Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Legebiltzarrak Espainiako aurrekontuak gaitzetsi ditu, baina ez EAJ-PP ituna

Publizitatea

Politika

Legebiltzarrak Espainiako aurrekontuak gaitzetsi ditu, baina ez EAJ-PP ituna

Madrilgo aurrekontuak arbuiatzeko bat egin dute Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta PSEk. Agerian geratu da Jaurlaritzako bazkideen zatiketa
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean.
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ/ ARP.

2017-05-19 / Edurne Begiristain

Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuaren 2017ko aurrekontu proiektua. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk bat egin dute legebiltzarrean Rajoyren aurrekontuen aurka. Azken urteotako «berdintasunik eza» sendotzen dutelako, herritarren beharrei erantzuten ez dietelako, eta «murrizketak» bere horretan uzten dituelako gaitzetsi dituzte aurrekontuak hiru alderdi horiek, proposamen batean. EAJk eta PPk, aldiz, ez dute babestu gaitzespen ebazpena, eta Madrilen lortutako akordioa defendatu dute biek ala biek. Modu horretan ezohiko argazkia utzi du eztabaidak: Eusko Jaurlaritzako bazkide diren EAJren eta PSEren arteko zatiketa.

Joan den maiatzaren 3an lortu zuten PPk eta EAJk Espainiako aurrekontuen inguruko akordioa, eta adostasun hori hizpide izan dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eraman dituzte bilkurara EAJren eta PPren arteko akordioak eta Espainiako aurrekontuak gaitzesteko proposamen bana. Bakar batek ere ez du aurrera egin, eta PSEk aurkeztutako osoko zuzenketaren lehen puntua izan da azkenean onartu dutena. Sozialisten testuak ez dio aipamenik egiten EAJren eta PPren arteko akordioari, baina kritikoa da oso Madrilgo aurrekontuekin. Susana Corcuera sozialistak azaldu duenez, aurrekontuek «espainiarrei eta euskal herritarrei kalte egiten dietelako» gaitzetsi dituzte.

Sozialistek, baina, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen jarreretatik aldendu eta diskurtso propioa defendatu dute. Bi alderdi horiekin akordio bat egiteko aukera zuen PSEk, baina Corcuerak hasieratik baztertu du eskaintza. Esan du «susmoa» duela EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen benetako borondatea ez dela aurrekontuak gaitzestea: burujabetza defendatzea egotzi dio koalizio subiranistari, eta akordiorako benetako borondaterik ez izatea, berriz, Elkarrekin Podemosi.

EAJ PPren «konplizea»

EAJk eta PPk Espainiako aurrekontuen inguruan Madrilen lortutako akordioa izan da osoko bilkuraren eztabaidaren muina. Eta kritika zorrotzenak bi alderdi horiek entzun behar izan dituzte. EH Bildutik Larraitz Ugartek jeltzaleei egotzi die «ustelkerian zeharo murgilduta» dagoen alderdi eta gobernu baten aurrekontuak babestu izana. Gogoratu du aurrekontuek kutsu «politikoa» dutela eta ez direla «aseptikoak». Hala, EAJk PPrekin hitzartutakoak, besteak beste, «austeritate politikak eta murrizketak» sendotu eta zerbitzu publikoak «deuseztatuko» dituela salatu du Ugartek: «EAJ horren guztiaren konplize bihurtu da PPri eman dion babesarekin».

Sozialisten jarrera salatu du, berriz, Elkarrekin Podemosek. Jon Hernandezek azaldu du PSEren babesa lortzen saiatu dela bere taldea, baina sozialistek lehenetsi egin dutela EAJrekin duten gobernu akordioa eta uko egin diotela jarrera argiago bat azaltzeari. EAJri, berriz, PPren politiken «konplizea» izatea aurpegiratu dio.

Kontraerasoan erantzun du Joseba Egibar jeltzaleak hitza hartu duenean. «Gutxieneko ausardia politikorik» ez izatea leporatu die aurrekontu akordioa kritikatu dutenei: «Logika eta koherentzia baten barruan jokatu nahi izan bazenute, hona ekarri beharko zenukete EAJk eta PPk lortu duten akordioaren gaitzespena».

Egibarrek azaldu du Madrilgo negoziazioetan EAJk «agenda politikoa» jarri zuela mahai gainean, eta akordioa lortu dela Espainiako Gobernuak «behar handia» zuelako. Horregatik ez ditu ulertzen jeltzaleek jasotako kritikak, eta hordagoa bota die gainerako taldeei: «Akordioa lortu bada, non dago arazoa? Zergatik ez duzue akordio hori gaitzesteko proposamenik ekarri eztabaidara? Bada, ez duzuelako ezer esateko».

PPk, berriz, ez du berritasunik ikusi eztabaidan. Anton Danboreneak uste du EH Bilduren helburua dela EAJ kritikatzea PPrekin ituna egin duelako, eta Elkarrekin Podemosena, berriz, PSE astintzea Jaurlaritzan dagoelako. «Itxurak egitea» egotzi die PPkoak aurrekontuak kritikatu dituzten taldeei.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak