Asteburuko proposamenak

Andreen lanak azokara

Emakume nekazari eta artisauen azoka eginen dute gaur Zornotzako Zelaieta parkean. Zuzeneko musika eta taloak ere izanen dira

Zornotzako Zelaieta parkean eginen dute emakume nekazari eta artisauen azoka. BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zornotzako Zelaieta parkea (Bizkaia) emakume nekazari eta artisauen bilgune bihurtuko da gaur goizean.Emakumeen Nazioarteko Eguna kari, 23. aldiz eginen dute emakume nekazari eta artisauen produktuak saltzeko azoka. Denera hogei postu paratuko dituzte, eta denetariko eskaintza egonen da. Zelaieta parkean oraindik muntaturik dagoen karpan izanen da. Azokaz gain, karpa girotzeko, eguerditik aitzinera Lorelei Green eta Discofagia taldeek musika zuzenean paratuko dute. Gainera, taloak erosteko aukera ere izanen da goiz guztian.

Historia luzea duen azoka bat da Zornotzakoa, eta urteekin bat aldatuz joan dira bai azoka, baita azokaren helburuak ere. Zornotzako Udalak antolatzen du, eta bertako emakume baserritarrak ezagutzeko eta sustatzeko helburuz sortu zela kontatu du udaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzi Ainhoa Salterainek: «Hasieran, lehen helburua Zornotzako emakume baserritarrak ezagutaraztea zen». Beste helburu bat ere bazuen azokak bere sorreran: «Emakumeak izatea ustiategien jabe edo titularrak». Pixkanaka, azoka aldatuz joan zen, eta artilearekin lan egiten zuten Zornotzako emakume artisauak ere parte hartzen hasi ziren.

Zornotzatik landa

Beste aldaketa bat: azokarekin hasi zirenean, emakume zornotzarrek bakarrik parte hartzen zuten; gaur egun, ordea, Euskal Herri osoko emakumeek parte har dezakete. Salterainen hitzetan, ez dago «nahikoa» zornotzarrik azokan parte hartzeko; beraz, kanpokoei ere lekuaegiten diete. Azokan postua paratu ahal izateko, emakumea izateaz gain, jardueraren titularra emakumea izatea ere beharrezkoa da. Azokaren bereizgarria hori dela azpimarratu du Salterainek.

Parte hartzaileez gain, azokaren helburua ere aldatuz joan da urteen poderioz: «Gaur egun, emakume euskaldunak, artisauak eta baserritarrak omentzea da helburua». Denetariko produktuak erosteko eta dastatzeko aukera izanen da azokan, bai produktu gastronomikoak, baita eskulangileen produktuak ere. Hala, esnekiak, kontserbak, sagardoa eta txakolina, haragikia, gozogintza eta barazkiak erosteko aukera izanen da, baita egurrez eta zeramikaz egindako artelanak, zilarrezko bitxiak eta loreak ere. Salterainek kontatu duenez, espezializazio bakoitzeko bi saltoki egonen dira.

Emakume nekazari eta artisauen azokarekin batera, beste jarduera batzuk ere izanen dira: eguerdian, Ane Gebara ipuin kontalaria ariko da udal liburutegian; eta 20:15ean, Elisa y Marcela antzezlana emango du A Panadaria konpainiak, Zornotza aretoan. Bihar elkarretaratzea eginen dute herriko plazan.

Emakume nekazari eta artisauen azoka



Gaur, 10:00etan hasita, Zornotzako Zelaieta parkean (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.