Asteburuko proposamenak

Ardo berriari zurrutaka

2019ko uzta aurkezteko, Uztaberri Eguna egingo dute Lapuebla de Labarcan, gaur. Upategi bakoitzak bisita bakarra antolatu du aurtengo

Urteko ardoa aurkezteko festa antolatzen dute Lapuebla de Labarcan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Aurtengo uzta kantitate aldetik urria izan da, baina kalitate ezin hobea du». Pozik dago Maite Cordoba Lapuebla de Labarcako alkatea, aurten herriko ardo ekoizleek jaso duten uztarekin. Hain zuzen, gaur aurkeztuko dute 2019ko uzta, propio horretarako urtero antolatzen duten Uztaberri egunean. Ardoa dastatzeko aukera izateaz gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte gaurko.

Duela hamasei urte hasi ziren Uztaberri Eguna ospatzen Arabako herrian. Orduko hartan herriko upategi gehienek parte hartzen zuten. Urteak aurrera egin ahala, baina, parte hartzaile kopurua jaitsiz joan da. Aurten, zehazki, 11 upategik irekiko dituzte ateak, eta herrian guztira hogei upategi baino gehiago daude. Are gehiago, aurreko urteekin alderatuz, aldaketa bat egin behar izan dute antolatzaileek upategietako bisitetan. «Horretara behartuak sentitu gara», esan du Cordobak. Orain arte, upategiek bi bisita antolatzen zituzten goizerako, baina bisitarien azken urteetako jarrera desegoki eta errespetugabeek derrigortuta, aurten bakarra egitea adostu dute. «Ekoizleak egoera ezin kontrolatuta ibili dira azken urteotan», azaldu du Cordobak. 13:30ean jarria dute ordua upategietan. Upategi bat bisitatu nahi duenak, berriz, txartela erosi beharko du, eta upategi bakoitzak gehieneko bisitari kopurua izango du. «Espero dugu neurri honekin jendeak beste jarrera bat izatea, eta datozen urteetan bisita gehiago egin ahal izatea», azaldu du Cordobak. Kalean, bestalde, beti bezala ardoa dastatzeko aukera egongo da, Plano plazako postuetan 12:30ean hasita.

Ardo beltza da nagusi Lapuebla de Labarcan, eta, gehienbat, urteko ardoak ekoizten dira upategietan. Baina, azken urteotan, zuria, gorria, ondua eta erreserbakoa ere gero eta gehiago ekoizten direla azaldu du Cordobak: «Herriaren kokapena eta bertako mikroklimak laguntzen dute horretan». Uztaberri Eguna pizgarri bat da herriarentzat, eta urtez urte festara biltzen den jende kopurua handituz doala gaineratu du. «Hala ere, erosketei dagokienez, ez da bereziki nabaritzen».

Uztaberri Eguna ekoizleen ahalegina eta uztarekin egindako lan ona aitortzeko egunik aproposena dela dio Cordobak. «Herria mapan kokatzen dugu, eta ekoizleek beraien lana saritua ikusten dute». Ardoa, baina, ez da protagonista bakarra izango.Xaboia eta olioa ere egiten dituzte herrian, eta bisitariek «txokoetan» probatu ahalko dituzte. Horrez gain, 12:30ean, herriko jaki tipikoa, hots, boloa dastatzeko aukera egongo da plazan.

Maribel Salas aktorearen pregoiarekin hasiko da Uztaberri Eguna. Eguerdian herri bazkaria egingo dute, eta arratsaldean diskoteka mugikor batek alaituko ditu herriko kaleak.

Uztaberri Eguna



Gaur, 12:00etan, Lapuebla de Labarcan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.