KLIMA ALDAKETAREN AURKAKO BIDEA

2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
1972. Nazio Batuen Erakundeak giza ingurumenari buruzko nazioarteko lehen konferentzia egin zuen, Stockholmen. Handik sortu zen, urtebetera, NBEren Ingurumenerako Programa (PNUMA).

1979. Genevan, klima aldaketari buruzko lehen nazioarteko konferentzia egin zuten.

1983. NBEren Garapen eta Ingurumen Batzordea sortu zuten (CNUMAC).

1988. Klima aldaketaren inguruko adituen gobernu arteko taldea (IPCC) eratu zuten, mundu osoko zientzialari eta adituekin.

1990. IPCCk klima aldaketa agerian uzten zuen froga zientifikoz betetako lehen ikerketa txostena aurkeztu zuen, Suedian.

1992. Klima aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena onartu zen. Printzipio adierazpen hori 1994ko martxoaren 21ean jarri zen indarrean. Urte berean, ekainean, Lurraren Goi Bilera egin zen Rion (Brasil), eta han adostu zuten hitzarmen esparru bat, behartzeko klima aldaketaren eragileak gas isurketak murrizteko neurriak hartzera.

1995. Parteen Lehen Konferentzia (COP1) egin zuten Berlinen. NBEren Esparru Hitzarmenaren organu gorena da konferentzia, haren betetze maila ikuskatzeko aldian behin elkartu ohi dena.

1997. Abenduaren 11n, COP3aren barnean, Kyotoko Protokoloa adostu zuten. Aurrekorik gabeko itun historikoak industrializatutako 38 herrialde eta Europako Batasuna behartu zituen 2008 eta 2012 artean %5 gutxitzeko gas isurketak 1990eko kopuruekin alderatuta.

1998. Europako Batasuneko (EB) herrialde guztiek sinatu zuten Kyotoko Protokoloa.

2006. Otsailean indarrean jarri zen Kyotoko Protokoloa. Errusiak bat egin zuen, eta kanpoan geratu ziren AEBak, Australia, Txina eta India. Oslon CO2ren isurketak salerosteko lehen poltsa sortu zen, eta COP12ak, Nairobin, Kyotoko Protokoloa berrikusten hasteko konpromisoa hartu zuen, 2008an.

2007. IPCCk txosten bat aurkeztu zuen ohartarazteko klima aldaketa prozesu eztabaidaezina zela eta haren ondorioetako batzuk «itzulezinak» direla. Balin, COP13an, akordio bat lortu zuten Kyotoko Protokoloaren ordezko bat negoziatzeko 2012an.

2009. Kopenhagen, COP15ean, herrialdeen arteko desadostasunak agerian geratu ziren, eta ez atzera ez aurrera utzi zuten NBE klimaren aurkako borrokan.

2010. Cancunen, COP16an, Funts Berdea eratu zuten, herrialde pobretuei laguntzeko garapen ekonomikoa lortzen ahalik eta gas gutxien isuriz.

2011. Durbanen, COP17an, azken uneko akordio bat lortu zuten, 2015erako Kyotoren ordezko izango zen akordioa lortzea aurreikusten zuena. Urte berean, Kanada Kyotoko Protokolotik irten zen.

2013. Varsovian, COP19an, Kalte-ordainen Sistema adostu zuten, herrialde industrializatuek dirua jartzeko klima aldaketaren ondorioak pairatzen dituzten herrialde pobretuei laguntzeko.

2014. Urrian EBk konpromisoa hartu zuen 2030erako energia berriztagarriak garatzeko eta isurketak %40 murrizteko. Txinak eta AEBek azaroan hitzartu zuten klima aldaketaren aurka borrokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.