Inauterien atarian

Zartagin eta mailuei kolpeka, kaldereroek mozorro garaiaren etorrera iragarriko dute gaur Donostian. Inude eta artzainak bihar aterako dira

Kaldereroen hamasei konpartsa ibiliko dira Donostiako auzoetan. ARKAITZ ALMORTZA MURO / IRUTXULOKO-HITZA.
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako kaleetako burrunbak inauteriak iragarriko ditu asteburu osoan, nahiz eta oraindik hilabete falta den mozorroak soinean jartzeko. Oraingoz, kaldereroen konpartsetako kideek zartaginak eta lapikoak hartuko dituzte eskuan, hiriko kaleak zeharkatu eta festa hotsa zabaltzeko. Denera, hamasei konpartsa ibiliko dira auzoetan barrena.

Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak elkarretaratzea egingo du Fermin Kalbeton kalean gaur, 21:30ean. Handik ordu laurdenera hasiko dute desfilea, eta hiru ordutik gorako bidea egingo dute Parte Zaharreko kaleetan. Hainbat pertsonaia egongo dira haien artean: Asier Garaialde izango da aurtengo erregina, eta Izaskun Larruskain eta Miren Sagarzazu, berriz, damak.

Laurehun partaide inguru ariko dira bueltaka, laurehun zartagin eta mailurekin, hemeretzi tributan banatuta. Auzo eta elkarte askotako herritarrak aterako dira kalera. Zalditeria izango dute berekin, haur taldeak, gurdia eta gauerdiko txaranga.

Ibilbidearen erdian, ordea, geldialdia egingo dute Hungariako kaldereroek. Musika eskolako banda jotzen ari dela, kanpamentua jarriko dute Konstituzio plazan, 22:00etan. Han, konpartsako erreginak Donostia agurtzeko hitzaldia emango du, gero kide guztiek errepertorio osoa kanta dezaten. Orduan entzungo dira plazan Begi urdin bat, Hungariako kaldereroak, Hungariako kantua eta Mazurka.

Inude eta artzainak

Hungariako kaldereroen konpartsak 1884an desfilatu zuen aurreneko aldiz, La Union Artesana eta La Fraternal herri elkarteek antolatutako inauterien festan, Raimundo Sarriegiren musikak eta Adolfo Combaren hitzek lagunduta. Halere, hortik bi urtera,Victoriano Iraolaren Begi urdin bat abestia jotzen hasi ziren.

Asteburuak protagonista gehiago ere izango ditu. Bihar ere jende ugari ibiliko da Parte Zaharrean barrena, baina ez dira kaldereroak izango, inudeak eta artzainak baizik.

Eguerdian abiatuko da 150 pertsona inguruz osatutako konpartsa bat: 30 inude eta artzain bikote ariko dira dantzan, eta 60 partaide danborrarekin. Kaldereroek bezala, haiek ere badituzte beren pertsonaiak: alkatea eta emaztea, idazkaria, gotzaina eta apaiza, besteak beste.

Raimundo Sarriegiren errepertorioarekin aritzen dira inude eta artzainak ere. Danborrarekin laguntzeko pieza egokiak direnez gero, danborrari talde bat prestatu zuen Kresala elkarteak. Inudeen konpartsa da kalejirarik ezagunena: halako batean, inudeek panpina gorantz bota, eta, artzainek, festa oihu batez, salto egiten dute. Gorteatze dantzek jarriko diote giroa igande hotzari.

Kaldereroak eta inude eta artzainak

Gaur, 21:30ean, kaldereroak Donostian. Bihar, 12:00etan, inude eta artzainak Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.