Euskarak elkartu ditu mintzoaren lagunak

Donostiako Bagera elkarteak abiatu zuen mintzalaguna egitasmoak 25 urte bete ditu aurten. Milaka mintzalagun elkartzen dira egun: euskaraz egiteko ohitura duten bidelagunak, eta euskaraz egiteko ohiturarik ez duten bidelariak. Inguru «erosoa» da euskara ikasleentzat, «beldurra galtzeko» balio baitie hitz egiteak.

Mintzalagunak. Alex Trinidad, Cristina Kintana eta Jon Egurrola mintzalagunak eta Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kidea. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Kafesnea, ebakia eta deskafeinatua. Tabernariak gaztelaniaz erantzun, eta haiek eutsi. Ez zuten elkar ezagutzen ikasturte hasierara arte, eta astero mahai beraren bueltan elkartzen dira bazkalostean ordutik. Egunerokoaz hitz egiten dute: asteburuaz, tabernaren pareko obrez, hauteskundeez... Guztia, euskaraz. Hizkuntzak elkartu ditu Jon Egurrola (Donostia, 1983), Cristina Kintana (Donostia, 1974) eta Alex Trinidad (Bilbo, 1990), euskaraz aritzeko gogoak. Laugarren kide bat izan ohi dute lagun: nork bere istorioa du atzean, baina bidearen zati bat elkarrekin egitea aukeratu zuten. Mintzalagunak dira Donostian.

25 urte bete ditu aurten mintzalaguna egitasmoak. Donostian sortu zenetik, 2.500 donostiarrek hartu dute parte. Katebegi horren parte dira Egurrola, Kintana eta Trinidad. Bidelaguna da Egurrola; bidelariak Kintana eta Trinidad. Alegia, euskaraz egiteko ohitura du aurrenekoak, eta euskara ikasleak dira beste biak.

Urte asko eman ditu Kintanak euskara ikasten: duela bost urte lortu zuen B2 mailako titulua. Aurten, ordea, «txanda-pasa» egitea erabaki du euskaltegian, eta, lagun batek gomendatuta, mintzalaguna da orain: «Gustura nago, baina beldurra ere badaukat, eta nabaritzen dut urduritasuna». Ikasgelako lanketa osatzeko beste modu bat topatu du ahozko hizkuntzaren trebakuntzan: «Mingaina askatzeko egiten dut, ea poliki-poliki lortzen dudan».

Iazko ikasturtean ezagutu zuen egitasmoa Trinidadek, baina hark ere lehenengo aldia du aurtengoa. «Ez neukan denborarik, eta ez nuen uste nire euskara maila egokiena zenik, beraz, itxarotea erabaki nuen». Aurten, bai: euskaltegitik mintzodromora joan ziren, euskararen erabilera zabaltzea helburu duen jardunaldira, eta «positiboa» iruditu zitzaion han bizi izandakoa. «Iaiotasuna lortzeko eta azterketa prestatzeko balio du, positiboa da testuinguru erdaldunean mugitzen garenontzat, eta, gainera, nahiko jende jatorra ezagutzen da», esan du barre artean. Ikasturtea igaro ahala, konfiantza hartu dute taldean, eta giro onean elkartzen dira astero-astero. «Terapia» moduko bat ere bilakatu da hitzordua, txantxetan esan dutenez.

Euskaraz trebatzeko bidea egiten ari diren makulu lanetan aritzen da Egurrola. Euskalduna da hura, ohiko hiztuna, eta hizkuntzaren erabilerari bultzada emateko hartzen du parte. Mintzalagun beteranoa da, duela bost urte hasi zen talde batekin elkartzen, Donostiako Bagera elkarteak egindako kanpaina handi baten ondoren. Gasteizen ikasle zela ezagutu zuen lehen aldiz egitasmoa, baina orduan gogoarekin geratu, eta, azkenean, Donostian bertan ikusi zuen parte hartzeko aukera.

Nor bere etxetik joaten da hitzorduetara, nork bere motxila hartuta. Eskolan, eredu elebidunean aritu zen Trinidad. Unibertsitatean, gazteleraz ikasi zuen, eta Ingalaterrara joan zen gero. Handik itzultzean, ez zuen euskaraz egiteko aukera handirik inguruan: «Gurasoak, erdaldunak; eta emaztea, alemaniarra. Inguratuta nago!». Erronka izan da harentzat hizkuntza ikasteari heltzea berriz: «Amorrua ematen dit, gure hizkuntza ere badelako, eta ikasteko aukera ez da soilik eskolara mugatu behar. Gazteleraren mailara iristea erronka da, baina aurrera goaz pixkanaka». Horretarako, taldea «esparru erosoa» da harentzat.

Kintanaren errealitatea are erdaldunagoa izan da: gazteleraz ikasi zuen eskolan, euskara irakasgai bat besterik ez zela. Giro erdaldunean bizi izan da: «Lanean ere ondo moldatzen ginen gaztelaniaz; orduan, zertarako euskara?». Halako batean, ordea, sentitu zuen «beharra». Euskaltegian eman zuen izena, eta dagoeneko nabaritzen du aldea: «Semea ikastolara joaten da, eta euskara oso ondo datorkit, hari etxeko lanak egiten laguntzeko, haren lagunekin eta beste gurasoekin hitz egiteko». Hitz egiteari «beldurra galtzen» ari zaio.

Ikasleen ifrentzua da Egurrola: etxean jaso zuen euskara, ikastolan ikasi, eta euskaraz aritu izan da beti. «Ingurukoekin euskaraz egin izan dut, eta kanpoko lehengusuekin ahal zen moduan, nire gaztelaniarekin». Orain ere euskaraz hitz egiteko ohitura dauka: lagunekin, etxean zein lanean; «natural ateratzen zait».

Euskaraldiaren bultzada

Euskararen erabileran emandako bilakaeran, Euskaraldia mugarria izan zen euskara ikasleentzat. «Urduri» sentitu zen Kintana; «babestuta» Trinidad. «Euskaraldiaren aurretik, euskaraz jakin arren, agian ez nintzen ausartzen, baina pinarekin bai», esan zuen Trinidadek. Nabaritu zuen aldea jendearen erantzunean ere: «Jendeak bazekien nik maila izan ez arren saiatzen ari nintzela, eta eskertzen zuten hori. Iraganean baneukan beldur hori: 'Nik hitz egiterakoan, euskaldun zaharrek esango dute: zer zabiltza?', eta konturatu naiz ez dela egiazkoa».

Ahobizi izan zen Trinidad. «Behin hasita, zer demontre!». Kintana «ahobizi, belarriprest... Denetik!». Egurrola ere, ahobizi. «Nik, normalean, euskaraz egiten dut lehen hitza, ezagutu zein ez. Euskaraldian, konturatu nintzen pertsona batzuk ulertzeko edo hitz egiteko gai direla, nik jakin gabe. Hizkuntza ohiturak pertsona horiekin aldatu egin ziren».

Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kidearentzat, garrantzitsua izan zen «erabileraren zama» orekatzea. Harentzat, Euskaraldiak balio izan zuen kontzientziatzeko: «Parean duzuna saiatzen bada euskaraz egiten, motibatuta badago, zuk nola ez duzu egingo saiakera?».

Bidelariak dira batzuk, eta bidelagunak besteak. Dena den, «denak dira mintzalagunak, solaskideak dira, eta elkarren artean elkarrizketan aritzen dira», Gurutzeagaren hitzetan. Antolatzaileek mintzalagunez hitz egitean euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun bat esan behar ez izateko, Euskaltzaindiari egin zioten kontsulta. Erakundeak proposamena egin zuen, eta honela erabiltzen da ordutik: bidelaguna da euskaraz hitz egiteko ohitura duena, eta bidelaria, berriz, euskara ikasteko bidea egiten ari dena. «Arraro gelditzen da oraindik», Gurutzeagarentzat, eta barneko terminologiarako besterik ez dute erabiltzen. Egurrolak, bost urte bidelagun izaten igaro ondoren, aurten entzun du hitza lehenbiziko aldiz.

Asteazkenero 15:00etan dute hitzordua Egurrola, Kintana eta Trinidadek, eta mintzalagunak arratsalde partean elkartzea izaten da ohikoena, orokorrean. Denetik dago, ordea: «Eduki izan ditugu goizeko zortzietan, eguerdian, edo iluntzean. Badira igandeetan elkartzen direnak ere». Edozein tartek balio dezake: «Behar duenak eta gogoa duenak ordubete topatu behar du», Gurutzeagaren hitzetan.

Erabilerari bultzada

Egun, 100 mintzalagun talde daude Donostian, eta laukoteak dira gehienak, nahiz eta badiren hirukoteak eta boskoteak ere. Gurutzeagaren ustean, hirukotea da onena «aprobetxamendu aldetik», baina egun batean bat falta bada, bi besterik ez dira geratzen, eta erosoago aritzen dira hiruren artean. Horregatik egiten dituzte laukoteak, inork kale egingo balu, hirukotea manten dadin.

Duela 25 urte sortu zen mintzalaguna egitasmoa, ezagutzaren eta erabileraren artean gaur egun ere badagoen aldeagatik, eta bereziki euskaltegietan ikasle pila bat zegoelako. Ikusten zuten ikasleak euskaltegitik atera, eta «umezurtz» egoten zirela kalean. Orduan, Bagera elkarteak antolatu zuen erabilerari bultzada emateko proiektua. Sei euskal hiztun animatu ziren, eta sei ikaslerekin hasi ziren elkartzen. Egun, 400 lagun elkartzen dira Donostian. «Balorazioa ona da, ezagutzaren eta erabileraren artean badago tartea, baina hori beste erronka bat da; ez dago euskara ikasten ari direnen bizkar gainean, euskaldunon gainean ere badago erabileraren auzia», Gurutzeagarentzat.

Prozesuan, bidelari izan diren batzuk bidelagun bihurtu dira denborarekin. «Askok esan dute: 'Niretzat, ekarpen handia izan da; bada, ni orain animatuko naiz euskaraz aritu nahi dutenekin'». Dena den, askori, nahiz eta maila lortu, konfiantza falta zaie, Gurutzeagaren ustean.

Donostian abiatu zen egitasmoa, baina Euskal Herriko 150 herritan antolatzen da egun. 7.500 mintzalagun elkartzen dira 1.000 taldetan. Gainera, Mintza Eguna antolatzen du urtero Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herriko mintzalagun guztiak elkartzeko festa. Donostian, hasiak dira egitasmoaren 25. urteurrena ospatzen. Euskararen erabilerari bultzada emateko bidea elkarrekin egitea erabaki duten lagunek badute zer ospatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.