Espetxeratu egin dituzte Amurrion eta Gasteizen atxilotutako bi gazteak

Espainiako Auzitegi Nazionalak «sustantzia lehergaiak, sukoiak edo su eragileak» edukitzea egotzi die Galder Barbadori eta Aitor Zelaiari

Erredakzioa
Gasteiz
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Auzitegiko epaileak espetxera bidali zituen atzo iluntzean Galder Barbado eta Aitor Zelaia, Ertzaintzak bezperan Araban atxilotutako bi gazteak. Berri agentziek jakinarazi dutenez, «sustantzia lehergaiak, sukoiak edo su eragileak» edukitzea egotzi die Maria Tardon epaileak, eta ikerketako iturriak aipatuz esan dute 2014. eta 2015. urteetan gertatutako zenbait eraso daudela atxiloketa eta espetxeratze horien abiapuntuan.

Ertzaintzak «piroteknia materiala» zeukan biltegi bat aurkitu zuen duela hiru hilabete Duran (Araba), eta, esan dutenez, bi gazte horien hatz markak agertu ziren material hori gordetzeko zuten bidoi batean —25 eta 26 urte dituzte, hurrenez hurren—. Amurrion (Araba) atxilotu zuten Barbado, eta Gasteizen Zelaia. Bien etxebizitzak miatu zituzten herenegun, eta beste bat ere bai Amurrioko Delika auzoan.

Ernai gazte antolakundeak eman zuen atzoko espetxeratze aginduen berri. «Irmoki salatzen dugu EAJren zipaioek Galder eta Aitorren atxiloketa eta espetxeratzean jokatu duten papera», adierazi zuten ohar batean: «Kazetariz mozorrotutako borreroen ahoetatik eraikitako akusazioaren ondorioz, Auzitegi Nazional faxistaren eskuetan utzi dituzte bi euskal gazte».

Altsasuko auzia, Julen Ibarrolaren eta Alfredo Ramirezen espetxeratzeak eta 2013ko Gazte Danbadaren ondoren Ernaiko hainbat kide auzipetu izana adibide gisa jarrita, ohartarazi duteondo ezagutzen dutela «errepresioaren modus operandi-a»: «Errepresioaren zurrunbiloan ito nahi gaituzte. Baina kalkulu okerrak egin dituzte berriro ere, eta oraindik ez diote herri honi neurria hartu».

Manifestazioa, gaur

Sortuk mobilizaziorako deia egin zuen atzo espetxeratze «eskandalagarri» horiek salatzeko —bat egin zuen Ernaik ere—. Manifestazioa egingo dute gaur, Gasteizen (18:30), Correosen egoitzaren aurrealdetik abiatuta. Utzi bakean Euskal Herria, euskal gazteria kalera leloa izango du martxak.

Atxiloketen berri izan ondoren, elkarretaratzeak egin zituzten herenegun Gasteizen eta Amurrion ere. Atzo ere izan ziren protestak, eta, espetxeratzeen berri izan orduko, hainbat lagun autoz atera ziren kalera Amurrion, erabakia salatzeko, Aiaraldea.eus agerkariak jaso zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.