Asteburuko proposamenak

Hiria argiztatuko dute

Gasteizko II. Umbra Light jaialdia egingo da asteburu honetan. Hemeretzi gune prestatu dituzte argi instalazioez gozatzeko

Gasteizko I. Umbra Light jaialdia, 2019an, Plaza Berrian. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Teknologia berriak, hiriko guneak eta arte bisual digitaleko adierazpen artistikoak batuta, Umbra Light jaialdiari ekin zioten atzo Gasteizen, eta bihar arte iraungo du. Zehazki, hiriko zenbait gune argiztatuko dituzte asteburuan, 19:00etatik 23:00etara bitartean, erdigune historikotik hasi eta Mendizorrotza auzoraino, Zabalgunetik pasatuz. Helburuetako bat da herritarrak eta bisitariak hiriko argi artearen mundura gerturatzea, eta, are, horren bidez ikusleek gai baten inguruan hausnartzea ere badu asmo.

Hain zuzen, jaialdiaren bigarren aldia da aurtengoa, eta Argia3 kultura elkarteak antolatzen du, erakundeen eta enpresen laguntzarekin. Horri esker, zenbait instalazio ezarri dituzte hirian zehar: horiek islatzen dituzten argiekin lortu nahi da gizakiak ingurumenean duen eraginaz hausnartzea, eta etorkizun jasangarri bat erdiesteko moduei erreparatzea. Halere, COVID-19ak sortutako izurriteari ere keinu bat egin nahi izan diote, hala nola gizakiak ekosistemetan duen esku hartzea hizpide izanda, eta, beraz, Zeuk distira egitea nahi dugu da leloa.

Argi ikuskizunez gozatzeko hemezortzi gune prestatu dituzte, eta, horrez gain, ikuskizun ibiltari bat ere egongo da. Ibilbide proposamen bat zehaztu dute antolatzaileek, baina ikusleetako bakoitzak nahieran egin dezake bisita.

Ibilbide horri jarraituz gero, ordea, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean dago lehen geldiunea. Frantziako Chevalvert estudioak sortutako Rythmus ikuskizuna ikusi ahalko da. Zehazki, bi pertsonaren bihotz taupadak islatu nahi izan dituzte hedatuz doazen argi zikloen bitartez. Hurrengo geltokiak, berriz, Arabako Arte Ederren Museoan eta inguruetan daude.

Eremu horietatik hiriko erdigunerantz eginez gero, Floridako parkeko noranzkoan, Cia Majaretak sortutako Accua ikuskizun ibiltaria arituko da batetik bestera, eta, amaieran, parkeko kioskoan eta Eusko Legebiltzarrean, instalazio banatan sortutako ikuskizunak ikusi ahalko dira. Studio & Light estudioak egindakoa da lehena, eta, bigarrena, berriz, Cedric Le Borgne artistarena. Hala ere, Alde Zaharrean daude gehienak.

Alde Zaharrari bizia eman

Gasteizko erdigune historikoa osatzen duten eraikinak izango dira festibaleko gunerik garrantzitsuenak. Behealdean, Andre Mari Zuriaren plazan instalazio bat izango da ikusgai, eta Foru plazan beste bat; goialdean, berriz, Aihotz plaza, Goiuri jauregia, Fray Zacarias Martinez plaza, Erdi Aroko harresia, Eskoriatza Eskibel jauregia eta Santa Maria katedrala argiztatuko dituzte. Horrez gain, Artium museoan ere izango da zer ikusia.

Umbra Light jaialdia



Gaur eta bihar, 19:00etatik 23:00etara, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.