Bigarren atala 'Bidegi auzian'

Berriro auzitara joko du Gipuzkoak, Arlabango tunelean egin gabeko lanak pagatu zirelakoan.

30 milioi eurotik gorakoa da salaketa jadanik
Arlabango tunelean ia hormigoi erdia falta dela salatu dute.
Arlabango tunelean ia hormigoi erdia falta dela salatu dute. RAUL BOGAJO / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko maiatzak 7
Beste salaketa bat aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegik egin gabeko obrengatik diru gehiago pagatu zuelakoan. AP-1 autobideari dagokio oraingo salaketa ere, baina beste tarte bat da: Arlabango tunelean sinatu baino lan txikiagoak egin zituztela adierazi du. Ia hormigoi erdia falta da, aldundiak dioenez. Arlabanekin lotutako beste salaketa bat ere jarriko du: Arabako zatiko obra batzuk Bidegik pagatu zituela. Hiru lagun salatuko ditu: Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti, eta bi enpresa eraikitzailetako kideak. Arduradun politikorik ez dute salatuko. «Oraingoz».

Arrasate-Eskoriatza arteko lanengatik jo du orain arte auzitara Gipuzkoako Foru Aldundiak; 13,6 milioi euroko iruzurra salatu du. Joan den astean azaldu zuen beste zati bat ere aztertu dutela eta bidegabeko ordainketak topatu dituztela: Arabari zegozkion hamar milioi euro Bidegik pagatu zituela —Arlabango tunela bi herrialdeen artean dago, eta adostu zuten bakoitzak bere zatia pagatzea, nahiz eta Bidegik kudeatu lanak—. Puztutako faktura zela iradoki zuten.

Tunela bera aztertu dute orain, eta egin gabeko lanak aurkitu dituztela azaldu du Larraitz Ugartek, Bide Azpiegituretako diputatuak. Bi kontzeptu ikertu ditu ingeniaritza talde batek: hormen jirako hormigoia eta eusteko zuntza. Ia hormigoi erdia falta da: 29.000 metro kubo agertu dira, 49.000 pagatu zituzten arren. Altzairuzko zuntza are gehiago falta da: bi tona ordaindu, eta 0,3 daude. Dirutan: hormigoitan 5,2 milioi euro falta, eta zuntzetan, 3,2. Hormigoiaren zati bat Arabako zatiko lanei dagozkie —1,3 milioi—.

Hamazazpi milioiko iruzurra salatuko dute denera: egin gabeko lanengatik 8,4, eta Arabako zatiagatik 8,8 milioi —berez 10,1 milioi dira, baina horietatik 1,3 egin gabekoen listan sartu dituzte—. Aurreko salaketa batuta, 30 milioi pasakoa da ustezko iruzurra.

Bidegiko buru tekniko ohia berriz salatuko dute —aurreko kasuan inputatua dago—, eta bi enpresatako kideak ere bai —ez dira aurreko berak—. Arabako kasuaren berri ematean Eneko Goia aipatu zuen aldundiak, baina ez du salatu. Oraingoz. «Auzian nahasitako arduradun politikoen aurka jotzea ez du baztertu aldundiak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna