Sagarraren bidetik

Errezil sagarraren ibilbidea aurkeztuko dute gaur, eta azoka izango dute bihar, sagarraren astea amaitzeko. Errezeta liburua ere kaleratu dute

Sagarraren Astea egiten ari dira Errezilen. Irudian, iazko azokaren une bat. UROLA-KOSTAKO HITZA.
Andoni Imaz.
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Udazkenarekin batera iristen da sagar uzta, eta garai hau aukeratu dute Errezilen (Gipuzkoa) hango sagarraren inguruan astebeteko programazioa egiteko. Urteroko egitasmoei beste batzuk gehitu zaizkie aurten, eta asteburuan egingo dituzte horien arteko garrantzitsuenak. Herriko hainbat eragile jarri dira elkarlanean,eta egitarau zabala osatu dute.

Ibarbi Errezilgo Errezil sagarraren elkarteak bultzatu du aurreneko egitasmoa, proiektu berri bat: Errezil sagarraren ibilbidea. Aurtengo sagarraren asteko berrikuntza nagusia da, eta gaur bertan aurkeztuko dute, 11:00etan. Errezil sagarra ikertzen, ezagutzen eta zabaltzen dihardu Ibarbi taldeak, eta horretarako antolatu du ibilbidea, are gehiago zabaltzeko Errezilgo sagarraren izena.

Ingurua ezagutzea da egitasmoaren helburu nagusia, eta sagarraren munduko informazioa biltzea herriaren inguruko sagastietan zehar. Fruituarekin lotuta, baserria, kultura eta ohiturak emango dituzte ezagutzera.

Ibilbideak 3,4 kilometro ditu, Errezilen inguruan, eta geldialdiak daude zenbait gunetan, hainbat xehetasunen inguruan hitz egiteko. Informazio posteak, panelak eta bestelakoak jarri dituzte horretarako, ibiltarien eskura egon dadin.

Koldobika Jauregi eskultoreak diseinatu du ibilbidea, eta Gipuzkoako Mendi Federazioak markatu du. Horrez gainera, Jauregik sagar itxurako hiru eskultura egin ditu herrian jartzeko: bi sarreretan eta plazako panel batean. Eskultoreak berak inauguratuko eta aurkeztuko du ibilbidea, gaur goizean, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariarekin batera.

Joan den asteko ostiralean abiatu zuten Sagarraren Astea, eta bihar itxiko dute. Azoka eguna egingo dute herrian horretarako. 10:00 eta 14:00 bitartean jarriko dituzte sagar eta sagarkiz beteriko postuak, jai giroan.

Sagar muztioa nola egiten den ikusteko aukera egongo da, baita hura dastatzekoa ere. Artisauek otarreak eta eskulanak jarriko dituzte, eta sagar dultzearen herrilehiaketa egingo dute. Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa ere izango da, herritarrek egindako galderei erantzuteko.

Errezetak sagarrarekin

Urola Gustagarri egitasmoak ere bat egin du Errezil sagarraren astearekin. «Eskualdeko produkturik garrantzitsuenetariko eta ezagunetariko» bat da sagarra,haien arabera, eta produktu horrekin egindako errezeta eskuorri bat kaleratu dute. Errezilgo Izarre jatetxeko eta Azpeitiko Elikaguneko sukaldariak gonbidatu dituzte errezetak prestatzera.

Sei errezeta aurkeztu dituzte liburuxkan: Errezil sagar, tomate eta gazta entsalada; oilasko eta Errezil sagar krepa; Errezil sagar krunblea; oilasko errea; usoak saltsan; eta Errezil sagar erreak. Eskuorria eskuragarri dago jada.

Errezil sagarraren astea

Gaur eta bihar,Errezilen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.