Albistea entzun

Paper industriaren hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatu nahi dituzte Bergaran

Urtean 155.000 tona hartuko lituzke, eta Euskadiko Paperaren Klusterra du sustatzaile. Zaldibarrek hondakin horietarako utzitako hutsunea estali nahi du proiektuak. Hirigintza baimena lortuta, ingurumen tramitazioa hasi dute

Papresa enpresaren paper fabrika, Errenterian.
Papresa enpresaren paper fabrika, Errenterian. ARKAITZ ANZA Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi - Iñaki Petxarroman -

2021eko urriak 21

Jakinekoa da Zaldibarko zabortegiaren bezero nagusietako bat paper industria zela. Azken urteotan Errenteriako (Gipuzkoa) Papresa enpresatik dozenaka mila tona lohi eta hondakin joan ziren 2020ko otsailean amildu zen zabortegira. 2018an eta 2019an, 5.800 kamioi baino gehiago bidali zituen Zaldibarrera, zortzi kamioi bete egunero; 160.000 tona paper lohi eraman zituzten. Hondakin horientzako irtenbide baten bila dabiltza paper fabrikak, eta, haiek bultzatuta, proiektu bat martxan jarri nahi dute Bergaran (Gipuzkoa). Bergarako Udalak hasierako oniritzia eman dio Greene Waste to Energy S.L. enpresak bultzatutako egitasmoari, hirigintza bateragarritasunaren ziurtagiria emanda.

 

Elxen (Herrialde Katalanak) du egoitza enpresa bultzatzaileak, eta Jon Arratibel Uranga Tinko Ingeniaritzako ordezkariaren bidez egin ditu tramiteak orain arte. Enpresaren asmoa da urtean 155.000 tona paper hondakin kudeatzea, eta, jendaurrean jarri duten informazioaren arabera, paper errefusak (45.320 tona) eta destintatze prozesuko eta araztegietako lohiak hartuko lituzkete (62.004 eta 47.736 tona, hurrenez hurren).

Pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatuko lituzkete hondakinak. Pirolisia gai kimikoak beroaren bidez deskonposatzen dituen teknika bat da, eta errausketarekin daukan alde nagusia da prozesu horretan ez dela oxigenoa erabiltzen, errekuntzan ez bezala. Pirolisia aplikatu ostean geratuko den zatia errekuntza bidez deuseztatuko dute.

Prozesu horretatik 27.645 tona kaltzio karbonato sortuko lirateke, enpresaren dokumentazioaren arabera. Kaltzio karbonatoa jarduera askotan erabiltzen da: besteak beste, abeltzaintzan eta zementu eta beiraren ekoizpenean.

Proiektua Larramendi Industria Poligonoan jartzeko asmoa dauka enpresak, eta, Bergarako udal arkitektoaren txostenaren arabera, aurreikusitako instalazioaren funtzioa bateragarria da industria jarduerarekin. Hala ebatzi zuen uztailaren 7an sinatutako txostenean. Udal gobernuak (EH Bildu) uztailaren 22an onetsi zuen arkitektoaren ebazpena, eta hala jakinarazi zion enpresa sustatzaileari. Irailaren 30ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Bergarako Udalak proiektuari emandako hasierako onarpena, eta 20 eguneko epea ezarri zuen alegazioak egiteko.

Ekologisten alegazioak

Hain zuzen ere, proiektuarekin kritiko azaldu eta alegazioak egin dituen taldeetako bat da Ekologistak Martxan. Carlos Arribas Ugartek sinatutako alegazioaren arabera, enpresa sustatzaileak hirigintza arauen bateragarritasuna eskatzeko aurkeztutako txostenean ez zuen erakutsi proiektuaren benetako asmoa; izan ere, azaltzen zuen kare ekoizpeneko instalazio bat izango zela. Ondoren, baina, irailaren 23an beste xehetasun batzuk argitaratu zituen EAEko buletin ofizialean, Jaurlaritzari Ingurumen Baimen Bateratuaren tramitazioa hasteko egindako eskaerarekin batera. Orduan, baina, karea ekoizteko proiektua izan beharrean, nabarmendu zuen «hondakin ez arriskutsuetarako jarduera» bat dela. Ekologistak Martxanen iritziz, «hondakinen balioztatze edo errauste bidezko deuseztatze jarduera» bat da egitasmoa.

BERRIAk jakin duenez, Bergarako alkate Gorka Artola Elxen izan da enpresa sustatzaileak bultzatutako proiektuak ikusten. Udalak proiektuaren gainean kezka duela aitortuta, ikerketa bat eskatu diote Fitchner aholkulari enpresa katalanari, izan ditzakeen eraginen berri izan eta, beharrezkoa balitz, ingurumen baimen bateratuaren tramitazioan alegazioak jarri eta neurri zuzentzaileak eskatzeko.

Instalazioetarako 20.000 metro koadroko lursail bat behar dute, eta 16 metroko tximinia bat altxatu nahi dute bertan. Ekologistak Martxan-en ustez, zarata eta usainak ez ezik, kutsadura eta gas toxikoak ere sortuko ditu: dioxinak, furanoak eta metal astunak. Proiektu horrekin 45 lanpostu sortuko liratekeela agindu du enpresak. Lantegia eraiki nahi duten poligonoa Eusko Jaurlaritzaren Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (Spri taldea) kudeatzen du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik egin du jakinarazpena: «Aparteko larritasuna ez duten» kontsultak atzeratuko dira.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan ©Guillaume Fauveau

Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Munilla meza ematen Azpetian (Gipuzkoa), 2019an. ©Javier Etxezarreta / EFE

Donostiako apezpikutza utziko du Jose Ignacio Munillak

Paulo Ostolaza

Ia hamabi urte egin ditu karguan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.