Izan ala ez izan, norbere esku

Nortasuna da norbanakoaren ezaugarri behinenetako bat; pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko moduek osatzen dute. Izaera, ordea, ez da finkoa, eta aldatu egiten da, onerako ala txarrerako; bizitzako etapek, inguruak, bizipenek eta beste zenbait faktorek eragiten dute.

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Sinadura bezain pertsonala da izaera; bakoitzak berea du, eta norberarekin dago une oro: pertsona bat alaia ala tristea izan daiteke, irekia edo itxia, urduria ala lasaia. Haatik, horrelakoa da, eta ez da aldatuko ustea zabalduta badago ere, nortasuna aldakorra dela ondorioztatu dute zenbait ikerketak. Izaeraren ezaugarri batzuk aldakorragoak dira beste batzuk baino, eta kanpo zein barne faktoreek dute eragina aldaketan. Nortasuna aldatzen da dena den, muga batzuen barruan betiere.

«Jendeak uste duen baino gehiago aldatzen dira nortasunak: ez dira hain zurrunak; jendea aldatu egiten da bizitzan zehar», adierazi du Eneko Sansinenea psikologo eta EHUko irakasleak; nortasunaren psikologia irakasten du, besteak beste. Edinburgoko Unibertsitateak egindako ikerketa bat aipatu du Sansineneak: 1.208 haurren nortasunak aztertu zituzten; 60 urte geroago, ariketa berriz egin zuten haietako 174 pertsonarekin, eta nabarmen aldatua zitzaien izaera.

Iritzi berekoa da Mikel Haranburu ere, Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako doktore eta EHUko ILCLI Logikaren, Kognizioaren, Lengoaiaren eta Informazioaren Institutuko kidea: «Nortasunak aldatu egin daitezke, eta aldatzen dira».Nortasunaren konplexutasuna nabarmendu du: «Nortasunak osagai asko ditu. Beraz, osagai askoren integrazioaren emaitza da. Nortasuna errealitate konplexu bat da, eta haren aldaketa ere prozesu konplexu baten emaitza da».

Sansineneak azaldu duenez, nortasunak bi aldagai nagusi ditu: bereizgarriak eta motibazioak. «Bereizgarriak dira pertsonarengan aurki ditzakegun joera egonkorrak, hau da, beti modu jakin batean pentsatzeko, sentitzeko edo jokatzeko joerak. Badirudi genetikoki nahiko zehaztuta daudela; %50ean-edo jasotzen ditugu gurasoengandik». Motibazioetan, berriz, pertsonaren nahiak eta helburuak agertzen dira, zer egin nahi duen bere bizitzarekin. Horiek kulturaren eraginpean daudela azaldu du; hots, gizarteak baduela zer esana motibazioetan. Nortasun bereizgarri horiek aldatu egin daitezke, baina motibazioak baino egonkorragoak dira, irakaslearen arabera.

Nortasun bereizgarriek bost osagai nagusi dituzte, Haranbururen arabera: irekitasuna, maitekortasuna, kanporakoitasuna, kontzientzia eta neurotizismoa. «Irekitasunak, maitekortasunak eta kanporakoitasunak adierazten dute beste pertsonengana eta gizartera zenbat irekitzen garen, eta haiengan zenbateko konfiantza dugun. Kontzientziak eta neurotizismoak gure bizipenei eta barneko nahiz kanpoko errealitateari buruz dugun kontzientzia, ardura eta kezka adierazten dute». Sansineneak ere banaketa bertsua egiten du, gutxi-asko.

Edinburgon ez ezik, Euskal Herrian ere egin dituzte nortasunari buruzko ikerketak, Haranburuk gogoratu duenez; hain zuzen, nortasun bereizgarrien bost osagai nagusiak kontuan izanik egin zuten, 2007an: «425 pertsona aztertu genituen, 180 gizon eta 245 emakume, 16 eta 60 urte artekoak. 16 eta 20 urte artekoek neurotizismo eta kanporakoitasun handiagoa zuten 25-60 urte artekoek baino. Aldiz, 25-60 urte artekoek maitekortasun eta kontzientzia handiagoa zuten16-20 urte artekoek baino». Irekitasunean ez ei zuten aldaketa garbirik aurkitu.

Atxikimendu figurak

Amaia Vazquez psikologo klinikoak ere uste du nortasuna aldatu egiten dela : «Biologikotik zatitxo bat badu, baina ikasia da gehiena, eta desikasi egin daiteke». Hiru elementu nagusi ditu nortasunak, haren iritziz: emozioak, jarrerak eta jokaerak. «Emozioek, nolabait, gure jarreran eta jokaeretan eragiten dute». Esan du haurtzaroan ezartzen dela izaeraren muina: «Amaren umetokian gaudenetik 8 urte ditugun arte ezartzen dugu gure izateko eta funtzionatzeko modua». Eta aldi horretan emozioek duten garrantzia nabarmendu du: «Haurrak garenean, emozioek dute lehentasuna. Oinarrizko lau emozioen arabera mugitzen gara: poza, beldurra, tristura eta amorrua».

Emozioek ez ezik, inguruak ere eragin zuzena du izaeraren osaeran; besteak beste, atxikimendu figurek: «Izaeraren garapenean garrantzi handia daukate gure atxikimendu figurek; normalean, aita eta ama izaten dira hasieran. Haiekin ditugun harremanek asko markatzen digute izaera». Horregatik, uste du haurren emozioak errespetatzea, haien behar emozionalak asetzea eta harreman afektiboak lantzea beharrezkoa dela pertsona osasuntsua izateko.

Sansinenearen iritziz ere, bizitzako etapek eragin zuzena dute nortasunean: «Bizitzak hainbat fase ditu, eta horietako bakoitzak erronka bat dauka». Honako hauek dira erronkak, irakaslearen arabera: haurtzaroan, eskolako jardunetan moldatzea; nerabezaroan, nork bere burua aurkitzea; helduaroan, lana eta norabide profesional bat aurkitzea, eta, gehienen kasuan, bizitza afektibo osasuntsu eta orekatu bat lortzea; azkenik, zahartzaroan, gainbehera fisiko eta psikologikoari duin erantzutea, eta bizitzaren zentzua mantentzea.«Nortasuna aldatuz doa pixkanaka, erronka bakoitzari ematen diogun erantzunaren arabera».

Hortaz, ziklo bakoitzean aldatuko da gizabanakoaren nortasuna. Badira, ordea, aldaketa handiko garaiak, Sansinenearen aburuz: «Nerabezaroa aldaketa handiko garaia da: pertsona oso behartua sentitzen da aldatzera. Aurretik haur identitatea izan dugu, baina orain ez digu balio; ordea, identitate heldua ere ez da iritsi oraindik». Vazquezek ere ideia bera berretsi du: «Nerabezaroan, berriro, aldaketa asko izaten dira: fisiologikoak, psikologikoak, sozialak eta abar. Hor, berriro, gure izaeraren muin hori mugituz joaten da».

Ildo beretik, Vazquezek uste du izaera aldatzea zailagoa dela adinean aurrera joan ahala: «40 urterekin aldatzeko, hausnarketa pertsonal eta terapeutikoa behar da; hor aldaketa zailagoa izaten da. Adinean gora egin hala, oso ezarrita daude defentsa mekanismo guztiak, harremanetarako erabiltzen ditugun kode guztiak». Ez du aterik itxi, ordea, ezta Sansineneak ere: «Esaterako, erantzukizuna oinarrizko nortasun bereizgarri bat da, eta ikusi da bizitzan zehar handituz doala».

Orduan, aldaketa edozein garaitan da posible. Baina zerk eragiten du? Arrazoi bat baino gehiago daude, Haranburuk azaldu duenez: «Eskuarki, garapen normal baten buruan aldatzen da nortasuna. Terapia baten eraginez ere alda daiteke. Nortasunaren aldaketa, sarritan, pertsona bat ingurunera hobeto egokitzeko gertatzen da; baina gerta daiteke nortasuna aldatu izanaren eraginez ingurunera okerrago egokitzea ere». Horiez gain, bat-bateko aldaketak ere gerta daitezkeela azaldu du, patologia, istripu, trauma, sendagai edo drogen eraginez. «Horiek ez dira joaten norberak nahiko lukeen zentzuan eta norabidean».

Vazquezen ustez, ostera, sufrimendua izan ohi da aldaketaren iturria: «Aldaketarako aurrekaria sufrimendua da; jendeak sufrimendua du, intentsitate ezberdinekoa. Demagun pertsona batek ikusten duela ez dela gai harremanak izateko, beti porrot egiten duela; edo ez dela gai lan bat egiteko iraunkortasun batekin; edo ez dela gai lo egiteko; edo ez dakiela bizitzan plazerarekin konektatzen». Horretaz jabetzea da lehenengo urratsa, psikologoaren aburuz: «Orduan, esaten du: 'Nire izaeran badaude gauza batzuk lasai bizitzen uzten ez didatenak'». Ausardia ere behar da: «Oso ausartak izan behar dugu gaizki gaudela eta laguntza behar dugula onartzeko».

Alta, arazoaz jabetzea eta ausardia izatea soilik ez da nahikoa; mugak ezagutu behar dira, Sansineneak gehitu duenez: «Ulertu behar da nortasuna ez dela nahierara aldatzen den zerbait, prozesu bat baizik, bere erritmoa duena, eta luze samar jo dezakeena». Vazquez ere uste berekoa da: azaldu du helburua ez dela aurkakoa lortzea: «Esaterako, helburua ez da pertsona isil bat hiztun bihurtzea, baizik indartzea eta talde batean sartzean eroso sentitzea».

Era berean, EHUko irakasleak adierazi duenez, gizarteko nortasun ereduek ere ez dute asko laguntzen aldaketan: «Gizarteak eraikitzen dituen nortasun eredu batzuek zerikusi txikia dute askotan gu benetan garenarekin». Arrakastari lotutako izaerak dira, haren ustez.«Pertsona bakoitzak potentzial bat dauka, baina ez da beti sozialki miresgarria. Zailena da jakitea benetan zer nahi dugun, eta, horretarako, isiltasun eta bakardade puntu bat behar da, norbere barruko ahotsak entzuteko».

Aldaketarako oztopoak badiren arren, laguntzeko bideak ere badira; terapia psikologikoak, kasurako. Horiek baliagarriak izanagatik, hutsunerik ere ikusten die Sansineneak: «Terapiak zailki egin daitezke sare publikoan; ondorioz, bulego pribatuetan lan egiten duten terapeutengana jo behar da halabeharrez. Gainera, gure gizarteanuste da psikologoetara joan behar dela soilik gaixotasun mentalen bat dagoenean».

Hori jakinik, bestelako aukerak ere badaudela azaldu du Vazquezek: «Meditazioak, yoga, osteopatia... Bide asko daude». Idaztea ere baliagarria izan daiteke, Sansinenearen arabera: «Idazketa oso lagungarria izaten da pertsona askorentzat. Esperimentu batean, jendeari eskatu zioten izandako traumen inguruan idazteko, egunero hogei minutu, hiru astez. Esperimentua amaitutakoan, ikusi zuten nabarmen hobetu zela haien osasun fisikoa eta psikologikoa».Bide bata ala bestea, ausardia izanez gero eta mugak ezagutuz gero, posible da norbere sinadura jartzea norbere izaerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.