zenbait herrialdetan, Baita Euskal Herrian ere. EYHARTZEA

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2019ko urtarrilak 22
Kito, marra gorria jarri dio Kaliforniak foie grasari; AEBetako Auzitegi Gorenak ahatetik eratorritako produktua saltzea debekatu zuen urtarrilaren 7an, animaliek tratu txarrak jasaten dituztela iritzita. Eguberrietako ospakizunak igaro berritan iritsi da erabakia, hainbatek ahate gibelarekin prestatuko platerak jan eta egun gutxira. Legeak eta gizalegeak, biek egiten dute talka foie grasaren gibelean.

«Foie grasa ekoizteko teknika bakarra gibel bat indarrean gaixotzean datza», adierazi du Maialen Saguesek, Nor Euskal Herriko Antiespezista taldeko kideak. Praktika hori da, hain zuzen, AEBetako Auzitegi Gorenaren erabakiaren funtsa; haren arabera, animaliak indarrez elikatzen dituzte gibela handitzeko. Horrenbestez, produktuaren ekoizleek jarritako helegitea baztertu du, eta epaitegietan hainbat urtez izandako gatazkari amaiera jarri dio: 2004an onartu zuten legea Kalifornian, eta 2012an jarri zuten indarrean. Haatik, helegiteak tarteko, indargabetuta ere egon da zenbaitetan.

Auzitara jo zuten ekoizleek Frantziakoen babesa jaso zuten, horiek euren herrialdeko tradizioaren aurkako erasotzat jo baitute legea. Izan ere, foie grasa kultur eta gastronomia ondarea da Frantzian. Saguesen ustez, onartezina da hori: «Ezin da justifikatu inolako tradiziorik biktimak tartean daudenean; ezin zaio ohitura bati eutsi ondorio horiek edukita».

Frantzia da ahate gibelaren munduko ekoizle nagusia, baita esportatzaile eta kontsumitzaile handiena ere. Urtean 20.000 tona foie gras baino gehiago ekoizten eta kontsumitzen da munduan. Frantzian ez ezik, Europako Batasunean ere beste lau herrialdetan soilik ekoizten da ahatetik eratorritako produktua: Espainian, Hungarian, Bulgarian eta Austrian. Herrialde kopuru urri hori, besteak beste, foie grasaren debekuaren ondorio da; izan ere, munduko hamabost herrialdek baino gehiagok dute galarazia produktua.

Ekoizle handien eragina

Euskal Herrian ere tradizio handia dute foie grasak eta ahate ekoizpenak: «Amikuze [Nafarroa Beherea] aldean, zerealak-eta dauden tokian, betidanik ekoitzi da ahatea. Baserri guztietan egoten ziren lehen», azaldu du Panpi Sainte Marie ELBko idazkari nagusiak. Domintxaine-Berroetako (Zuberoa) Eyhartzea haztegian ere hamarkada askotan aritu dira horretan; «Eguberrietan ekoitzi ditugu azkenak», azaldu du Jean Michel Berhok; errelebo faltagatik eten dute jarduna.

«Hemengo arraza bat genuen, Kriaxera ahate mandoa; foie grasa ematen du ahate horrek, eta haragia ere oso ona da».Urtean 3.700 ahate ekoizten zituzten Eyhartzean. «Guztia egiten genuen etxean: laborantza, ahateen hazkuntza, galkatzea, produktuen eraldaketa eta salmenta», azaldu du Berhok. Galkatzea esaten diote pertsona batek ahatea inbutu bidez elikatzeari. Lau hilabetez kanpoan hazitako ahate helduak etxeko artoarekin galkatzen zituzten, 15-17 egunez, foie grasa lortzeko.

Ekoizlearen iritziz, hegaztiak ez du sufritzen galkatzean: «Lana ondo egiten bada, ahateak ez du sufritzen. Ez du zintzur bat, guk bezala; mihia pasatu, eta poltsa gisako bat dute; hor gordetzen dute janaria». Bestelako iritzia du Saguesek: «Animalia bizidun bat nahita gaixotzea, lortzen den produktua gustatzen zaigulako, tratu txarra da». Eta, galkatu gabe ere, animalien eskubideak urratzen direla nabarmendu du: «Indarkeria hori jasan gabe ere, ahate horrek helburu propioak ditu bizitzan, eta ez dira gizakiak dituenak».

Sainte Marieren iritziz, berriz, ekoizpenaren tamainan dago gakoa; ekoizle txikien jarduna defendatzen du, eta industriena baztertu: «Salatzen dugu 10.000 ahate sartzea haztegi batean, eta kanpora atera gabe edukitzea; familien eredua defendatzen dugu guk, 50-100 ahatekoena». Saguesen aburuz, ezberdintasunak egonagatik, ahateak bietan dira biktimak: «Ahate esplotatzaileen artean badago ezberdintasunik ekoizpen motaren arabera, denek ez baitute botere bera sistema kapitalistan. Baina, ezin dugu ukatu ahateen gorputzek emandako etekin injustutik bizi direla guztiak».

ELBko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, haztegi industrialak sortzearen ondorioz, foie grasaren kalitatea txarragoa da; besteak beste, heldu aurretik galkatzen dituztelako, eta pentsuarekin. Produktuaren izaera ere aldatu egin da: «Lehen, zinez produktu berezia zen, eta neguan bakarrik jaten zen. Ahate industrializazioarekin urte osoan egiten da, merkea eta kalitate txarrekoa». Erantsi du, edozein ostatutako eguerdiko menuan aurki daitekeela ahate gibela gaur egun.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Zuberoa jatetxeko menuan ezinbesteko osagaia da foie grasa; hiruzpalau plateratan jan daiteke. Haien artean izen eta izan handienekoa honako hau da: foie grasa garbantzu saldatan salteatua, aza eta ogi txigortuarekin. Hainbatetan prestatu du Hilario Arbelaitzek: «Plater historiko bat da; jatetxe bakoitzak bereak izaten ditu. Garrantzi berezia dute, jendeak horiek jan nahi baititu Zuberoara datozenean». Jatetxeari nortasuna ematen diote halakoek, sukaldariaren ustez.

Platera nola, foie grasa ere garrantzi handiko produktua da Arbelaitzentzat. Haren arabera, duela 30 urtetik hona sartu da euskal sukaldaritzan: «Lehen foie gras on bat jateko Frantziara joan beharra zegoen». Ainhoan (Lapurdi) ezagutu zituen Arbelaitzek produktuaren sekretuak: «Duela 30 urte Ainhoako Ithurria jatetxean egon nintzen hamabost egunez. Orduan ikasi nuen foie grasa nola prestatzen zen. Produktuarekiko interesa piztu zitzaidan, eta, geroztik, beti egon da nire kartan».

Berako (Nafarroa) Martiko ekoizleak hornitzen du Zuberoa jatetxea. Martiko, Interpalm Espainiako Palmipedo Koipetsuen Elkarteko kidea da, eta bere egiten ditu Elkartearen hitzak. Haren arabera, ahate ekoizleek Europako «araudi zorrotza» bete behar dute foie grasa eta ahatetik eratorritako produktuak ekoizteko. Kaliforniako debekuari lotuta, berriz, gatazka oraindik ez dela amaitu uste du, eta auzitegietan jarraituko duela.

Zuberoako sukaldariaren ustez ere, kontu korapilatsua da foie grasaren debekuarena: «Ahateekin arazoa baldin badago, jaten ditugun gainerako animaliekin ere ez al dago arazo bera? Beste modu batera erabili, jaten eman edo hil arren?». Abakandoa jarri du adibidetzat: «Abakando bat bizi-bizirik zatitzen da parrilarako».

Bateko eta besteko iritziak sortzen ditu foie grasak, baita kontsumitzaileen artean ere. Arbelaitzen iritziz, ekoizteko moduari baino gehiago, produktuaren ezaugarriei begiratzen die jendeak foie grasa jan ala ez erabakitzerakoan, «gantz asko» baitu. Vanessa Blazquez Nutricion Donostia zentroko nutrizionistak azaldu duenez, kaloria eta gantz askoko produktua da foie grasa: «100 gramoko 45 gramo gantz inguru ditu. Baditu gantz onak, baina baita aseak ere, %14-20 inguru». Gehitu du gatza ere ugari duela, eta palma olioa ere badaukala zenbaitetan.

Ezaugarriok kontuan izanik, hura kontsumitzea «ez da beharrezkoa», Blazquezen iritziz. Nutrizio taulaz gain, ordea, foie grasa ekoizteko modua ere kontuan hartu behar dela azaldu du: «Bakoitzak ikusi behar du etikoki edo norbere pentsamoldeari dagokionez nolako produktuak jaten ari den». Berak ez duela kontsumitzen adierazi du, «animaliek indarkeria jasaten dutelako». Horregatik, Kaliforniako foie grasaren debekua aurrerapausotzat ikusten du. Baina, nutrizionistak uste du aldaketa ez dutela debekuek eragingo, ezpada kontsumitzaileek. Bat dator Sagues ere: «Kontsumitzailearen eskakizuna aldatzen ari da; gero eta arduratsuagoak gara jaten dugunaz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna