Asteburuko proposamenak

Vianar gaztea erregina

Babaren erregearen besta ospatuko dute gaur Vianan. Arratsaldeko ekitaldian, Juncal Kintana izendatuko dute Nafarroako erregina

Iaz Tafallan ospatu zen besta. Irudian, Ruth Sustatxa, Nafarroako erregina izendatu berri. MUTHIKO ALAIAK.
Iker Tubia.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Tibaltarrek ekarri zuten ohitura, XIII. mendean. Errege egunez, haur bat izendatzen zuten Nafarroako errege. Herri xehearengana jotzen zuten horretarako: haur batzuk aukeratu, eta opila ematen zieten. Puska horietako batek baba gordetzen zuen barnean, eta hura topatzen zuena izendatzen zuten, egun batez, Nafarroako errege. Errege jantziak eta janaria ematen zioten, eta ikasketak ordaintzen zizkioten.

Aspaldiko ohitura hori, 1920. urtean berreskuratu zuten Nafarroan, Ignacio Baleztenaren eskutik. 1931n Muthiko Alaiak peñak hartu zuen egitasmoarekin jarraitzeko ardura, eta horri eutsi dio gaur arte. Aurten, Juncal Kintana vianarra koroatuko dute. Gaur izanen da zeremonia, Vianako Santa Maria elizan (Nafarroa), 18:00etan. Egun osoko besta izanen da, dena den.

Pregoia irakurriz abiatuko da eguna. Han eta hemen errepikatuko dute mezua. Jarraian, Erdi Aroko musika, dantzak eta borrokak izanen dira goiz osoan. Arratsaldean, berriz, koroatze ekitaldia eginen dute. 17:30ean monarkaren segizioaren karrika dantza eginen dute San Felices ataritik elizaraino, eta, koroatze ekitaldia bukatuta, berriz ere Erdi Aroko dantzak eta borrokak izanen dira Vianan. Afariarekin eta dantzaldiarekin bukatuko dute eguna.

Muthiko Alaiak peña da egitasmo horren antolatzailea, eta urtetik urtera Nafarroako herri batean egiten dute. Hala egin dute 1964az geroztik. Orduan hasi ziren besta Iruñetik kanpo ospatzen. Lehenbizikoz, Erriberrin; iaz, Tafallan. Herriaren hautaketa ez da ausaz egiten: «Aurten, 800 urte beteko dira Viana sortu zutenetik, eta ekitaldi polita zen mendeurrenari hasiera emateko». Hala azaldu du Ekaitz Suain Muthiko Alaiak-eko kideak. 1219ko otsailaren 1ean hasi ziren Viana eraikitzen, Antso Azkarra-ren aginduz.

Aurtengo erregina abenduaren 15ean aukeratu zuten. Aldez aurretik, Ricardo Campano eskolako eta Erentzun ikastolako haurren artean zozketa egin zuten, opila nork janen zuen aukeratzeko. Hamabi haurrek izan zuten aukera, baina Kintanaren opil puskan agertu zen baba. Egun horretan, onartu zuen «urduri» zegoela, baina «ilusio handia» egiten ziola egun batez Nafarroako erregina izatea.

Bi tradizio, batuta

Baleztenak bi usadio batu zituen babaren erregearen besta sortzeko. Batetik, tibaltarrek Nafarroara ekarritakoa. Bestetik, Nafarroako erregeen koroatzearena. Izan ere, arratsaldeko ekitaldia Karlos III.aren koroatze ekitaldian dago oinarriturik. Horren kronika xehea idatzirik gorde da, eta gidoi horri jarraitzen diote. Suainek garrantzia aitortu dio azken horri ere: «Nafarroa izan dena eta dena gogoratu nahi dugu. Gure nortasuna aintzat hartu».

Babaren erregearen besta



Gaur, 12:30ean hasita, egun osoz, Vianan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.