Lesbianak ere ikusaraztea xede hartuta

Hainbat ekintza antolatu ditu Gehitu elkarteak Martxoaren 8aren harira. Lesbianak eta haien errealitatea ikusarazteko baliatuko dute
Lesbianismoaren aldeko irudi bat.
Lesbianismoaren aldeko irudi bat. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta

2017ko martxoak 8
Zein toki dute lesbianek Emakumeen Nazioarteko Egunean? Nola bizi dute? Euren burua identifikatuta sentitzen dute aldarrikapen orokorretan? Lan eremuan sentitzen dute diskriminaziorik euren hautu sexualagatik? Duela hiruzpalau urte sortu zuten Emakumeen Batzordea gay eta lesbianen elkarte Gehitun, Teresa Castro taldeko kideak azaldu duenez. Lesbianak eta haien errealitatea ikusaraztea du helburu, eta Martxoaren 8a zeregin horretarako aprobetxatzen dute: «Gainontzeko talde eta elkarteekin elkarlanean aritzeak gure errealitatea ikusarazten laguntzen digu». Gainontzeko andreekin bat egin behar dutela garbi du Castrok, ñabardura batekin: emakume izateaz gain, lesbianak direla. «Guztien artean, espazio txiki-txiki bat hartzen dugu; uste dut aldarrikatu behar ditugula gure espazioa eta gure errealitatea».

Izan ere, emakume heterosexualen aldarrikapenen aldean, lesbianenak «pixka bat desberdinak» direla uste du Castrok, nahiz beste askorekin bat egiten duten. «Azken batean, mugimendu feministak edaten du lesbianen mugimendu feministaren emaritik, eta alderantziz». Aldarrikapen orokorren barruan, dena den, zenbaitetan bazterrean geratzen direla sentitzen du Castrok. «Batzuetan, alboratuta sentitzen zara; uste dut gure egitekoa dela geure burua erakustea, existitzen garela aldarrikatzea».

Lanean, zapalketa bikoitza

Daturik ez duen arren, Castrok susmoa du lan munduan zapalketa bikoitza pairatzen dutela emakume lesbianek: emakume izateagatik, eta lesbianak izateagatik. «Batetik, gure soldatak emakume guztiek dituztenak bezalakoak dira: lanpostu beragatik gutxiago kobratzen dugu; bestetik, lanpostu horretan zeure burua lesbiana gisa ikusarazten baduzu, baztertua izateko aukerak areagotu egiten dira».

Castroren ustez, andre guztiei eragiten dien fenomeno bat gertatzen da lan munduan, eta areagotu egiten da lesbianen kasuan: «Andreen sexualitatea ez da existitzen. Beraz, zure lanpostuan lesbiana gisa ikusarazteak sexuarekin harreman jakin bat duen pertsona bezala identifikatzen zaitu lankideen aurrean, eta litekeena da jende askok ez ulertzea». Datu zehatzik ez duen arren, Castroren ustez, besteentzat lan egiten duten lesbianen ehuneko oso handiak erabakitzen du bere burua lesbianatzat ez ikusaraztea, %90 inguruk. «Gehitun hasi berria den neska batek hala esan zidan aurrekoan, ez duela bere burua lesbiana gisa ikusaraziko, badakielako norekin ari den».

Lesbiana zein heterosexual, euren lanpostua arriskuan ikusten dute andreek Castroren ustez. Arriskuan, hain zuzen ere, andre izateagatik: haurdun geldituz gero botako ote dituzten beldur, adibidez. «Zu jomugan jartzeko moduko aitzakiarik baldin badute, argi eduki dardo guztiak zuregana zuzenduko dituztela».

Festa eta hausnarketa

Hainbat ekitaldi ireki antolatu dituzte Martxoaren 8aren harira, ohi bezala; ospakizunerako eta festarako baliatzen dituzte batzuk, eta lesbianen errealitatea ikusarazteko eta hausnartzeko beste batzuk. Hainbat film labur lesbiko emango dituzte etzi Gehituren egoitza nagusian, Donostian, 19:00etan ?solasaldia egingo dute ondoren?. Hilaren 19rako, berriz, txangoa eta sagardotegia antolatu dituzte, andreentzat. Beste zenbait eginak dituzte jada: Bilboko Zinegoak jaialdian emandako Los objetos amorosos filma eman zuten Donostian, Lilatoian parte hartu zuten, eta Euskal Herriko andreen maitasun eta sexu harremanak ardatz dituen Kaixomaitia webgunearen inkestaren emaitzak aurkeztu zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna