Asteburuko proposamenak

Elikagai bi, helburu bat

Zerbaren eta Borrajaren Eguna egingo dute gaur Cabanillasen, lehen aldiz. Jakiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera egongo da

Zerbak Cabanillasko lurretan, aste honetan. REBECA VALBUENA.
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Cabanillasen Orburuaren eta Zainzuriaren Eguna ospatu ohi dute udaberria iristean, herriko bi jaki inportanteenei gorazarre eginez. Orain, beste bi jakiren inguruan antolatu dute jaia: Zerbaren eta Borrajaren Eguna. Gaur ospatuko dute, lehenengo aldiz, eta, Rebeca Valbuena zinegotziaren arabera, «egun berezia eta polita» izango da herritarrentzat. Hura arduratu da egunaren nondik norakoak antolatzeaz, eta, azpimarratu duenez, boluntario askoren laguntza izan du bidean.

«Zerba eta borraja ez dira hain elikagai ezagunak hemendik at, eta egitasmo honen bitartez hemendik kanpora ere ezagun egitea lor genezake», adierazi du. «Ez dira herriko elikagairik inportanteenak», aitortu du; baina bai gehien jaten dituztenak eta neguko preziatuenak. Hala, jaki horiei omenaldi bat egiteko asmoz antolatu dute jardunaldia, eta, herriko helduez eta gazteez gain, kanpotik ere jende asko joatea espero dute.

Goizean goiz hasiko dira lan egiten. Hasteko, hainbat barazkiz osatutako merkatua egingo dute, 10:30ean; ez dira borrajak eta zerbak soilik egongo. San Roque kalean izango da, eta, ikusteko ez ezik, produktu horiek dastatzeko eta erosteko aukera ere izango dute bertara biltzen direnek. Aldi berean, barazki horiek zuritzen erakutsiko dute eremu berean,tailer formatuan. 11:30ean, aldiz, bisita gidatuak egingo dituzte herriko baratzeetan. Bisita gidatu horietan, zerbarekin eta borrajarekin nola lan egiten den ikusiko dute bisitariek.

Helduentzat bakarrik ez, haurrentzat ere egingo dituzte zenbait ekintza, horien artean tailer bat: aurpegia barazkien marrazkiekin pintatuko diete. 12:00etan, berriz, sukaldaritza erakustaldi bat izango da, eta Carlos Catalan sukaldaria izango da saioa gidatzearen arduraduna. 12:30ean, dastatzea egingo dute, eta, 14:00etan, herri bazkaria.

Bazkaldu ondoren, musikaren txanda iritsiko da: Puro Relajo taldeak kontzertua emango du, eta, Valbuenaren aburuz, gazte gehien bilduko den uneetako bat izango da. Boluntario askoren artean antolatu dute eguna, zahar zein gazte: «Zaharrenek barazkiak nola zuritu erakutsi digute, eta horiek arduratuko dira egunean bertan etortzen diren guztiei zuritzen erakusteaz; boluntario gazteenak, bestalde, erakusmahaietan jarriko dira, guk ez baitakigu lan hori haiek bezain ondo egiten».

Eguna amaitzeko, zerbarekin eta borrajarekin eginiko pintxoak jango dituzte herriko taberna ugaritan. Erronda moduko bat egingo dute, eta Los Artistas del Gremio txarangarekin batera egingo dute ibilbidea: 18:00etatik 20:00etara izango da. 17:30etik 20:30ak arte, halaber, puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat.

Zerbaren eta Borrajaren Eguna



Gaur, 10:30etik 20:30era bitartean, Cabanillasen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.