Soilik aberatsenak etorriko dira

Eurokopa Honi Ez egitasmoak sare sozialetan salatu du Bilboko hainbat ostatuk prezio garestiak ezarri dituztela Eurokopako futbol partidak hirian jokatuko diren egunetarako. Batzuetan jarritako prezioak ohikoak halako bost ere badira. Udalak eta ostalaritza elkarteek eskari handiari egozten diote igoera.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Datorren urteko ekainean, Eurokopakogizonezkoen hainbat futbol partida jokatuko dira Bilbon. Baliteke Espainiako selekzioak jokatzea, eta lau egunetan egongo dira partidak San Mamesen. Ikusteko dago, baina, partida horiek zer-nolako erantzuna izango duten gizartean, eta zer ekarpen ekonomiko egingo dion hiriari. Zenbait adituren arabera, ostatuetako logela denak beteta egotea espero da. Halaber, esaten dute onura ekonomikoak Bilbori eragiteaz gain inguruan ere nabarituko direla; hots, ziurtatu dute hiriko hotelez gain, inguruko herri eta hirietako eskariak betetzeko arazorik ere ez dela izango. Eurokoparen aurretik hasi da eskariaren eta eskaintzaren jokoa, eta, aste horretan izan ditzaketen erreserbak aurreikusita, hotelen jabeek prezioak garestitu dituzte.

Munduko beste toki batzuetan Eurokopa bezain ekitaldi handietan gertatzen dena eredu hartu dute Bilbon, eta ostatuetako enpresariek, eskariak handituko direla aurreikusita, negozioetako prezioak nabarmen garestitu dituzte. Horren erakusle da Eurokopa aurreko hilabetearekin alderatuz ostatu batzuek ia bost aldiz garestiago ezarri dituztela ohiko prezioak futbol txapelketaren egunetarako. Hala ikus daiteke Interneteko zenbait bilatzailetan arakatuz gero. Hain zuzen, Eurokopa Honi Ez egitasmoak sare sozialetan egin zuen lehen salaketa.

Bilbao Destino da Bilboko hotelen elkartea, eta hotelen jabeek bertan adosten dituzte halako ekitaldietan hartu beharreko erabakiak. Elkarteak, baina, adierazi du ez duela adierazpenik egingo gai horren inguruan. Bestalde, Bilboko Udaletik adierazi dutenez, Bizkaiko hiriburuan nazioarteko ekitaldiak egiten direnean «ohikoa» da ostatuetako prezioak igotzea. Eurokoparen egoerak ez ditu politikariak arduratu. Sortzen diren espektatibei egozten diote igoera hori, hain zuzen. Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak, baina, azpimarratu du udalaren helburu nagusia hiriaren jasangarritasuna bermatzea dela. «Gure helburua ez da datorren urtean Bilbon diru sarrera handiak izatea; guk etorkizunera begiratzen dugu». Horretarako, hiriko enpresariei erantzukizunez jarduteko deia egiten diete: «Zaindu dezatela munduan zabaltzen duten Bilboren irudia».

Adostasuna nagusi

Ostatuetako logelen prezioak, baina, merkatu libreak ezartzen ditu; hau da, enpresari bakoitzak nahi duena egin dezake, eta ez dago mugarik zehaztuta. Hori horrela, udalak ez du eskumenik debekatzeko ere. Eskariaren eta eskaintzaren legea esaten zaio azken horri. Horregatik, prezioei begira nolabaiteko oreka bati eustea aholkatzea da Bilboko Udalak egin dezakeen gauza bakarrenetakoa. Hala ere, uste dute Eurokopa Bilbon jokatzeak eragin positiboa izango duela, prezioak prezio. Are gehiago, Otxandianok adierazi du hiriarentzat oso interesgarria dela halako ekitaldi gehiago erakartzea datozen urteetan. Era berean, azaldu du zaila dela datuak ikuspegi sozioekonomikotik aztertzea. «Guretzat garrantzitsuena da Bilboko hotelak, eta oro har turismo sektorea, lehiakorrak izatea eta urtez urte emaitzak hobetzea».

«Ostalaritzako langileok ezin dugu epaitu edo baloratu hoteletako kideek egiten dutena». Hector Sanchez Zarraga Bizkaiko ostalarien elkarteko kudeatzailearen ustez, halako ekitaldietara joaten den jendea ohituta dago prezio garestiak ordaintzera. «Ez da soilik hemen izaten, edozein tokitan gerta daiteke». Are gehiago, gaineratu du Bilbora gerturatuko den bisitaria batik bat erosahalmen handiko turista izango dela: «Bisitari horrek asumituta ditu ordaindu beharreko prezioak». Haren aburuz, prezioen igoera ez da txarra ez ona hiriarentzat. «Ez gaude ados sistemarekin, baina ulertzen dugu hotelek hala funtzionatzen dutela, hau da, eskaera gehiago dagoen neurrian prezioak altuagoak izatea». Aitortu duenez, oro har, ostalaritzan halako ekitaldi handietatik onurak ateratzen dituzte, eta hoteletako prezio altuek ez diete eragiten. Hala ere, onartu du ostatuen prezioak merkeagoak balira Bilbora datozen bisitariek beste esparru batzuetan xahutuko luketela dirua: «Agian tabernetan gehiago ibiliko lirateke, ez dakit». Bestalde, Sanchezen esanetan, halakoetan bi talde bereizten dira. Batetik, ekitaldia egingo den hirian bertan ostatu hartu dezaketen bisitariak daude, eta, bestetik, hiritik kanpo zenbait kilometrora geldituko direnak, poltsikoko ekonomiak uzten dienaren arabera.

Marketinaren menpe

Interneteko bilatzaileetan ageri diren hoteletako logelen eskaintzak sakon aztertu behar direla ohartarazi dute Otxandianok zein Sanchezek. Diotenez, adibidez, sarritan Booking bezalako bilatzaileen zerrendan ageri den prezioa eta erosketaren azken prezioa ez dira berdinak izaten. Hain zuzen, marketin estrategiei lotuta doa kontua, eta ostatuek estrategia digitalak erabiltzen dituzte bezeroak lortzeko. Zehazki, logelek duten prezioaren arabera, hotelak posizionamendua irabazi edo galtzen du zerrendetan. Horretarako, algoritmoak erabiltzen dituzte bilatzaileetako lehen postuan agertzeko, eta, azken finean, prezioak lhiakideek jartzen dituztenen araberakoak izaten dira. «Baina horrek ez du esan nahi nahitaez azken prezioa hori izango denik», zehaztu du Otxandianok. Are gehiago: Sanchezek azaldu duenez, hotel batek hainbat postu gal ditzake, data jakin edo esanguratsu batzuetan logela librerik gabe geldituz gero. Otxandianok eta Sanchezek interesatuta dagoen bezeroari aholkatzen diote ostatuan bertan informazioa eskatzeko, bilatzailetik harago, «beti ez baita egia izaten bilatzaileek hasiern erakusten dutena». Hala ere, Otxandianok azpimarratu du udaleko ordezkariei kontu horiekin manipulatzea gehiegizkoa eta guztiz desegokia iruditzen zaiela.

Euskal kontsumitzaileen elkarteak, bestalde, ezin du egoera honetanesku hartu, baina defendatzen du publikoari zuzendutako edozein zerbitzuk prezio muga bat izan beharko lukeela. Kasu honetan, ez daude lege edo araudi bat ezartzearen alde, baina uste dute hoteletako zerbitzuek prezio tarte jakin baten barruan mugitu beharko luketeela. «Ohiko prezioa zortzi edo hamar aldiz garestiago jartzeak debekatuta egon beharko luke edozein sektoretan», adierazi du Koldo Nabaskues Euskal Kontsumitzaileen elkarteko lehendakariak. Gaineratu du, baina, egin beharrekoa ez dela lan samurra. «Hotelen sektoreak jarri behar du horretan gogoa, praktika komertzial onen kode bat erabiliz, besteak beste». Batik bat autokontrola eskatzen diete kontsumitzaileek enpresariei.

Salaketarako egitasmoa

Eurokopa Honi Ez egitasmoa maiatzean aurkeztu zuten, Bilbon. Eta futbol txapelketak ekarriko dituen arazo eta ondorio negatibo guztiak ezagutaraztea da beren asmoa, besteak beste. Diotenez, egun horietan ostatuek dituzten prezioak hiri eta gizarte eredu kapitalista eta kontsumitzaile baten isla dira. «Enpresariek bisitarien gorakada aprobetxatzen dute etekin ekonomikoak ugaritzeko». Ez dute zalantzarikprezio garestiak jartzeak dituen atzeko intentzioez. Bestalde, iruditzen zaie bisitariek Bilboko tabernetan kontsumituko dutenak ez duela eraginik izango gizartean eta «herri langilean». «Ez dugu sinesten bat-batekotasunean; epe ertainera ez da etekinik ikusiko». Hiri eredutik urruti, turismo jakin batentzako ekitaldia dela diote.

Halaber, egun horietan sortuko diren lanpostuen prekaritatea ere salatzen du Eurokopa Honi Ez egitasmoak. Diotenez, bazterreko enpleguak eta aldi baterakoak ez dira lanpostu duinak. «Jaurlaritzak dio ekitaldi honek aberastasuna dakarrela eta lanpostuak sortuko dituela herri langilearentzat; baina funtsean kapitalismoan oinarritutako ekitaldiak dira». Aberastasuna enpresarientzat izango dela, hau da, etekinetatik sortuko den dirua jabeentzat. Bestalde, azpimarratu dute Bilbo betetzea «zoritxarrez» ez dela zaila izango, baina ikusi beharko delaea gertuko hiriburuetan espero den eragin ekonomikoa gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.