Altxorren jaialdia

Gorbeiako Altxorrak gastronomia eta kultur jaiaren Arabako lehen aldia hartuko du Zurbaok, Bizkaian egindako aurrekarien ondoren

Bisita gidatuak egingo diren herri ingurua, Zurbaon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Udazkenaren etorrerari argia, kolorea, usaina, musika eta dastamena jarri nahian prestatu dute gaurko Gorbeiako Altxorrak jaialdiaren Arabako aldia, Zurbaon. Antolatzaileek «Gorbeia inguratzen duten eremuetako turismoa bultzatzea, tokiko ekoizleen lana bistaratzea eta mendi horren inguruan dagoen giza potentziala sustatzea» dute xede, eta, horretarako, egun osoko egitaraua osatu dute, tankera askotako jardueraz beteta.

Jaialdiaren hazia, azaldu dutenez, Artean (Bizkaia) duela hiruzpalau urtetik egiten den ekitaldi turistikoen ideiatik ernaldu da; horri helduz, Zurbao toki «egokia» dela uste dute: «Gorbeia inguruan dago, Gasteiztik oso hurbil, eta landa zein kultur mugimendu esanguratsua du».

Beraz, festibalaren lehenengo helburua argia da: «Bertako biztanleei inguruan dituzten aukerak bistaratzea»; halaber, «urrunagoko turismoa erakartzea eta lekuko ekoizleen lana ikusaraztea» ere bilatu dute. Atondu duten jarduera oro Mi Castillo de Arena eraikinean egingo da, bisita gidatuak izan ezik.

Adin denentzako egitaraua

Egun osoko programazioa prestatu dute Zurbaon, eta bi zutabe izango ditu: batetik, egun osoan zehar edozein ordutan egin ahalko diren ekintzak daude; bestetik, orduz orduko egitaraua dago.

Azken hori 11:30etik 19:30era artekoa izango da, eta «formatu ugaritako eskaintzak» izango ditu.

Hasteko, 12:30etik 13:30era bisita gidatua izango dute Zurbaon zehar. Ostean, ezti dastaketaren txanda izango da, 12:30etik 13:30era, Idoia Asurmendiren musika emanaldia baino lehen: Ilun eta abar lana aurkeztuko du aramaioarrak. Artean, Iturrieta baserriko sagardo eta zuku dastaketaz eta Risi DJaren saioaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Goizeko sektorea Manex Agirreren bertso saioak biribilduko du, 14:00 eta 14:30 artean.

Arratsaldeko programazioari dagokionez, ordubeteko beste bisita gidatu bat egingo dute Zurbaon barrena; ondoren, Atxineta baserriko zukua eta marmeladaeta Iruriko gazta dastatzeko parada egongo da. Guikuri arropa dendak antolatutako moda desfilea ere egingo dute, 18:00 eta 18:30 artean. Jaialdia amaitzeko, Zurbaoko abesbatzaren emanaldia egongo da, 19:00etan.

Egun osoko jarduera finkoak, bestalde, honakoak izango dira:ekoizle eta artisau azoka, Guikuri Bus moda proiektuak antolatutako arropa-salmenta postua, eko-taberna, inguruko produktuen edo esperientzien zozketa bikoitza, janari furgonetak eta haurrentzako sormen txokoa.

Jaialdirako sarrerak gorbeiaeuskadi.com atarian daude eskuragarri; antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «jarduera batzuetarako aurretiaz eman behar da izena, osasun neurri oro egoki betetzen dela ziurtatze aldera».

Gorbeiako Altxorrak 2021



Gaur, Zurbaon (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.