Ana Rosa Agiriano Casal. Gurpil aulkiko saskibaloi jokalari ohia

«Bartzelonako Paralinpiar Jokoetan jabetu nintzen gerrak egiten duen kalteaz»

Aitzindaria izan da Agiriano. Espainiako gurpil aulkiko saskibaloi ligan gizonekin batera jokatu zuen lehen emakumezkoa izan zen, baita gizonezkoekin entrenatu zen lehena ere, 1980ko hamarkadan. Zuzenak klubari lotuta jarraitzen du egun.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko azaroak 6
Hiru emakumezkok jokatzen dute Zuzenak gurpil aulkiko saskibaloi taldean: Agurtzane Egiluzek, Bea Zudairek eta Miren Lanzagortak. 1992. urtetik gizon eta emakumezkoek partekatzen dute jokalekua. Ana Rosa Agiriano Casal (Gasteiz, 1961) aitzindaria izan zen horretan. Hein batean, egungo hiru jokalariek Agirianori zor diote bertan jokatu ahal izateko aukeraren zati bat.

Gasteizko Jarduera Fisiko Egokiturako Zentroan dago Ana Rosa Agiriano Casal (Gasteiz, 1961). Ostiralero doa hara, Zuzenak gurpil aulkiko saskibaloi eskolan laguntzen baitu. Zortzi urte inguru dira Zuzenak gurpil aulkiko saskibaloi taldean lehiatzeari utzi zionetik, baina ez du kirolaz urrundu nahi izan. Eguzkitan dago zain, entrenatzera doazen gazteekin solasean. Makulua du ondoan: «Azkenaldian belauna mindua dudalako erabiltzen dut, bestela...».

Nondik datorkizu kirolerako grina?

Ez dakit... Betidanik esango nuke. Txikia nintzenetik nerabezarora arte errehabilitaziora joaten nintzen, igeri egitera. Duela hogei urte pasatxo gurpil aulkiko saskibaloiarekin hasi nintzen. Iñaki [Ibarreta] ezagutzen nuen, Zuzenak klubeko jokalaria, eta entrenatzera gonbidatu ninduen. 1980ko hamarkadaren bigarren erdia izango zen.

Hamarkada hartan kiroldegi gehienak eraikitzeko bidean zeuden. Non entrenatzen zineten?

Gurutze Gorriko eraikinean, Prado parkearen ondoan. Gerora, Sansomendi auzoko kiroldegira mugitu ginen. Urteak eman genituen bertan, eta, azkenik, Ariznabarrako kiroldegira eraman gintuzten. Azken horren eraikuntzari gertutik erreparatu genion, iristeko modukoa zela bermatzeko: ateen zabalera, dutxak...

Hasieran, gizonezkoekin entrenatzen zinela aipatu duzu. Eta jokatu?

Araudiak ez zuen baimentzen. Galiziako talde batek fitxatu ninduen, eta bi asteburutik behin jokatzen nuen. Galiziako taldearekin denboraldi bat eman nuen, beste bat Andaluziakoarekin, eta azkena Toledorekin. Ondoren, emakumezkoen taldeak desagertu ziren, eta 1992tik aurrera gizonezkoen taldeetan jokatzen utzi ziguten.

Nola izan zen fitxaketa? Ezustea izan zen halako dei bat jasotzea?

Kontuz, ez zidaten dirurik ematen, e! [Barre egin du] Hotela eta bidaia ordaintzen zidaten, gehienetan. Batzuetan nire autoan bidaiatzen nuen, eta, dirurik ez bazuten, ez zidaten ordaintzen. Baina poz-pozik! Halakoetan, Zuzenak klubak laguntzaren bat-edo ematen zidan, batzuetan.

Alderik sumatu al zenuen emakumezkoekin jokatzen hasi zinenean?

Gizonezkoekin ikasi nuen saskibaloian: paseak indartsu ematen, esku batekin... Hala irakatsi zidaten. Emakumezkoekin jokatzean hori leporatzen zidaten: gogor pasatzen nuela. Gizonekin entrenatzearen ondorioz indar handiagoa nuen, azkarragoa nintzen... Oso esperientzia ona izan zen, bai emakumezkoen taldeekin, bai Espainiako selekzioarekin, gauza handirik lortu ez bagenuen ere. Federazioak gizonezkoen kirola sustatzen zuen, batez ere.

Atletismoan ere aritu zinen.

Bai, bai. Esan bezala, beti izan naiz kirolaria. Mendizorrotzan entrenatzen nintzen, garai hartako atletekin: Maite Zuñiga, Blanca Lacambra, Martin Fiz... pentsa!

Saskibaloiaren eta atletismoaren artean aukeratu behar izan zenuen?

Bartzelonako jokoetara begira, esan zidaten bien artean aukeratu behar nuela, eta saskibaloiaren alde egin nuen.

Nolakoa izan zen Bartzelonako esperientzia?

Lehenik eta behin, arraroa, ezin duzulako sinetsi ere egin. Olinpiar hirian zaude, eta erraldoia da. Ezagutzen ez dituzun hamaika diziplina daude, zurea baino erakargarriagoak. Pentsaezinak egiten zitzaizkidan gaixotasunak ezagutu nituen, eta gerrak egiten duen kalteaz jabetu.

Hain zen handia aztarna?

Iran, Irak eta Amerikako Estatu Batuetako kirolariak gogoratzen ditut. Batzuk gorputz atal bat erauzi eta gutxira heldu ziren Bartzelonara. Gerran erabili zituzten gasen eraginak izugarri harritu ninduen: kirolari horiek ez zuten azalik, eta giharrak ikusten zitzaizkien. Sendatu gabe zeuden asko. Ez dugu ezer ikasi.

Nolakoa zen kirolarien arteko giroa?

Bikaina! Kirolari paralinpiarrak formalagoak izan omen ginen. Olinpiarrekin alderatuta, ez omen zegoen horrenbeste mozkor...

Olinpiar Jokoetan beti aipatzen da parte hartzaileek preserbatibo guztiak amaitzen dituztela. Paralinpiar Jokoetan ere bai?

Berdin-berdin. Alde nagusia goizeko oharrak izango ziren. Pentsatzen dut Olinpiar Jokoetan honelakoak izango zirela: «Txapel bat aurkitu da hondartzan»; gurean, berriz: «Hanka ortopediko bat aurkitu da hondartzan»...

Kirol arloan nola joan zen?

Bartzelonan asko gozatu genuen, baina ezer gutxi egin genuen jokalekuan. Europan emakumezko guztiek gizonezkoekin jokatzen zuten, eta hori nabaritu genuen. Areago, emakumezkoen selekzio batzuek astindu bat emango liekete gizonezkoen Espainiako selekzioari.

Zergatik?

Gizonezkoekin jokatzeaz gain, haien parte hartzea sustatzen zutelako. Jokalari bakoitzak puntuazio bat du, gaitasun fisikoen arabera, eta jokalekuan dauden jokalariek ezin dute puntu kopuru bat gainditu. Sailkapen horretan emakumezkoek 1,5 puntu gutxiago zuten, zegokien puntuazioarekin alderatuta.

Espainiako ligan noiz onartu zuten hori?

Bartzelonako esperientziaren ostean, baina puntuazio moldaketarik gabe. Ni izan nintzen jokatu zuen bakarra; taldeek ez zituzten emakumezkoak ateratzen. Gerora, puntuazioa jaitsi zuten, baina hala ere... Duela sei edo zazpi urtetik hona emakumezkoak jokalari garrantzitsuak dira taldeetan.

Duela zortzi bat urte lehiatzeari utzi zenion. Zergatik hartu zenuen erabakia?

Batetik, erretiratzeko ordua geroz eta gertuago ikusten nuen, eta, bestetik, alaba bat nuen. Alaba kirolean hasia zen, eta hor sortu zitzaidan galdera: «Nik jarraituko dut kirolarekin, edo alabak?». Ezin nion bizitza propioa izatea ukatu.

Zein kirol egiten du?

Aulkian jokatu izan du eskolan, baita txapelketaren bat edo beste. Gaur egun Araskiko talde txikietan ari da.

Emakumezkoen kirol egokituak babesik ez zuela aipatu duzu lehen. Zure alabaren bitartez egokitu gabeko emakumezkoen kirolaren harrobia ari zara ezagutzen. Egoera bertsua da?

Nire ustez, garaipenak ez dira berdin baloratzen mutilek lortu edo neskek lortu. Hedabideek ere ez diete kasu bera egiten. Ez dakit diruagatik den, ez delako ondo saltzen... Emakumezkoen saskibaloia ikusten dut telebistan, eta zergatik ez dituzte berdin kontatzen gizonen eta emakumeen partidak? Tonu desberdina dute! Batzuetan ahotsa ere kentzen diot telebistari. Ez badu sartzen, esan dezatela ez duela saskiratu, eta ez «Uiiiiiii... ia sartu du!».

Taldearekin asko bidaiatu duzu. Eragozpenik sumatu al duzu bestelako funtzionaltasuna izateagatik?

Konturatu naiz aurrez etengabe abisatu behar dela. Besteak beste, hotel batzuek diote egokituta daudela, baina, heltzen zarenean, lau koska ikusten dituzu jantokira joateko. Kexatzean, esaten dizute: «Egokituta dago!», eta zerbitzariari esaten diote zuri lau koska horiek jaisten laguntzeko.

Kontzientzia falta da?

Bai. Ez dago kontzientziarik gehiengoa ondo dagoelako. Gizartea gehiengoarentzat pentsatuta dago. Gutxiengoa garenok gogoz borrokatu behar dugu edozer gauza. Batzuetan pentsatzen dut, horrenbeste laguntza eman beharrean, hobe litzatekeela hasieratik gauzak guztientzat egitea: iristeko moduan dauden etxebizitzak, autoak...

Emakumezko bakarra izanda, nola antolatzen zineten aldageletan?

Normalean, ni dutxatzen nintzen lehena, eta, gero, besteak. Ez zegoen arazo handirik. Leku batzuetan errazagoa zen, aldagela bakar bat ere ez zegoelako egokituta. Hortaz, hotelean dutxatzen ginen. Ariznabarran gizon eta emakumezkoentzat aldagelak zeuden.

Hortaz, Gasteizen aldagela egokituak zeuden?

Gasteiz eredugarria da arlo horretan. Beti egongo da zer hobetu, baina. Zuzenak klub pribilegiatu bat da. Dituen azpiegiturak ez ditu beste inork inguruan. Egia da ere borroka handia egin duela.

Nola geratu zinen herren?

Poliomielitis txertoaren ondorioz. Ez zegoen ondo, eta... Ez dut gogoratzen ere noiz gertatu zen. Sei edo zortzi hilabete izango nituen txertoa jarri zidatenean. Baina ni bezala, kasu asko daude. Gaizki zeuden txertoen eraginez. Dena dela, gero poliomielitis izendatzen zuten. Tira, jarri, subnormal jartzen ziguten familia liburuan!

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Zoragarria izan zen! Oso bihurria nintzen... Ilegorria, pekatsua, bi mototsekin... Bizitza normala egin nuen: ikastetxera joan, auzoko lagunekin jolastu... Egia da Madrilera joaten nintzela noiz edo noiz, ebakuntzak egitera. Zaramagako Eskola Nazionalean ikasi nuen, eta Madrilgo Niño Jesus ikastetxean. Madrilen ebakuntzak egiten zizkidatenean, denbora luzea egon behar nuenez ospitalean, hango eskolara joaten nintzen. Bestela, Gasteizen ikasi nuen; alegia, ez nintzen Gorlizeko [Bizkaia] ikastetxera joan. Eta esandakoa, oso bihurria nintzen!

Bihurria?

Aparatu bat nuen hanka batean, baina egun osoa ematen nuen bizilagunen balkoira pasatzen, eskaileretatik zuhaitzetara igotzen... Aitortu behar dut anaien artean hezi naizela; ahizpa gazte bat dut, baina hiru nebekin dut adin tarte txikiena.

Aipatu duzu oso txikitatik joaten zinela igeri egitera.

07:30ean joaten nintzen igeri egitera, bakarrik, autobusean. Tira, bakarrik... bizilagun batekin. Amak nebak eta ahizpa ere eraman behar zituen beste leku batera; hortaz, nik hartzen nuen autobusa. Gidariak esaten zidan noiz jaitsi; eraikinean sartzen nintzenera arte itxoiten zuen, elkar agurtu, eta bidea jarraitzen zuen. Herren nenbilenez, itxaron egiten ninduten. Gasteiz herri bat zen. Denek elkar ezagutzen genuen.

Estereotipo asko al daude bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen gainean?

Denetarik dago, baina oso urduri jartzen naiz gurpil aulkian dagoen bati haurtxo bati bezala hitz egiten diotenean. Gurpil aulkian egoteak ez du esan nahi burua ondo jantzita ez duenik! Mingarria da hori ikustea.

Zaramagan bizi zinetela esan duzu.

Bai. Garai hartan, egun osoa kalean ematen genuen, jolasten. Gaur egungo haurrek eskolaz kanpokoak baino ez dituzte. Ordea, garai hartan ogitartekoa hartzeko ere ez ginen etxean sartzen: leihotik botatzen ziguten! Eta, gero, plazara joaten ginen, jolastera.

Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenean bertan zinen?

Kulunkan jolasten ari ginen. Grisak sartu ziren, eta gu korrika batean atarian babestera joan ginen. Ia aurretik eraman gintuzten. Gogoratzen dut anaiak elizara joan zirela, eta amak susto erraldoia zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna