Kontseilu Orokorraren lur bat erabiltzen ahalko luke Kaskarotenea ikastolak

Ziburuko Herriko Etxeari egin hiru proposamenen artean azkena da egingarriena ikastolarentzat.

Udala ez bertze erakundeen oniritzia du
Hamahiru haur ditu aurten Ziburuko Kaskarotenea ikastolak.
Hamahiru haur ditu aurten Ziburuko Kaskarotenea ikastolak. SYLVAIN SENCRISTO

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko irailak 13
Kaskarotenea ikastolak lehenago aipatu gabeko proposamena egin dio Ziburuko Herriko Etxeari: Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren lur bat erabiltzea. Departamenduko erakundearen oniritzia badu jadanik Ziburuko ikastolak, eta herriko etxearen onespena bertzerik ez zaio falta proposamenari bide emateko.

Ziburuko Herriko Etxeak (Lapurdi) eta ikastolako kideek atzo arratsaldean egin zuten bilkurara hiru proposamen eraman zituen ikastolak: Kontseilu Orokorraren lurraz gain, lehenago proposatu izandako Zokoako Jules Ferry eskola eta Iturribaita eraikina erabiltzeko aukera eskatu zituen. Bi horiei ezetza eman izan die Guy Poulou auzapezak bertze bilkura batzuetan, herriko etxearen jabetzakoak zirelako. Hain zuzen, alkateak baldintza hori jarria zion ikastolari: lurra ez zedila Ziburuko Herriko Etxearena izan. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak adierazi duenez, herriko etxeko ordezkariek ez zuten proposamen hori espero, eta baikor agertu da.«Ezarri zituzten baldintza guziak betetzen ditugu, eta baiezkoa besterik ez dugu espero», baieztatu du.

Kontseilu Orokorrak eta aipatutako lur hori kudeatzen duen Donibane Lohizune-Ziburuko badiako herri arteko sindikatuek oniritzia emana dute jada; Donibane Lohizuneko auzapezaren babesa ere badu ikastolak. Hortaz, Ziburuko Herriko Etxearen baimena soilik beharko luke ikastolak, Kontseilu Orokorrarena den lurra erabili ahal izateko.

Azken urte hauetan eskola publikoak hainbat prefabrikatu ezarriak zituen Kontseilu Orokorraren lurrean. Izan ere, Marinelako eskola publikoa obretan den bitartean Zokoako Jules Ferry eskolan daude hango haurrak. Kontseilu Orokorraren lurra Jules Ferry eskolaren aitzinean dago, eta hura erabiltzeko denbora baterako baimena zuen eskola publikoak. Marinelako eskolako obrak bukatuta, alta, ez dute gehiago erabili beharko.

Aisialdi zentroaren aitzakia

Ziburuko auzapezak Kontseilu Orokorraren lur horretan aisialdi zentro bat egiteko asmoa zuela erran dio ikastolari. Alta, Gorostiagaren arabera, herriko etxeak ezinen luke nahi hori burutu. Izan ere, Kontseilu Orokorreko lurra Portuarena da, eta, beraz, erabilera «ekonomikora» bideratua dago. Ondorioz, aisialdi zentrorik ezinen litzateke eraiki; bai ordea, ikastola. Gainera, ikastolak Kontseilu Orokorraren oniritzia du, eta herriko etxeak ez du oraingoz halakorik aisialdi zentroari begira.

Dena den, Gorostiagak azaldu du aisialdi zentroa izanik ere, ikastola eta aisialdi zentroa «bateragarriak» liratekeela. Adibide gisa jarri ditu bertze ikastola batzuk, Azkaine, Uztaritze edota Senperekoa, erraterako. Azaldu duenez, «eskolaz kanpoko orduetan aisialdi zentro gisa erabiltzen dira» herri horietako ikastolak, «beraz, ez dago arrazoirik Ziburun ere ez egiteko».

Proposamenak eginik, Ziburuko Herriko Etxeak erantzuna eman beharko dio orain ikastolari. Herri arteko sindikatuarekin hitz egin ondoren erantzunen duela erran du Poulouk.

Erantzuna baiezkoa izanik ere, ikastolako kideek zehaztu dute ez litzakeela «behin-behineko» aterabide bat bertzerik izanen: «Ez da soluzio ideala guretzako, baina gehiegi irauten ari den gatazka honetatik ateratzea ahalbidetuko liguke». Bitartean, urriaren 17ra arte Marinelan segituko dutela adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna