Asteburuko proposamenak

Bertakoa ospatuz

Ipar Euskal Herriko sor-marka duten produktuen besta eginen dute gaur, Itsasun. Jatekoa ez ezik, musika eta ikuskizunak ere izanen dira

Ipar Euskal Herriko Lau Sor-markak elkartearen aurkezpena, joan den maiatzaren 27an, Hazparnen (Lapurdi). CAROLE EMBID.
Iker Tubia.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Berriki bat egin zuten Ipar Euskal Herriko lau sor-markek, eta horiek goraipatzeko besta antolatu dute orain: gaur izanen da, egun osoz, Itsasun (Lapurdi), Elizakopartia inguruan. Lehenbiziko aldia izanen du bestak, eta zenbait gune muntatu dituzte, jatekoak ez ezik musika eta bestelako ikusgarriak ere eskaintzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, sor-marka produktuek Euskal Herriko laborantza eta sukaldaritza ondarea «bizirik atxikitzen dituzte».

Zenbait gune izanen dira: sor-markaren txokoa, gaztetxea, familien txokoa, oholtza, denda eta ostatua. 10:00etan hasiko da besta, eta egun osoz izanen dira ekitaldiak. Gaztetxean eginen dute bestaren hasierako ekitaldia, Ipar Euskal Herriko Lau Sor-markak elkarteko lehendakariaren hitzekin. Ondotik, mahai ingurua izanen da: Euskal Herriko sor-marken eraginak gure lurraldean. Egiazko erronka? Horretaz gainera, gaiari buruzko erakusketa bat eta filmak ikusgai izanen dira egun osoz.

Sor-markaren txokoan, Ezpeletako piperrak birlandatzen ikasteko tailerra emanen dute, eta Ossau-Irati sor-markako gazta nola egiten den erakutsi. Gainera, egun osoan animaliak izanen dira ikusgai: Kintoko euskal txerriak eta Ossau-Irati sor-markako hiru ardi arrazak: buru xuria, manex buru gorria eta manex buru beltza. Dendan, aukera izanen da ekoizleekin solastatzeko eta produktuak eskuratzeko. Lau sor-marketako produktuak salduko dituzte, baita bestelakoak ere: sagardoa, eztia, irina, olioa, kontserbak eta gerezi erreximenta.

Jatekoa eta musika

Sor-markadun produktuen besta izanik, jateko guneak izanen dira. 13:00etatik 17:00etara, parada izanen da aipatu produktuak dastatzeko. «Euskal lurrak eta beren aberastasuna ezagutzeko bidaia bat» proposatu dute antolatzaileek, zazpi euroren truke. «Kalitatezko» bazkaria ere izanen da, 13:30ean. Helduen menuak 30 euro balio du; haurrenak, 15. Horrez gain, egun osoan taloak salgai izanen dira.

Haurrentzako jarduerak ere izanen dira: Sarde Sardexka elkarteak behaketa eta zentzumen jokoak antolatu ditu, Euskal Herriko arraza eta barietateak ezagutzeko. Pottoka eta asto ibilaldiak ere izanen dira, baita joko kolaboratiboak ere. Xapata elkarteak gereziondoen bisita eskainiko du. Bestalde, Ezpeletako trikitilariak ariko dira eguna girotzen. 15:00etan, Erromako zubia ikusgarria emanen dute, sorgindutako erle bati buruzkoa, eta, 17:00etan, Kakolak Itsasuko taldeak kontzertua emanen du.

Sor-marken besta 2020an egin nahi zuten, urte hartan Irulegiko arnoak 50 urte bete baitzituen, Ossau-Iratiko gaztak 40, Ezpeletako piperrak 20, eta Kintoko urdaiazpikoak lau. Pandemiak galarazi zuen besta.

Ipar Euskal Herriko Sor-marken besta



Gaur, 10:00etatik aurrera, Itsasun (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.