Klima aldaketa

Hemen da aldaketa

Aurreko hiru urteak bezala, 2018a ere muturreko fenomeno meteorologikoz beteriko urtea izaten ari da. Ez dira kasu bakanak: gero eta maizago eta toki gehiagotan gertatzen dira. Zientzialariek ohartarazi dute klima aldaketa betean dagoela jadanik Lur planeta, eta egoera okertzeko arriskuaz mintzatu dira.

Iñaki Petxarroman -

2018ko abuztuak 16
Mundu osoko zientzialariek urteak daramatzate ohartarazten zer ondorio ekar ditzakeen klima aldaketak. Badira urte batzuk zantzuak agerian direla. Azken hiru urteak inoizko beroenak izan dira, eta aurtengoa ere bide bertsutik doa. Muturreko tenperaturak, lehorteak, uholde bortitzak eta suteak hondamendi eremu bihurtzen ari dira planetako gero eta eremu gehiago, etorkizunean etor daitekeenaren atariko.

2017, ERREKORREN URTEA



Orain arteko urterik beroenetan hirugarrena izan zen 2017a. Haren aurretik, beste bi beroenak 2015a eta 2016a izan ziren. Berriki argitaratu dute klimaren egoerari buruzko 2017ko txostena AEBetako NOAA agentzia federalak —ozeanoak eta atmosfera aztertzeaz arduratzen da— eta Ameriketako Meteorologia Elkarteak, eta ez du baikortasunerako aukera handirik utzi. 2017a inoizko urterik beroena izan ez bada ere, txostenak nabarmendu du aurreko bietan El Niño fenomenoa indarrean egon zela, eta hark eragiten duela Pazifikoko ura berotzea. 2017an ez zen halakorik izan.

Berotegi gasen isurketak %2ko hazkundea izan zuen 2017an, eta hori datu kezkagarria da, aurreko hiru urteetan isurketak ez baitziren handitu. Horrela, gaur egun, atmosferako CO2 kontzentrazioa 405 milioi partekoa da (ppm), 2 ppm handiagoa 2016an baino. Industriaurrean 278 ppm-koa zen. Horrek erakusten du, neurri batean, Parisko akordioek ez dutela izan espero zitekeen eragina. 2015ean, klimari buruzko goi bileran, munduko berrehun herrialdek konpromisoa hartu zuten neurriak hartzeko tenperatura ez dadin igo 2 gradutik gora.

NOAAren txostenaren arabera, lurreko tenperaturak 0,38 eta 0,48 gradu artean berotu ziren 1981etik 2010era. Azken lau urteak —2014tik 2017ra— sekula neurtutako beroenak izan dira. Aldi berean, errekorrezko tenperaturak neurtu zituzten hainbat herrialdetan: besteak beste, Espainian, Argentinan, Pakistanen eta Uruguain. Pakistango mendebaldean, 53,5 graduko tenperatura neurtu zuten iazko maiatzean. Itsasoko uraren tenperatura 2016koa baino pixka bat hotzagoa izan bazen ere, azken hiru urteak inoiz neurtutako beroenak izan dira. 2000. urtetik, batez beste, 0,17 gradu berotu dira munduko itsasoak hamarkadako. Itsasoen gainaldeak —700 metroko sakonerara arte— beroa pilatzen jarraitu du. Kontuan hartu behar da itsasoek xurgatzen dutela berotegi gasen ondoriozko beroaren %90. %1 atmosferara doa, eta gainerakoa lurraren eta izotzaren artean banatzen da.

Hori ari da ekartzen koralen suntsiketa. 2014ko maiatzetik 2017ra sekula ikusi gabeko heriotza gertatu da Ozeano Atlantikoko, Pazifikoko eta Indiako ozeanoko koraletan. Zenbait harresi ia osorik hil dira. Itsasoetan beste marka bat ere atzeman dute Amerikako ikerketa zentroek. Hamarkada bakoitzeko 3,1 zentimetro ari da igotzen itsasoaren maila, eta dagoeneko 7,7 zentimetro garaiagoa da 1993an baino.

Urte latza izan da munduko bi muturretan ere, ipar eta hego poloetan. Artikoan, lurreko tenperatura 1,6 gradu beroagoa izan da 1981-2010eko aldiko batezbestekoa baino. Izotzaren gehieneko pilaketa inoiz baino goizago hasi zen atzera egiten —martxoaren hasieran—, eta, satelitez aztertutako aldian —1980tik—, inoizko hedadurarik txikiena izan du neguan. Izotzaren gutxieneko hedadura —irailean— aipatutako erreferentziako urteetan baino %25 txikiagoa izan zen. Antartikan ere antzeko prozesuak sumatu dituzte, eta izotzaren hedadura azken hiru hamarkadetako txikiena izan da.

Aldi berean, muturreko fenomeno meteorologikoak —lehorteak eta uholdeak— ohi baino sarriago gertatu ziren 2017an. Uholdeek eragin handia eduki zuten Indian, Venezuelan eta Nigerian. Muturreko lehorteek kalte handiak eragin zituzten Hego Amerikan, Afrikan, Indian, Txinan, Errusian eta Australian. Lehorte egoera horiek, besteak beste, suteak erraztu zituzten AEBetan, Espainian eta Portugalen.

Bestalde, 85 zikloi tropikal antzeman zituzten 2017an, 1981-2010eko aldian urtero izaten den batez besteko kopurutik gora: 82. Ipar Atlantikoak nozitu ditu jarduera ziklonikoaren ondoriorik larrienak.

AURTENGOA ERE, BIDE BERETIK



Goiz da 2018ko datuen analisi zehatza egiteko. Baina, orain arte jakin denagatik, zantzuak ez dira onak. Uda beroa izaten ari da ipar hemisferioko goiko latitudeetan. Eskandinavian, esate baterako, gutxitan bezalako tenperatura beroak izan dituzte. Inoizko beroenak neurtu dituzte Norvegian —33,7 gradu Frostan eta Dragen—. Suedian 34,4 gradura iritsi dira Uppsalan, eta 32,5era Kivkkjokken. Finlandian 33,7 gradu izan zituzten, Vaasan, uztailaren 18an. Hain zuzen ere, eskualde horretan, 60 urtean, bakarrik 2010ean izan zituzten halako tenperaturak bero bolada batean.

Europan ez ezik, muturreko tenperaturak eduki dituzte Kanadan, Japonian, Korean eta beste hainbat tokitan ere: 36,6 gradu Montrealen, 40 gradu Tokion, 38 gradu Seulen... Bero boladak izan dira AEBetan, Asia erdialdean eta Afrikan ere. Furnace Creeken —Kaliforniako Heriotzaren Haranean— 52,9 gradu izan zituzten uztailaren 24an —2013an izan zen han inoiz neurtu den tenperaturarik beroena: 54 gradu—; 51,4 Arabiar Emirerri Batuan, eta 50 gradu Thermalen (Kalifornia).

Sute larriak izan dituzte hainbat tokitan. Kalifornian hainbat su piztuta dago oraindik, eta, adibidez, Mendocino Complex inoiz herrialdean izandako handiena da jadanik. Grezian ere sute handiak izan dira, eta haietako batean 80 pertsona hil ziren, eta dozenaka zauritu. Australian, Hegoaldeko Gales Berrian, aspaldi ez bezalako lehorte bat ari dira bizitzen. Indian, Bangladeshen eta Asiako beste hainbat tokitan ere euriteek ehunka lagun hil dituzte.

DOMINO EFEKTUAREN KEZKA



Planeta osoan ari dira sumatzen klima aldaketaren sintomak, baina egoera are eta larriagoa izan daitekeela ohartarazi dute hainbat zientzialarik. Hain zuzen ere, PNAS aldizkari espezializatuan Danimarkako, Australiako eta Alemaniako hainbat ikertzailek argitaratu duten lanaren arabera, Lurra hauste prozesu batean has daiteke bi graduren berotze orokorra gainditzen bada. Izan ere, une horretatik aurrera, hainbat fenomenok eragin dezakete 4-5 graduko berotze globalera iristea. Hala, karbono hodiak ahultzen hasiko lirateke —orain arte karbono dioxidoa xurgatu duten itsasoak eta oihanak—. Betiereko izotzak —Errusiako eta Kanadako glaziarretako permafrosta— desagertuko lirateke, eta bertan gordeta dauden berotegi gasak —metanoa, karbono dioxidoa...— isuriko lirateke. Modu horretan, gaur egun urtero isurtzen den baino hamabost aldiz gehiago atmosferaratuko litzateke prozesu azkar batean. Horrekin batera, Antartikako eta Groenlandiako izotzak urtuko lirateke. Zientzialariak ez daude ados hori noiz gertatuko den, tenperatura orokorra gradu bat edo hiru berotzen denean. Edonola ere, orduan itsasoa hamar metrotik gora igoko litzateke, eta munduko hiru hiri handitatik bi itsas mailako hamar metrotik behera daude.

Gainera, izotzak eguzki izpiak uxatzen ditu, baina, desagertuko balitz, ura are eta gehiago berotuko litzateke, ez daukalako izotzak erradiazioa kanporatzeko daukan ahalmena. Hala, besteak beste, Lurra hiru gradu baino gehiago berotuz gero, oihan tropikalen ia erdiak desagertuko lirateke? —Amazoniaren %40, kasurako—, basoak ihartuta. Gero eta sarriago gertatuko diren lehorteek eta suteek fenomeno hori larrituko dute.

Baldintza horietan, ezinezkoa litzateke planetan mila milioi biztanle baino gehiago bizitzea. Gaur egun zazpi mila milioi bizi dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna