Asteburuko proposamenak

Erleen lana erakusteko

Erlezaintzak naturari egiten dion onura erakutsiko dute bihar Usurbilen egingo duten Erle Egunean, eta kultura hori hedatzea izango dute xede

Erle Eguneko azoka nagusia Usurbilgo frontoian egingo da. 30 ekoizletik gora batuko dira bertan. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Naturaren alde lan handia egiten du erleak, eta hori gizarteratu nahi dugu». Argi dauka helburua Julian Urkiola Erle Lagunak elkarteko kideak, eta, hori lortzeko asmoz, Usurbilen (Gipuzkoa) Erle Eguna egingo dute bihar. Maitatu beharreko intsektua delako haren esanetan, eta, horiek egiten duten lanagatik izango ez balitz, «munduaren funtzionamendua bertan behera geratuko litzateke lau edo bost urtean». Loreak polinizatzen lan izugarria egiten dute, eta horiek desagertzeak eragin «latza» izango lukeela dio. Arrazoi horiengatik uste du garrantzitsua dela erlegintzaren inguruko jarduna sustatu eta jendearen artean afizio hori hedatzea.

Belaunaldi berrien artean lekukoa hartuko duten gazte gutxiago ikusten ditu Urkiolak, eta horregatik du zeresan berezia, haren ustez, Erle Eguna egiteak. 21. aldia izango dute biharkoa, eta denbora horretan guztian erlegintzaren kultura hedatzeko lan egin dutela dio. Baina, hala ere, belaunaldi gazteen artean jarraipen txikia ikusten du: «Afizio bat da erlezaintza, eta ez ofizioa, eta aurretik jakin behar da ez dela etekinik aterako bertatik; baserriko lanak beti izan dira diru gutxi ematen dutenak, baina, era berean, garrantzitsuak». Horregatik, uste du gizartea gehiago kontzientziatuko dela erleek polinizazioan egiten duten lana hedatzen bada, eta horrek berekin ekarriko duela jende gehiagok erlezaintza afiziotzat hartzea.

Kultura hori hedatzea helburu denez, Usurbilgo frontoian jarriko duten azokan erleekin zerikusia duten hamaika produktu dastatu eta ikusteko aukera egongo da Erle Egunean. 30 ekoizlek baino gehiagok postuak jarriko dituzte bertan, eta eztia, sendagaiak, argizaria edo erleetatik eratorritako produktuak egongo dira ikusgai. Produktu horien dastaketa bat ere egingo dute, eta eztiarekin egindako gozogintza tailerra ere egingo dute. Horrez gain, erlegintzako prozesuak ezagutzeko aukera egongo da azokan bertan. Erleak izango dituzte ikusgai, eztia nola egiten den erakutsiko dute, baita nola ontziratzen duten ere.

Liztorraren borroka

Hala ere, erleentzako garai zailak ere badira, sei urte badirelako liztor asiarra hedatzen hasi zenetik. «Egoera hori oraindik kontrolatu gabe dago, eta zaila izango da hori kontrolatzea ere». Hala ere, Urkiolak erakunde publikoei eskaera egin die borroka horretan ahalegin handiagoa egin dezaten: «Guk landa eremuko lana egingo dugu, baina eurek ikerketan egin behar dituzte urratsak, gu horretan ez baikara adituak; laguntzeko gaude, baina euren babesa behar dugu». Horretarako ere balioko du, beraz, Erle Egunak: erakunde publikoei gogora ekartzeko liztor asiarraren aurkako borroka amaitu gabeko arazoa dela.

Erle Eguna



Bihar, 09:00etatik aurrera Usurbilgo frontoian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.