Kafearen geroa, hutsa bezain beltza

Munduko kafe espezie basatien %60 galtzeko arriskuan daude; klima aldaketaren eta deforestazioaren eraginez, besteak beste. Arabica espeziea da haietako bat, kafe ekoizpenean gehien erabiltzen den espeziearen jatorrizkoa. Ale basatiak galtzeak ekoizten den kafeari ere eragingo lioke.

Basotik kikarara. Etiopiako erara egindako kafea. ALAN SCHALLER / UNION HAND-ROASTED COFFEE.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Kafearen bueltan egiten dira sarri hitzorduak: lanekoak, lagun artekoak edo bestelakoak. Munduan gehien kontsumitzen den edaria omen da, uraren atzetik. Arabica eta robusta espezieak dira kontsumitzeko ekoizten direnak; haiez gain ere badira munduan ehundik gora kafe landare mota. Baina galtzeko arriskuan daude, ordea, ikertzaileek ohartarazi dutenez. Kikarako kafeak ere etorkizun beltza izan dezake, espezie basatiak galtzen badira.

«Kafe espezie basatiak eta haien aniztasun genetikoa hartu ditugu kontuan», azaldu du Aaron P. Davis ikerlariak. Hark gidatu du Erresuma Batuko Kew Lorategi Botaniko Errealaren ikerketa. Urte askotako lanak azaleratu duenez, munduan dauden 124 kafe espezieetatik 75 galtzeko arriskuan daude. Madagaskarren daude arriskupeko espezie gehien, 43 zehazki esateko; Tanzania eta Kamerun dira hurrengoak zerrendan, hamabi eta zazpi espezierekin, hurrenez hurren. Kopuru txikiagoak izanagatik, arriskua identifikatu dute beste hainbat herrialdetan ere; besteak beste, Afrika ekialdekoetan, Sierra Leonan, Indian, Australiako Queenslanden, Papua Ginean eta Filipinetan.

Galtzeko arriskuan dauden espezie basati horien artean dago arabica; hura da munduan gehien ekoizten eta kontsumitzen den kafe espeziearen jatorrizkoa, robustarekin batera. Horrek alarmak piztu baditu ere, Davisek argitu du kafe edaria ez dagoela arriskuan gaur-gaurkoz: «Epe laburrean ez da desagertuko; kafe asko dago gaur egun».

Epe laburrean ez bada ere, alarmak pizteko ondorioak utzi ditu ikerketak: egun ekoizten ez diren espezieak desagertzeak zuzenean eragingo lieke ekoizten direnei ere. «Seguru asko, aurrera begira, eta historia kontuan hartuta, espezie basatien genoma eta aniztasun genetikoa beharko da etorkizuneko ekoizpen arazoei aurre egiteko; are gehiago klima aldaketa bizkorraren garaian, eta gaixotasunen eta izurriteen agerraldiak larriagotzen ari direnean».

Unai Pascual ikertzaileak klima aldaketari eta landa inguruneko nekazaritzari buruzko azterketak egin ditu, eta bat dator Davisekin: «Bioaniztasuna bizitza aseguru bat da herrialde askorentzat. Elikagaien aniztasun genetikoa galtzen dugun heinean, haien informazio genetikoa galduko dugu».

Kew lorategiko ikertzaileek ondorioztatu dutenez, kafe espezieak galtzeko arriskuaren arrazoi nagusiak klimaren eta lurzoruaren aldaketa dira, bereziki deforestazioa. Bertatik bertara ezagutu ditu Pascualek Etiopiako basoak: «Tarteko eredu bat dago: basoan jaiotzen da kafe landarea, eta nekazariek badakite horiek nola kudeatu». Horregatik, bioaniztasunaren galerarako bultzatzaile zuzen bat da deforestazioa Pascualentzat; aldiz, biderkatzaile bat da klima aldaketa: «Niri gehiago gustatzen zait biderkatzaile bat dela esatea. Benetan arriskuaren bultzatzaileak direnak kontsumo eta ekoizpen ereduak dira. Klima aldaketak horien eragin negatiboak biderkatzen ditu». Pascualen iritziz, merkatuak eta industriak barietate gutxi batzuei ematen die lehentasuna; eta, globalizazioaren ondorioz, espezie asko galtzen ari dira.

Bidezkoaren alde

Bateko eta besteko arrazoiak tarteko, arriskuan daude kafe espezie basatien %60. Davisek adierazi duenez, espezie horiek babestea da orain erronka: «Eremu babestuak hobeto kudeatu behar ditugu, eta berriak sortu kafe espezie basatientzat. Etiopian egin dute, arabica espeziea kontserbatzeko». Erantsi du landareen material genetikoaren biltegiak hobetu behar direla; hazien bankuak, esaterako.

Pascualek ere egoki ikusten ditu gordailuak, baina harago doa: «Informazio genetiko hori fisikoki gordetzea oso garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da ekoizpen modua eta jakintza ere mantentzea; espezie horiek euren jatorrizko ekosistemetan mantendu behar dira». Horiek babesteko politika publikoak behar direla uste du. Halaber, nabarmendu du kafearena ez dela salbuespen bat: «Kafea luxuzko produktu bat da; artoaren, patataren, edo arrozaren arazoa larriagoa da, oinarrizko elikagaiak baitira».

Luxuzkoa izanagatik, 2018-2019 kafe denboraldian 167,47 milioi kafe zaku (60 kiloko) ekoitziko dira munduan, Kafearen Nazioarteko Erakundearen aurreikuspenen arabera. Aurreko urtearekin alderatuta, 1,5% igoko da ekoizpena. Brasil izango da gehien ekoitziko duen herrialdea, 60 milioi zaku ingururekin. Vietnam eta Kolonbia daude bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren.

Kontsumo datuek oso bestelako mapa erakusten dute: Europa iparraldeko herrialdeetan kontsumitzen dute kafe gehien; 2017an, esaterako, Finlandian kontsumitu zuten gehien, hamabi kilo pertsonako urtean. Beste modu batera esanda, batez beste egunean hiru kikara pasatxo kontsumitu zituen finlandiar bakoitzak. Norvegia izan zen bigarrena, bi kilo gutxiagorekin, eta Islandia hirugarrena, bederatzi kilorekin.

Donostiako Kitzin bidezko merkataritzako dendan lan egiten du Valentin Olaetxeak; «kolonializazio garaia» gogorarazten diote ekoizpen eta kontsumo mapa horiek: «Kolonializazio garaian bezala jarraitzen dugu: hegoaldeko herrialdeak euren lurrik onenak kafea eta bestelako produktuak ekoizteko erabiltzera behartzen dituzte. Lehengaiak handik hartu eta hemen prozesatzen ditugu, eta irabaziak hemen geratzen dira». Horri aurre egitea du xede bidezko merkataritzak; besteak beste, ekoizleei soldata eta lan baldintza duinak bermatuz.

«Kafea da bidezko merkataritzan gehien saltzen den produktua, azukrearekin eta kakaoarekin batera», adierazi du Olaetxeak. Jatorri askotakoa aurki daiteke Kitzinen: Mexikokoa, Guatemalakoa, Etiopiakoa, Nikaraguakoa... Arabica espeziekoak dira gehienak. «Kalitate handiko kafeak dira, ekoizpen txikietan eta landatzeko modu zainduarekin ekoitzitakoak». Haatik, kafearen munduko merkatua bestelakoa dela gogorarazi du; lauzpabost multinazionalek kontrolatzen dute merkatua; besteak beste, Nestle enpresak. «Haiek ekoizleei ordaintzen dieten diru kopurua oso eskasa da; askotan, ekoizpen kostua baino baxuagoa».

Egoeraren jakitun diren zenbait kontsumitzailek bidezko merkataritzaren aldeko hautua egiten dute, Olaetxeak adierazi duenez. Haiek, ekoizleen lan eskubideak ez ezik, ekoizten den kafearen aniztasuna ere babestu dezakete, Davisen aburuz: «Ekoizleek soldata justu eta duinak jaso behar dituzte euren kafearengatik. Haiek dira ekoizten den kafearen aniztasunaren zaintzaileak». Gogoratu du kafearen prezioa azken bi urteetan oso baxua izan dela; eta, igotzen ez bada, nekazari askok kafea ekoizteari utz diezaioketela.

Kew lorategikoak, berriz, zailagoa ikusten du kontsumitzaileek euren alea jartzea espezie basatiak babesten: «Produktuen etiketak hobetu behar dira, kontsumitzaileek jakin dezaten euren erosketak nolako inpaktua duen ingurunean». Pascualen iritziz, politika publikoen alde borrokatu behar du jendeak: «Politika publiko ezkorrak geldiarazten saiatu behar dugu; deforestazioa, esaterako. Eta, gizarteko kide gisa, antolatu egin behar gara, bioaniztasuna, bizitzaren aseguru hori, mantendu nahi badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.