Asteburuko proposamenak

Japoniarako bidaia

Manga, anime eta kultura japoniarrak beteko dute gaur BEC. Egun osoko egitarauan, erakusketak, lehiaketak eta beste antolatu dituzte

Ekintza ugari egingo dira Bilboko Japan Weekenden ASIER CAMACHO.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Japoniako kulturzaleen topagune bilakatuko da gaur Barakaldoko (Bizkaia) BEC aretoa; izan ere, Japan Weekend egingo da bertan. Hala, manga, anime eta kultura japoniarraren fanatikoak elkartu eta jarduera ugariz gozatzeko aukera izango dute. Japoniako unibertsoan murgildu eta hori gertuagotik ezagutzeko egitarau mardula taxutu dute antolatzaileek, eta hitzaldiak, kontzertuak, lehiaketak eta erakusketak izango dira, besteak beste.

Hamargarren aldia izango da hau, eta inoiz baino ekintza gehiagoz osatuta dago ekitaldia. Egun osoko programa antolatu dute: 10:00etan irekiko dituzte BECeko ateak, eta 21:00 arte egongo dira zabalik. Zazpi gunetan banatuta egongo da aretoa, eta Chiitan izeneko japoniar maskotak girotuko du jardunaldia.

Bertan, ez dute hutsik egingo Japoniako kulturari estu lotuta dauden arte martzialen erakusketek; esaterako, 10:30ean hasita, Mugendo arte martzialen emanaldia egingo dute. Bertaratutakoek parte hartzeko aukera izango dute, eta ikastaro kutsua izango du erakusketak. Bestalde, Japoniako kultura sakonago ezagutzeko, hitzaldi ugari egongo dira egun osoan. Tartean izango dira hala nola Asiako zinemari eta telesailei buruzkoa eta Dragoi Bola animearen ingurukoa. Tailerrak ere egingo dira, eta mahai jokoetan ibiltzeko eta marrazteko postuak ere egongo dira. Horrez gain, Madrilgo Japan Weekenden izandako arrakastaren ondoren, Dragoi Bolako motorrak ere egongo dira ikusgai.

Japoniar kulturaren bueltan

Lehiaketek izan ohi dute ekitaldi horretan tarterik handiena, eta horretarako aukera ugari izango dituzte Japan Weekendera joandakoek. Esaterako, dantza txapelketa egingo dute. 12 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte bertan, gehienez hamar lagunek osatutako taldeetan, eta Hego Korean famatua den K-Pop musika generoarekin prestatu beharko dituzte koreografiak. Mozorrotzeko parada ere egongo da Cosplay lehiaketarekin; japoniar jatorria duen fikziozko zein pertsonaia erreal batean mozorrotzean datza. Horrez gain, ez dira faltako bideo jokoen torneoak.

Sukaldaritzak ere izango du bere lekua. Japoniako sukaldaritzan espezialista den Cristina Sombrayk hango gozogintzaren inguruko erakusketa bat gidatuko du. Ondoren, dastatzeko aukera izango dute.

Azkenik, denboran atzera bidaia egiteko parada ere izango dute bertara joandakoek. Izan ere, 1964. urtean Tokion jokatu ziren Olinpiar Jokoen erakusketa bat egongo da ikusgai.

Sarrerak salgai daude jada Interneten. 10 euroko prezioa du arruntak; eta 15 eta 20 eurokoa bereziek. Filmak eta telesailak emango dituzte azken horiekin, hurrenez hurren.

Japan Weekend



Gaur, 10:00etatik 21:00etara, Barakaldoko BEC aretoan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.