«Konponbide gosez», presoen aldeko baraualdia abiatu dute

Hiriburun eginen dute baraualdia lau gaztek, uztailaren 22ra arte. Gazteriaren babesa nahi dute
Atzo aurkeztu zuten lau gazteek baraualdiaren egitasmoa, Hiriburun.
Atzo aurkeztu zuten lau gazteek baraualdiaren egitasmoa, Hiriburun. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 9
Gatazkaren konponbidearen aldeko ekimenak areagotuko dira ondoko egunetan. Bihar, Bakegileen ordezkaritza bat Parisen izanen da instituzio eta talde politikoekin bilkurak egiteko; Paxkal Elgartek euskal kosta zeharkatuko du igeri atzo hasi eta uztailaren 14ra arte, eta lau gaztek baraualdia abiatu dute euskal presoen eskubideen alde. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Hiriburun (Lapurdi). Uztailaren 22ra arte egonen dira jan gabe, «konponbide gosez». Beren helburua Ipar Euskal Herriko gazte kolektibo anitzen babesa lortu eta denen artean abenduaren 9rako Parisen antolatua den mobilizaziora deitzea da.

«Jatorri eta engaiamendu» esparru ezberdinetako gazte gisa aurkeztu dute beren burua lau gazteek. «Gure herriaren geroaz arduratzen gara, eta geroari itxaropenez so egin nahi diogu». Aietetik gaur arte euskal gatazkaren konponbide prozesua aitzinarazi duten gertakariak «interes handiz» segitu dituztela adierazi dute, eta «garrantzitsutzat» jo dituzte. «Espainiako eta Frantziako estatuek, ordea, ez dute erakutsi bake prozesuan inplikatzeko borondaterik, eta blokeo egoerari eutsi diote», deitoratu du Ainhoa Sarasua ekimeneko parte hartzaileak.

Apirilaren 8ko eguna «mugarri» gisa ikusten dute, eta Bakegileen irakurketarekin bat egin dute: «Euskal presoak askatzeko bidean, aplikatzen zaien salbuespen legedia bukatzea da hurrengo urratsa». Gazte gisa beren «ekarpena egiteko» erabaki dute baraualdia hastea, «euskal presoen larrialdi egoeraren isla» izateko xedearekin. Gazteriarekin harremana izateko ere baliatuko dute egitasmoa: «Ipar Euskal Herriko besta batzorde, gaztetxe, alderdi, erakunde eta norbanakoei, euskal presoen eskubideen aldeko Gazte adierazpenarekin bat egitea proposatuko diegu». Sakabanaketa politika etetea, larriki eri diren presoak askatzea eta baldintzapeko askatasuna aplikatzea eskatu dute testu horretan, eta dei egin dute abenduaren 9rako Parisen antolatua den mobilizazioan parte hartzera.

Gizartearen babes bila

Gazteentzako egitasmoa izanik ere, gizarte osoan eragin nahiko lukete. Bi astez, Bakegileen izenean bake prozesua babestu duten gizarte zibileko eragileen ordezkariak Hiriburura joanen dira, gazteei babesa erakustera. «Horietako batzuek 24 orduko baraualdia eginen dute gurekin batera», azaldu du Sarasuak. Atzo berean, Jean Daniel Elixiri elkartasun elkarteen zuzendaria eta Txetx Etxeberri bakegile eta Bizi mugimenduko koordinatzailea egon ziren gazteekin.

Halaber, egitarau zabala osatu dute bi asterako: egunero, elkarretaratzea eginen dute 19:00etan, eta, uztailaren 14an eta 21ean, Baionan, Maulen eta Donibane Garazin mobilizatuko dira. Horrez gain, hitzaldiak, film proiekzioak eta eztabaidak izanen dira baraualdiak irauten duen bitartean. Atzo, esaterako, Orain bakea dokumentala proiektatu zuten Etxeberriren aurkezpenarekin, eta, iluntzean, hitzaldia eman zuen Mixel Berhokoirigoinek.

Baraualdiaren gunean, presondegiko zelda bat ere ezarri dute, neurri errealetan. «Hona etorriko direnei, minutu batzuez barnera sartzera proposatuko diegu, 27 urte horrelako leku batean daramaten presoek zer bizi duten ikus dezaten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna