Asteburuko proposamenak

Lurrinen bilgunea

Landare Berezien Azokan 50 mintegik hartuko dute parte, gaur eta bihar, Aian. Aparkalekuetarako autobus zerbitzu bereziak egongo dira

Gero eta jende gehiago joaten da Landare Berezien Azokara. BERRIA.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Udaberriarekin batera, loratu dira landareen inguruko azokak: Iturrarango Landare Berezien XVII. Azokak gaur irekiko ditu ateak, eta bihar arte egongo da zabalik, Aian (Gipuzkoa), 10:00etatik 18:00ak arte. Munduko txoko askotako loreen espezieak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bisitariek; Euskal Herrian ezaugarri horiek biltzen dituen azoka bakarra da. Pagoeta natur parkean antolatu dute.

Frantziako, Italiako, Espainiako eta Euskal Herriko 50 mintegik jarriko dituzte ikusgai eta salgai euren landareen aleak postuetan. Landare espezie horiek Euskal Herrian ezezagunak dira, baina bertaratzen direnek lorategietan landatzeko aproposak diren landareak ere erosi ahalko dituzte. Horregatik, antolatzaileen hitzetan, Euskal Herriko mintegiek euren produktuak erakusteko eta saltzeko aukera ere bada Landare Berezien Azoka.

Azokaren antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, aurtengoak zenbait berrikuntza izango ditu; besteak beste, Gipuzkoako bi mintegi berri egongo dira: Aleka mintegiak (Beizama) barazki ekologikoen haziak jarriko ditu salgai, eta Astigarragako Loraldi mintegiak, berriz, landare bizkorrak, belarkarak eta banbuak eskainiko ditu. Mintegien postuez gain, ekoizleek bederatzi postu jarriko dituzte bihar goizean Aiako plazan, landareak eta landareekin zerikusia duten hainbat produktu saltzeko: garai honetako landareak, usaindunak, kozinatzeko aproposak direnak, xaboi eta lurrunak, landare olioak, laborantza ekologikorako produktuak, artisauak eta abar.

Landare Berezien Azoka Pagoeta natur parkean egingo dutenez, parkeko lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukera egongo da, eta parkeko arduradunek bisita gidatuak eskainiko dituzte.Biodibertsitatearen lorategira egingo dituzte bisita horiek, gaur eta bihar. Goizean egingo dira, eta 11:30ean izango da euskarazko bisita.

Gero eta bisitari gehiago

Aintzat hartuta azken urteotan bisitarien kopuruak gora egin duela, bi aparkaleku gune antolatu dituzte: Aiako Harria eta Txurrutxako aparkalekua. Gainera, autobus zerbitzu berezia jarri dute aparkaleku horietatik azokara joateko eta itzultzeko. Bestalde, autoz joan beharrean trenez joatea erabakitzen duten horientzat ere izango da autobus zerbitzu berezia, Zarauzko Euskotren geltokitik azoka gunera, alegia.

Sarrerak azokan bertan erosi ahalko dira: prezioa 4 eurokoa izango da helduentzat, eta 12 urte edo gutxiagokoak doan sartuko dira. Prezioak barne hartuko ditu aparkalekuetatik azokarainoko autobusezko joan-etorria, erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta eroslearen ibilgailurainoko landareen garraioa.

Landare Berezien Azoka



Gaur eta bihar, 10:00etatik aurrera, Aian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.