Asteburuko proposamenak

Ardoa upeletik kalera

Arabako Errioxako ardoak Gasteizko kaleak hartuko ditu asteburuan. Hiru plaza eta 80 taberna baino gehiagotan dastatu ahalko dira ardoak

Iaz jendetza bildu zen Ardoaraban, eta espero dute aurten ere hala biltzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ardozaleentzako geldiune paregabea izango da Gasteiz asteburu honetan. Abenduko zubiarekin bat eginik,Ardoaraba azoka enogastronomikoa egiten ari dira hiriburuan, aurten, hamalaugarren aldia du. Ostegunean hasi zen jaialdia, eta ardoa dastatzeko aukera hiri osora zabalduko da bihar arte, Aihotz, Foru eta Probintzia plazetan jarri dituzten hiru karpetan. Haietan, Arabako Errioxako hemeretzi upategi, sei txakolindegi eta hiru sagardotegietako produktuak dastatu ahalko dira. Urteko ardoak, ardo onduak,cava, Rias Baixaseko albariñoa, laranja ardoa eta ardo urdina ere egongo dira.

Karpetan ez ezik, jateko eta edatekoez gozatzeko aukera zabala izango da ekitaldiarekin bat egin duten 80 taberna eta jatetxe baino gehiagotan. Kopa, zorroa eta ardo zein pintxoetan trukatzeko 28 puntu jaso daitezke 15 eurotan. Hala ere, trago solterik nahi duenik balego, eskudirutan ordain dezake kopa ardoa. Gainera, zenbait jatetxetan, pintxoez gain, menuak prestatuko dituzte, 19, 29 eta 49 euroren truke.

Aurten, gainera, berrikuntza bat izango du Ardoarabak: Montehermosoko ur biltegian, Summun izeneko ekitaldi «intimoa» prestatu dute gaurko. Enologo eta sotolari adituek nazioarteko ardo gidetan puntuazio bikainak jaso dituzten ardoen ezaugarriak azalduko dituzte, 12:30ean, 18:00etan eta 20:00etan. Normalean bezeroen eskura ez dauden ardoak izango dira; besteak beste, txakolinak eta Arabako Errioxako ardoak dastatu ahal izango dituzte ekitaldira biltzen direnek.

Egitarau oparoa

Haurrek ere tokia izango dute azokan; sagardogileek sagar zuku naturala emango baitute. Gainera, jarduera bereziak antolatu dituzte haurrentzat: batetik, alde zaharra jolasen bitartez ezagutzeko bisita gidatuak; eta bestetik, Foru plazako Txiki txoko gastronomikoa: gaur eta bihar, 12:30ean, sukaldaritza tailerrak egingo dituzte han.

Foru plazan bertan, Txoko Gastronomikoa jarri dute. Ostegunetik ari dira iluntzean gazta dastatzeak egiten, Jose Ramon Agiriano sukaldari gasteiztarraren eskutik. Horrez gain, ekitaldirako propio, hiriburuko jatetxeak pintxoak prestatu eta salduko dituzte.

Bestalde, iaz bezala, ibilbide berezia antolatu dute Gasteizko alde zaharrean barrena, Gune paregabeak izenarekin: ondarea eta kultura artistikoa uztartuko ditu bisitak. Atzo, Sokaren Etxera joan ziren bisita gidatua egitera; gaur, berriz, Bibat museoaren eta Goiuri jauregiaren txanda izango da. Biharko bisita gidatua Montehermoso kulturgunean egingo dute.

Iaz, 100.000 lagun bildu zituen Ardoarabak, eta aurten ere jendetza biltzea espero dute.

Ardoaraba



Gaur eta bihar, egun osoan, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.