Beste astebete luzatu dute 'mozal legearen' erreforma prozesua

Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko Mahaiak 39. aldiz luzatu du mozal legearen erreforma proposamenari zuzenketak aurkezteko epea. Beraz, Espainiako Gobernuko koalizioko kideek gutxienez beste astebete izango dute zuzenketa bateratu bat aurkezteko. Erabakia ez da izan EAJren gustukoa. «Ez al zuten esan desblokeatu egingo zutela?», galdetu du jeltzaleen bozeramaile Aitor Estebanek. Izan ere, PSOEko eta Unidas Podemoseko kideek aurreratu zuten aste honetan onartuko zutela tramitazioak aurrera egitea.

«Urtebete daramate horrela. Iragarpen asko, eta ekintzarik ez», adierazi zuen Estebanek, Espainiako presidente Pedro Sanchezek aferaren inguruan eginiko azken hitzen ostean. Hilabete hasieran izan zen. Orduan, Sanchezek PSOEren Kongresu Federala baliatu zuen aldarrikatzeko gobernuaren lehentasunetako bat dela Herritarren Segurtasunerako Legea, PPk 2015ean onartutakoa, bertan behera uztea.

Hitz horien harira, Unidas Podemosek sozialistei eskatu zien ez blokeatzeko erreforma proiektuaren aurrerapena. Atzoko bileraren emaitza, baina, bestelakoa izan zen. Bi alderdiek azaldu zutenez, astebeteko epea eman diote elkarri zuzenketa bat adosteko. Migratzaileen berehalako itzultzeen aferak, ordea, bi aldeen arteko akordioa zailtzen du.

Iazko martxoan hasi zuen bidea mozal legearen erreforma proiektuak, EAJk aurkeztuta. COVID-19ak eragindako pandemiak lehenik, eta PSOEk lehentasuntzat hartu ez izanak gero, urtebete baino gehiago luzatu dute legea moldatzeko prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.