Koronabirusa

Itxialdia eta umeen zaintza ezin uztartuta

Txertatuta dauden gurasoei ukatu egiten diete konfinatutako seme-alabak zaintzeko gaixo baimena. Horren harira, kexu dira gurasoak, «ezinezkoa» baitzaie haurren zaintza eta lana bateratzea.

Haur bat etxean telebistari begira. BERRIA.
Miren Mujika Telleria.
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«9 urteko haurra bi aldiz egon da konfinatuta, eta guk lanera joan behar izan dugu, haurra bakarrik utzita, ez baitigute gaixo baimena esleitu». Maiteren —ez da benetako izena— kasua da hori, baina badira guraso gehiago hala egon direnak. Izan ere, egun ez dago txertatuak konfinatu beharrik, eta, beraz, lana aldi baterako uztea ukatu egiten zaie txertatuta dauden guraso askori.

Bost dira Maiteren familian: senarra eta biak, eta hiru seme-alaba. Azaldu duenez, 9 urteko haurra konfinatuta egonda, beraiei lan egitea egokitu zaie, hartuak baitituzte txertoaren bi dosiak: «Osasun zentrora deitu eta berehala esan ziguten ez zigutela gaixo agiririk emango; medikuarekin hitz egiten ere ez zidaten utzi».

9 urteko haur bat etxean bakarrik uztea legez kanpokoa dela jakitun, Maitek dio «ez dela bidezkoa» gaixo agiririk ez ematea: «Finean, sentsazio txarrarekin joaten da bat lanera». Dioenez, haurra ere «nahiko urduri» jarri zen hasieran, baina hala ere «ondo» antolatzen jakin zutela nabarmendu du. «Gu jaikitzen ginen ordu berean jaikitzen zen, eta etxetik ateratzen ginenean esaten genion ez ziezaiola inori aterik ireki». Eskolatik lanak bidaltzen zizkiotela aipatu du, eta, haren hitzetan, «horrek arintzen zizkion egunak haurrari».

Antzerako egoera batean egon zen Nerea Loiola ere. Hiru haur ditu, eta haren hamaika urteko umeak positibo eman zuen proban: «Etxeko beste denok negatibo eman genuen». Loiolak dio egoera «latza» izanagatik ere osasun etxeko erizain batek esan ziela ez zegokiela gaixo baimenik: «Erizainak garbi adierazi zigun haurrek etxean geratu behar zutela txertatu gabe zeudelako, eta guk lanera joan behar genuela, txertatuta geundelako». Beraz, familia medikuarekin hitz egitea erabaki zuten: «Sekulako konfiantza ematen dit mediku horrek, eta hari azaldu nion nolakoa zen gure etxeko egoera. Gaixo agiria ematea lortu nuen».

«Hutsune handia»

Loiolak azaldu duenez, familia askotan gertatzen ari den «arazo bat» da, eta konponbide bat behar du, lehenbailehen. Kexu da Loiola, hutsune bat sumatzen baitu gizartean: «Ez dut ikusten egoera honen kontrako jarrera irmorik; ez zait iruditzen honen kontra ahotsik altxatu denik. Eta, alde horretatik, hutsune handia sentitzen ari naiz».

Loiolak dio ez dakiela non dagoen egoera hau konpontzeko giltza, baina argi du osasun sistema indartu behar dela: «Baliabideak behar dira osasun sistemak behar bezala funtzionatu dezan eta lehenbailehen eten ditzagun kutsatze kate horiek».

Bat datoz bi gurasoak. Izan ere, biek ala biek diote «ez duela inolako zentzurik» txertatuta dauden gurasoei gaixo baimenik ez emateak eta txertatu gabekoek, aldiz, baimena lortzeko eskubidea edukitzeak. Eta, hain zuzen ere, horretan arrazoi dutela uste du Aitor Montes familia medikuak. «Paradoxa» gisa deskribatu du Montesek egoera hori: «Txertatu gabe daudenek abantaila dute umeen zaintzari dagokionez. Eta horrek ez du ez hanka eta ez buru».

Montesen hitzetan, gaixo agiria eman nahi izatekotan, beste arrazoi edo aitzakiaren bat erabili behar du medikuak: «Gerriko mina, antsietatea...». «Baina hori gure esku dago, eta horretarako astia eduki behar da, baina ez daukagu. Gizarteari dagokio egoera hau arautzeko presioa egitea», azaldu du familia medikuak.

Montesek argi du zaintzaz haragoko arazoa dela: «Arazoa sanitarioa ere bada, txertatuta daudenak berdin-berdin baitira edo izan baitaitezke kutsatzaile». Eta, arrazoi horregatik, Montesek dio bera saiatzen dela egoera horretan dauden gurasoei gaixo agiria ematen.

Montesek, bestalde, azpimarratu nahi izan du osasun langileek ere antzerako egoera «lazgarri» bat bizi behar izan dutela. Kontatu duenez, «endogamikoa» izan ohi osasun arloa: «Nire bikotekidea larrialdietako medikua da; anbulantzia eta helikopteroetakoa». Adibide gisa, 2020ko apirila aipatu du. Haren bikotekideak hilabete bakarrean hamabost guardia egin zituen, «goizetik gauera». Eta hilabete berean berak ere egunero joan behar izan zuen lanera: «Aste Santuan lanera joatera behartu gintuzten». «Gure bi semeak bakarrik geratu ziren, inolako laguntzarik gabe; eskolako laguntzarik ere ez genuen izan».

Tristura handiz oroitzen du medikuak 2020ko apiril hura: «Hiru hilabete behar izan nituen txikiaren irri bat ikusteko». Eta Montesek gehitu du egoera horretan ez zuela «inolako elkartasunik» sumatu : «Jendea gaixo agiria eskatzera etortzen da umeak zaindu ahal izateko, baina hau medikuoi ere gertatzen zaigu».

Osasun langileen haurren egoera «larria» metafora batez ilustratu du Montesek: «Medikuon seme-alabak dira salbuespena. Pasaporte beltza eman zaie; pasaporte beltza goizez eta arratsaldez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.