Ibaietako ura jariakor, isuriak ere hala

Ibaietan udan izaniko isurien berri eman dute Uraren Agentziak eta Eguzkik. Azken isuria Pasaian gertatu da, eta adituak ikertzen ari dira

2017ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Azkenaldian, Hego Euskal Herriko ibaietan isuriak izan dira; uztailean, esaterako, Uraren Euskal Agentziak hogei bat abisu jaso zituen ustezko isurketengatik. Isuri bakoitza mota eta ezaugarri jakin batekoa izan da, eta kausa ere ez da bera izan kasu guztietan, Uraren Agentziak jakinarazi duenez. Aste honetan bertan, Pasaian gertatu da isuri bat, eta gehiago ere izan dira uztailean. Eguzki talde ekologistak ere salatu du uztaileko azken hamar egunetan lau isuri izan direla ibaietan; besteak beste, Bilbon, Agurainen eta Laudion (Araba), eta Amezketan (Gipuzkoa).

Pasaiakoa izan da Uraren Agentziak jaso duen azken abisua. Portuan orban zuri bat agertu zen asteartean. Agentziako ikuskariek azterketa egin ondoren, uste dute ur fekalen isuria izan dela, baina oraindik abian dago ikerketa, ez baitakite Pasaiako saneamendu sareak eraginik izan ote duen; Pasaiako Udalarekin elkarlanean ari dira ikerketak egiten.

Pasaiakoa ez da izan azken boladan Uraren Agentziak egin duen azterketa bakarra. Bilbon hidrokarburo-isurketa kasu bat aztertu zuten, Olabeaga inguruan; ezin izan dute zehaztu isuriaren iturria.

Uztaileko bigarren hamabostaldiakzeresana eman zuen Hego Euskal Herriko ibaiei begira. Bilbon izan zen lehen isuria, uztailaren 18an. Nerbioi ibaian hainbat isurki ikus zitezkeen; besteak beste, olio orban bat, plastikoak eta konpresak. Kausa zein izan zen zehatz argituta ez badago ere, Ibaizabal-Nerbioiko itsasadarrean dagoen kolektoreren batetik etor daitekeela uste du Eguzkik. Salatu dute ez dutela inolako azalpenik eman kasuan ardura dutenek: Bilboko Udalak, Ura ren Agentziak eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak.

Hurrengo egunean izan zen beste isuri bat, uztailaren 19an,Zadorra ibaian, Agurain parean. Urak kolore iluna hartu zuen, eta hondakinak ikus zitezkeen uretan. Uraren Agentziak jakinarazi zuenez, Aguraingo araztegiko sarrerako ponpak izandako akats baten ondorioz gertatu zen; ura tratatu gabe isuri zen araztegitik Zadorrara. Aguraingo araztegian maiz gertatzen dira ustekabeko isuriak, eta Zadorra ibaia aztertzen ari direla adierazi du Uraren Agentziak, arazketa azpiegitura berriak egin arte. Eguzkiren ustez, erakundeek ezin dute besoak gurutzatuta jarraitu araztegi berria eraiki bitartean; izan ere, egun ezinbestekoak dira araztegian isurketak gertatzen direnerako abisu sistema automatikoak eta horien kontra jarduteko protokoloak.

Nerbioi ibaitik bigarren abisua jaso zuten uztailaren 21ean, Laudio parean. Arrainak agertu ziren hilda ibaian. Uraren Agentziak azaldu zuenez, uretako oxigeno falta izan zen arrainak hiltzeko arrazoia, baina, Eguzkiren arabera, Nerbioira egiten diren isuriengatik gertatu zen ezbeharra.

Uztaileko azken isurketa Amezketan gertatu zen, hilaren 28an. Izen bereko erreka gorriz tindatuta agertu zen goizean. Uraren Agentziak baieztatu zuenez, herriko paper fabrikaren isurketa bat izan zen, matxura baten ondorioz. Ustezko arduradunei neurri zuzentzaileak hartzeko eskatu zien agentziak, berriro ere horrelakorik gerta ez dadin; halako kasuetarako dagozkion espedienteak abian jartzea da asmoa. Eguzkiren arabera, Amezketan gertatutakoa akats bikoitza izan zen: matxurarena bat, eta matxurak gertatzen direnerako segurtasun sistemarena bestea, tintak ibaira isurtzea eragotzi behar baitzuen sistema horrek. Oria arroan, maiatzean, beste antzeko isurketa bat gertatu zen Zizurkilgo paper fabrikan (Gipuzkoa).

Isurketen arazoan, Uraren Agentziak gogoratu du herritarren parte hartzea garrantzitsua dela, eta eskatu du ibaietan antzematen den edozein isurketa edo anomaliaren berri emateko, protokoloak abian jar ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.