Museoen ateak, zabalik

Euskal Herriko hainbat gunek Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Doako sarrera izango dute, eta ekintza bereziak egingo dituzte

Bilboko Guggenheim museoko bisitariek Yoko Onoren nahien zuhaitz-ean idazteko aukera izango dute. GUGGENHEIM.
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Museoaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta ezohiko asteburua izango da Euskal Herriko hainbat zentrotan. Egitarau berezia prestatu dute askok, kultur ondareen biltegiak herritarren topagune ere izatea helburu duen egunerako.

Baionako Euskal Museoak iluntzerako prestatu du egitarau berezia. Gaur, 18:30etik 23:00etara bitarte, ez da sarrerarik ordaindu beharko, eta, tartean, zenbait ekintza egingo dituzte. Estitxu Robles kolegioko laugarren mailako ikasleek antzerkia egingo dute.

Bilboko Guggenheim museoan ere doan sartzeko aukera egongo da egun osoan. Gainera, bisitariek Yoko Ono artistaren lan batean parte hartzeko aukera izango dute. Bilborako nahien zuhaitza sortu zuen Onok, eta jendeak desioak idatzi eta zuhaitzean zintzilikatzeko aukera izango du, edo xuxurlatzekoa, bestela.

Donostian, San Telmo museoak asteburu osorako antolatu ditu ekimen bereziak, Museoak kultura ardatz gisa: tradizioaren etorkizuna lelopean egin den Museoaren Nazioarteko Egunaren aitzakian. Hasteko, gaur eta bihar museorako sarrera doakoa izango da bisitari guztientzat, eta gaur 22:00ak arte egongo da erakusketak bisitatzeko aukera.

Gainera, kantua eta dantza eramango dituzte museora; emanaldi bat antolatu dute Francisco Escudero kontserbatorioarekin, eta beste bat Udal Musika eta Dantza Eskolaren lankidetzarekin. Gaur, 20:00etan, kantu errezitala egingo dute, eta bihar eguerdian, dantza emanaldia.

Bisita gidatuak

Gasteizko Artium museoan bi egunerako egitarau zabala izango da. Lantegiak egingo dituzte gaur eta bihar: landa ingurua, utopia, gorputza eta ustekabea landuko dituzte. Bisita gidatuak egingo dituzte Artium osoan, eta topaketa bat antolatu dute gaurko, Oreka TX taldeko kideekin.

Nafarroan, Altzuzan, Oteiza museoa doan ikusteko aukera izango da, asteburu osoan. Gainera, gaur, 12:00etan, Gregorio Diaz Ereño museoko zuzendariak bisita gidatua egingo du. Bisitariek Oteiza 1908-2008. Bilduma erakusketa topatuko dute, artistaren eskultura lanaren eboluzioa azaltzen duen ibilbide oso bat.

Beste zenbait museok ere ospatuko dute asteburuan Museoen Nazioarteko Eguna. Donostiako Euskal Itsas Museoak gaur egingo du jardunaldi berezia. Ate irekien eguna izango da, doako sarrerarekin, eta itsas korapiloak eta malutak egiteko tailerra izango da goizean; arratsaldean, bisita gidatua. Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan eta Ezkioko Igartubeiti Baserria museoan (Gipuzkoa), ate irekiak izango dituzte gaur eta bihar, eta bisita gidatuak ere antolatu dituzte, doan. Hernaniko Txillida Lekun ere (Gipuzkoa) bisitak eta tailerrak egingo dituzte.

Museoen Nazioarteko Eguna

Gaur eta bihar, egun osoan, Altzuzan (Nafarroa), Baionan, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Ezkion eta eta Ormaiztegin (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.