Kaletik agertokira

Breakdancea, parkourra, bizikleta jauziak, kontzertuak eta beste izango dira gaur ikusgai Bilbo Arenan, Break On Stage nazioarteko jaialdian

Erakustaldi eta lehiaketa ugari egingo dituzte Break On Stage jaialdian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Kaleak bizitza propio bat du: mugimendua, musika, dantza, ahotsa... Eta horiek guztiek osatzen dute kaleko artea. Gaur arratsaldean, ordea, karrikatik kantxara egingo dute jauzi kultur adierazpide horiek guztiek. Hain zuzen, Bilboko Bilbo Arena pabiloian bilduko dira breakdancea, parkurra, bizikleta eta patinete jauziak, rap doinuak eta beste.

«Kaleko kulturako adierazpenei baliabide eszenikoak ematea da gure xedea», azaldu du Ander Garaizabal antolatzaileak. Haren arabera, haur, gazte eta helduei zuzendutako jaialdi bat da. Kaleko dantzen lehiaketarekin hasiko da, 18:45ean. Bi kategoria izango dira: gaztetxoena eta helduena. Elorrioko, Derioko (Bizkaia) eta Aretxabaletako (Gipukoa) saioetan sailkatutako taldeak arituko dira; hiru talde kategoria bakoitzean. «Azken bost urteetan izugarri egin du gora kaleko dantza jardunak Euskal Herrian», nabarmendu du Garaizabalek.

Aretoko breakdance lehiaketak emango dio segida festari.Herbehereetako The Ruggeds eta Bordeleko (Okzitania) The Immigrands taldeak arituko dira. Bi taldeek jokatuko dute azken breakdance lehia, 20:30ean. Bilboko Feel The Sound taldeak ikuskizuna egingo du.

Parkourrak ere izango du tartea Break On Stage jaialdian. Aritz Sevilla, Jose 3run, Alba Salazar, Hodei Delgado eta Jagoba Castañeira izango dira euren abileziak erakutsiko dituztenak. Akrobaziak eginez, agertoki ondoko zirkuitu batean jarritako oztopoak gainditu beharko dituzte.

Gurpil gainekoak

Gorputz hutsez eginiko adierazpideetan arituko dira batzuk; beste zenbaitek, berriz, gurpil ibilgailuak erabiliko dituzte: bizikletak eta patineteak. Haien artean izango dira Izan Garcia lezamarra eta Aitor Palencia irundarra. Bertakoez gain, Ruben Doniga etorriko da Madrildik, eta Alex Perez eta Marti Samper Bartzelonatik. World Rollers Game lehiaketarako sailkapena izango dute jokoan.

Ikuskizuna 18:45ean hasiko da, baina aurretik ere izango da zertaz gozatua pabiloiaren kanpoaldean; hain zuzen, banakako lehiaketak egingo dituzte, 15:00etan hasita. Lehiaketen eta erakustaldien ostean ere izango da jai giroa, rap abeslarien ordua izango baita 20:30ean. Tolosako (Gipuzkoa) MC Nikotina arituko da lehenik. «Euskal rap abeslari gazte bat da, eta jokoa emango du», aurreratu du antolatzaileak. Nachek hartuko dio lekukoa hari. Almanauta azken diskoa aurkeztuko du.

Kaleko artearen festak 5.000 ikus-entzule inguru biltzen ditu urtero. Iaz Derion (Bizkaia) egin bazen ere, aurten Bilbora itzuli da Break On Stage ikuskizuna. Berriro ere kaleko artearen erakusleiho izango da Bizkaiko hiriburuko pabiloia.

Break On Stage

Gaur, 18:45ean, BilbokoBilbo Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.