Asteburuko proposamenak

Itzuli da Harokoa

Portugalete hiribildua duela 700 urte sortu zela ospatuko dute gaur eta bihar. Ekitaldi nagusia antzezlan handi bat izanen da, gaur goizean

Portugaleteko dantzariak, hiriko erraldoi baten inguruan dantzan, Canilla pasealekuan. PORTUGALETEKO UDALA.
Olatz Enzunza - Iker Tubia
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gaurko egunez duela 700 urte, Portugalete hiribildua sortu zen Bizkaian. Maria Diaz Harokoak egun hartan eman zion hiri gutuna Portugaleteri. Hori dela eta, ospakizun eguna dute gaur Bizkaiko hiri hartan. Ez da gutxiagorako: «700 urte ez dira egunero betetzen», esan du Estibaliz Freije Rueda Portugaleteko Kultura zinegotziak. Atzo abiatu zen ospakizuna, bandoen gudaren antzezpenarekin, baina gaur izanen da egun handia.

Bizkaiko hamargarren anderea izan zen Maria Diaz Harokoa, eta hura izanen da gaurko ekitaldien erdigunean. Antzezlan handi bat prestatu dute hiriaren sorrera irudikatzeko, eta, noski, protagonista Bizkaiko anderea izanen da. 11:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala, eta hiriari buruzko bideo proiekzioak eskainiko dituzte. Eguerdian ailegatuko da Maria Diaz Harokoa Portugaleteko itsasadarrera, El Saltillo itsasontzian, eta, han, harrera eginen diote Mikel Torres alkateak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Sokadantza eta ohorezko aurreskua ere eginen diote udalbatzako kideek. Portugaleteko dantzariek ezpata dantza eginen dute, ondotik.

«Ez da ohiko ekitaldi bat izango: herritik eta herriarentzat egindako ekitaldi bat izango da», azaldu du Freijek. Zazpiehun boluntario ariko dira, horietarik bostehun antzezle lanetan. Dantza eta musika ikuskizun bat izanen da eguerditik aurrera, eta urteurrenerako propio sortutako kantak eta dantzak aurkeztuko dituzte jendaurrean. Nuestra villa jarrillera eta Kantatu fuerte Portugalete izanen dira abesti berriak; Zazpi mendeko jauzia, dantza. 12:45ean agurra eginen die Maria Diaz Harokoak herritarrei, beste agintariekin batera. Ekitaldia Tele 7 telebista katean ikusteko aukera izanen da, baita Rialiaren zabalgunean paratutako pantailetan ere.

Ekitaldi nagusia Bizkaiko hamargarren anderearen inguruan antolatu badute ere, jarduera gehiago izanen dira gaur Portugalete hiriaren sorrera ospatzeko. Atzotik Erdi Aroko azoka martxan da Basilikaren inguruan, Rancheria plazan eta Canilla pasealekuan. Bihar arte zabalik izanen da egun osoan. Iluntzean bestelakoak izanen dira ere: 19:30ean, Punto.es musika ikuskizuna, kioskoan, 1980ko eta 1990eko urteetako musikarekin, eta 21:00etan, Tarantela circus ikuskizuna, Rialiaren zabalgunean. Bihar Portugaleteko udal musika bandak kontzertua emangodu kioskoan, eta Aiko taldeak, dantzaldia.

Urteurrena zabalduko da

Asteburuko ekitaldiez gainera, antzezlanak, historiari buruzko hitzaldiak, musika eta beste zenbait ekintza eginen dituzte abendura arte; heldu den asteburuan antzinako itsasontzien jaialdia, esaterako, hiriko itsasadarrean.

Hiriaren sorreraren700. urteurrena: gaur eta bihar, egun osoz, Portugaleten (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.